Gazteraiki topaketak Baraņainen

Teoriatik praktikara, proiektu berriak lantzen

  • Gazte mugimenduek praktikarako salto kualitatiboa eman dute. Urtebeteko lanak proiektu berriak jarri zituen mahai gainean abenduko bigarren asteburuan Barañainen eginiko Gazteraiki topaketetan. Euskal Herri osoko mila gazte bildu ziren gazte mugimenduek eman beharreko hurrengo pausoak aztertu eta ondorioak ateratzeko. Bertan zer hitz egin zuten eta aurrera begira zer asmo duten kontatu digu Xalbador Ramirezek.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa
2017ko otsailaren 05a
Topaketetara gerturatutako gazteak,
Topaketetara gerturatutako gazteak, "Gu geu gara alternatiba" liburuxska eskuetan dutela. (Argazkia: Topatu)

Lana hamabi talderen artean banatu dute: sorkuntza, lana, komunikazioa, kirola, jai ereduak, gaztetxe mugimendua, feminismoa, euskara, etxebizitza, elikadura burujabetza, hezkuntza eta autodefentsa. Bakoitzak bere bidea eginez, eztabaidak identifikatu eta proiektu posibleen inguruan lan egiteko.

Topaketen jatorriaren bila hasteko urtebete gehiago egin behar da atzera, 2015eko abenduaren 19ra. Orduan, Añorgako Firestone lantegi berreskuratuan proiektu ezberdinetatik iritsitako 60 gazte inguru bildu ziren. “Alternatiba errealak” sortzearen aldeko apustua egin zuten gazteek.

Hilabetetako lanaren ostean, urrian “transbertsalitatearen eguna” ospatu zuten, lan talde bakoitzak aurrera eramaniko proiektuen berri emateko. Abenduan Barañainen landuko zutenaren oinarria. “Parte hartzaile guztiek zein proiektuen gainean eztabaidatuko zuten jakitea nahi genuen”, dio proiektuaren lehen egunetik lanean aritu den Xalbador Ramirezek.

Denbora horretan “onerako eta txarrerako” taldeak autonomoak izan dira, Ramirezek dioenez. Bakoitza bere erritmoan eta bere beharren arabera mugituz. Feminismoaren inguruan aritu den taldeak bost lagun inguruko lau azpitalde izan dituzte eta beste batzuek lau partaide guztira. “Antolaketa ereduaren inguruan badugu zer hausnartu”, dio, “horizontaltasun horretan dauden gauza on eta txarrak kontuan izateko”.

Ramirezen arabera: “Ez genuen nahi eztabaidak bakarrik egingo lituzken proiektu bat, horrelakoak aurretik egin dira”. Bi oinarri nagusi hartu zituzten hasieratik: autogestioa eta gazteak. Gazte mugimenduak aisialdiaren eta kulturgintzaren inguruan mugitu dira eta beste esparruetan ere “autogestioaren bidetik” lan egitearen alde egiteko beharra azpimarratzen du. Proiektuaren beste hanka gazteak dira eta beraien beharren arabera antolatzea ezinbestekotzat jo dute: “Gazteok baditugu behar espezifiko batzuk. Horrela, gazte boterearen eraikuntza gure bizitza ekonomiko, kultural, sozial eta politikoak gure gain hartu eta errespetarazteko prozesua dela deritzogu”.

Proiektu zehatzak, behar zehatzetarako

Lantalde bakoitzak bere proiektuak abiarazi ditu, guztira hemezortzi. Hauen errepasoa egitean Ramirez izan dugu gidari:

Gaztetxe mugimendua: aisialdian eta kulturan zentratu izan dela azaldu dugu lehenago, horregatik hau “birdefinitzeko” taldea sortu zen. Horretarako gazte mugimendu guztiari zuzendutako urratsak eman nahi dituzte, oinarrian dauden kultur mugimenduetatik abiatuta.

