Munduko kapitalismoaren elitea Davosen elkartu da egunotan, eurei etekinak eman bazterkeria sortzen duten politikak nola mantendu aztertzeko. Bitartean, Aita Santuak elkarrizketa luzea izan du El País egunkariarekin, Vatikanoaren diplomazia nolakoa den agerian utziz.
Aita Santuari “kezka” sortzen dio “talde txiki batek munduko fortunaren %80 izatea”, baina bere hitz diplomatikoak ez dira harago joan. Galdetu diote ea gobernuak neurrian erantzuten ari diren migrazioen arazo larriaren aurrean, eta Aita Santuak erantzun: “Norberak ahal duena edo nahi duena egiten du. Zaila da horri buruz iritzia ematea. Baina bistan da Mediterraneoa hilerri bat bilakatu izanak zer pentsatu eman behar digula”.
Milaka hiltzen dira Mediterraneoan. Ez al dago arduradunik migratzaile esportatzaile diren herrialdeetan gerrak sustatzen dituztenen artean? Zergatik ezkutatzen ditu arduradunak Aita Santuak? Zergatik ez du gehiago zehazten, esaterako “terrorismoa” kondenatzen duenean bezala?
Elkarrizketan ez du “kapitalismo” hitza aipatu ere egiten. Une batez, Hego Amerikaz ari denean, esaten duen ari dela jasaten “liberalismo ekonomikoaren enbata”. “Nik Evangelii Gaudium-ean [Francisco Aita Santuak 2013an egindako erregu apostolikoa] kondenatu egin dut, ekonomia horrek hil egiten baitu, hiltzen du gosez, kulturaz…”. Sistema ekonomiko horren erdian “Diru jainkoa” dagoela dio, eta “bazterkeria politika handiak” egiten direla bere kontura. Baina hala ikusten badu, zergatik ez ditu kondenatzen kapitalismo hori gestionatzen duten munduko gobernuak eta haien arduradunak? 2016an Mediterraneoko tragediak 5.000 hildako utzi zituen. Hainbeste diplomazia vatikanoar soberan dago, benetakotasun profetikoa falta da.