Elikadura burujabetza: askotan gizartean, baita gazte mugimenduetan ere, elikatzeko era albo batera uzten da, ezjakintasuna edo erosotasuna medio. Horregatik, lan talde horrek Euskal Herriko nekazarien gida jarri zuen helburu gisa. Gazte mugimenduen inguruan egiten diren ekintzetan elikadura burujabetza bermatzeko proiektua da. Bertan modu jasangarrian ekoizten duten nekazarien zerrenda egin nahi dute. Helburua bikoitza da: nekazari gazteak saretu eta gazteak kontzientziatu.

Etxebizitza: honen inguruan bi proiektu nagusi sortu dira: emantzipazio bulegoak sortzeko gida eta etxegabeon etxea. Lehenak, problematika honek gainontzekoekin duen lotura estua kontuan izanik, emantzipatzen laguntzeko gida izan nahi du. Idatzita egon arren, erabilera egokiaren bila dabiltza, esku egokietan jarri eta lanari ekiteko. Etxegabeon etxeak ere bide beretik jotzen du, webgune baten bidez (etxegabeonetxea.eus) gaiaren inguruko dinamika eta proiektuak saretzeko.

Euskara: “zapalduen hizkuntza” hitzak erabili ditu euskalduntze gida sortu duen taldeak hizkuntza definitzeko. Hau ere jada idatzirik dago, tresna erabiltzeko modu egokiena aurkitu zain. Euskal Herri borrokalariaren oinarrietako bat euskara da eta horretarako hizkuntzarekiko jarrera aldatzeko beharrean dago mugimendua, egileen ustez.

Feminismoa: lan horretan barneratu den lan taldea izan da guztietan handiena, “iraultzaren lurzorua” behar duen pentsaera. Hiru hanka izan dituen lana egin dute: gaiaren inguruko plataforma birtuala, talde osasun gida eta udaleku feministak. Plataforma birtualaren bidez baliabide pertsonal eta materialak bildu nahi dituzte, hausnarketarako eta eztabaidarako foro batek lagundua. Barañainera proiektu zehatzik gabe iritsi arren, bertatik atera zen aurrera egiteko taldea, Euskal Herriko eragile desberdinak batzeko.

Talde osasun gidak xede garbia du: “Militantzia eredu jasangarria”. Gazte mugimenduetan sortzen diren arazoen erantzunak batu nahi dituzte bertan. Bestalde, udaleku feministak daude, neska gazteak bildu eta “espazio feministak sortzeko” geralekua. Oraindik data zehatzik ez izan arren, jada proiektua prestatzen ari dira.

Jai ereduak: jaietan ere “borroka” egin behar dela azpimarratzen da askotan. Horretarako taldeak jai herrikoiagoen alde apustu egin nahi du, kontsumo ereduetatik at. Jai herrikoien konpromisoen gida sortuko dute, zortzi esparru bereganatuko dituena: musika, euskara, parte-hartzea, ekoizleak, zaborra, harremanak eta erasoak, kontsumo eredua eta borroka. Eremu horietako bakoitzak dekalogo bat izango du, jai batzorde edo gazte konpartsek “eraldaketarako tresna” gisa erabili dezaten.

Kirolak: Gizartearen barruan zeresan handia ematen duen jarduera da honakoa, batez ere gazteen artean. Hori kontuan izanda Soin Hezkuntzako Euskal Erakundeko (IVEF) fakultateko ikasle talde bat lanean jarri da. Kirol arloan eztabaidarako oinarri izango den txosten bat kaleratu nahi dute, eredu alternatiboen bidez espazio seguruak sortzeko helburuarekin.

Lana: Gazteen ardura handienetako bat bihurtu da azken urteetan. Gero eta egoera prekarioagoen aurrean daude gazteak. Lan taldeak Hipotekagatik Kaltetutakoen Plataformaren antzeko eredua erabiltzearen alde egin du, baina lan mundura eramanda. Lan baldintza txarren aurrean saretu nahi du, sindikatu gabeko langileak babestu. Adibidez, jada martxan den Iruñerriko Autodefentsa Laboraleko Mugimendua eta bestelako gazte prekarioen espazioak marko komun batean elkartuz, autonomoki lan eginez, baina interes komunekin. Gazte prekarietatearen aurkako mugimendua sortu nahi dute, kontzientziazioa helburu.

Sorkuntza: “Kulturaz gozatzeko” eredu berrien bila abiatu zen Firestonetik talde hau. Bi hanka musika, artea edo ikuskizunez gozatzeko: kultura askea eta autogestioa. Bi aldetako lana da ikuskizunak sortzea, antolatzaile eta sortzaileena. Biek eskubide eta betebeharrak dituzte. Horretarako praktika onen gida bat behar dela uste dute. Halere, taldeak martxan duen proiektu nagusia sortzaileen saretzea da, Euskal Herriko sortzaile autogestionatuak bilduko dituena. Bestetik, kulturaaskea.eus ataria tresna gisa nola erabili aztertu zuten.

Hezkuntza: etorkizunaren oinarri denak ere talde propioa izan du. Kasu honetan jada sortuak dauden mugimendu eta proiektuez aritu dira  topaketetan, “sakontzeko”. Eskola kolektiboak eratzeko proposamena martxan da, “ikuspegi askatzailea garatzeko asmoz”. Nazio eraikuntzara eta jendartearen eraldaketara zuzendutako proiektu errealak dira xedea, bi terminoak unibertsitatearekin lotuz. “Ikuspegi konkretuetatik orokorretara”. Ikerbiltza joango litzateke honekin lotuta, “ezagutzatik boterea egituratzeko” sortu nahi duten ekimena. Ikerketek proiektu eraldatzaileetan eragin dezaketen bultzada kontuan izanik, hauei balore politikoa eta praktikoa eman nahi diete. Unibertsitateko azken mailetako ikasleak ikertzaile bihurtuko dira horretarako.

Ikerketa laborategia ere sortzeko asmoa dute, “proiektu guztiz berria, gazte kolektiboak dituen beharren gainean hausnartuko duena”. Joxemi Zumalabek herri mugimenduekin egiten duen bidetik, arazoak aztertu eta konponbideak bilatzeko tresna izango da. Helburu garbia du: analizatu, epe labur-ertaineko hutsuneak identifikatu eta mugimendua sendotu.  

Autodefentsa: gazte mugimenduen proiektuak defendatzeko landu da. Proiektu zehatzik oraindik martxan ez dagoen arren, helburu zehatza da: “edozein eratako erasoen aurrean defendatzea”.

Komunikazioa: Eginiko guztia komunikatu beharra dago eta horren inguruan hausnartzeko beharra zuten Barañainen. Komunikazio taldeak Topatu identifikatu du tresna nagusi gisa eta eskualde edo herri mailako proiektuekin saretzeko bideen bila aritu dira. Horrekin batera gazte telebistaren sorrera etorriko litzateke, sarearen bidez zabaltzeko.

Halere, Barañainen izan zuten eztabaida handiena militantzia komunikatiboaren figuraren ingurukoa izan zen: “Komunikazioa guztion ardura da, ez da profesionalizatu behar den zerbait”. Komunikazio arloko militantziari ematen zaion balorea kontuan izanik, jarrera komunikatiboa sustatzea ezinbesteko ikusten dute taldean aritu direnek. Era horretan proiektu propioei ateak irekiz.

Aurrera begira

Gazteraikiko asanbladak aurrera jarraituko du, bide beretik, sortu diren ildoei babesa emateko, laguntza eskaintzeko. Etorkizunean topaketa berri batzuk, bide berriak irekiko dituztela pentsatuz, espazio berrien bila.

Urtebeteko “prozesu konplexuari” balorazio positiboa egin diete. Molde berriak probatzeko erabili duten prozesua izan da gazteen ustez, “arriskatuz” egin dutena. Aurrera begira bide beretik jarraitzeko asmoarekin, akatsetatik, baina bereziki asmatu duten puntuetatik abiatu nahi dute.

Proiektu hauen helburua erabakiak hartzeko tresnak sortzea dela dio solaskideak: “Lehen urrats handia gazte boterearen eraikuntzan aurrera egiteko. Garbi genuen Barañaingo topaketak ez zirela ezeren amaiera izango”. Esparru guztietan norabide honetan lan egiteko asmoa dute. Horretarako tresna gehiagoren beharra ikusten dute, “hauekin ez da nahikoa”. “Filosofia honen alde egin behar dugu, epe luzerako proiektuak sortzeko, aisialditik eta kulturgintzatik harago”, dio. Arrazoi hauengatik jarri zuten “gu geu gara alternatiba” leloa, “benetako alternatiba gazte mugimenduen baitan dagoelako”. Aurrera begira, “herri eta gazte boterea” kontzeptuen bidez aldaketaren alde egin nahi dute.

“Gazte eta herri boterea erdigunean jarriko duen borroka eredu baten beharra ikusten dugu eta gero eta argiago dugu nondik, norekin eta nola jo. Antolatuago gaude eta kontzientzia gehiagorekin”, dio Ramirezek.

Topatuk egindako bideo erreportajea

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Gazte mugimendua  |  Ernai  |  Aitzina  |  Baraņain

Gazte mugimendua kanaletik interesatuko zaizu...
Euskal Herriko zinema aretorik txikiena irekiko du Bergarako Gaztetxeak

"Euskal Herriko zinema aretorik txikienaren" aurrestreinaldia uztailaren 20an egingo du Dynamo zineklubak Eyharts taldearen ikuskizun batekin; Novedades aretoko 18 aulki, oihal originala eta beste zenbait apaindura ditu, zinema areto baten kutsua emateko.


2018-07-06 | Hala Bedi
Gasteizen hasiko da prekarietatearen aurkako 'Gazte Bira'

GazteBira ekimena, Euskal Herrian Bizi dinamikaren barruan, Hego Euskal Herriko hiriburuak zeharkatuko dituen egitasmoa da, Ernai gazte Antolakundeak aurkeztu duena.


2018-06-26 | Ahotsa.info
Lizarrako Gazte Asanbladak eraikin bat okupatu du

Urte luzeetan zehar Lizarrako Pinupe Gaztetxea gazte mugimenduaren erreferente bat izan eta gero, Lizarrako Gazte Asanbladak okupazio berri bat gauzatzea erabaki du eta Lizarrako erdialdean kokaturik dagoen eraikin publiko batean sartu dira autogestio proiektu bat martxan jartzeko asmoarekin.


Hutsa eta doblea 06
MULTIMEDIA - Blai, gazteon telebista
Hemen duzue Hutsa ta doblea saioaren seigarren atala. Ikasturteko azken saioa izango den honetan, Espainiako Gobernuaren aldaketa eta turistifikazioak euskal lurretan duen eragina izango dute oinarri albistegian. (Ez) kirolak atalean Quidditch-ari buruz hitz egingo dute. Frutak atala ere ez da faltako.

2018-06-13 | ARGIA
Kaiola batean itxi dira zazpi gazte Gasteizen, Altsasuko gazteen atxiloketa salatzeko

Espainiako Gobernuak Gasteizen duen Ordezkariordetzaren aurrean giltzaperatu dira, Altsasuko zazpi atxilotuen argazkiekin.


2018-06-12 | ARGIA
Ernaiko zortzi kide atxilotu dituzte Espainiako Gobernuak Iruņean duen delegazioan kateatzeagatik

Astearte eguerdian, Ernaiko kideak Espainiako Gobernuak Iruñean duen delegazioaren eraikinean sartu dira. Beste batzuk kanpoaldean eraikinera kateatu dira. Espainiako Poliziak zortzi lagun atxilotu ditu.


2018-06-12 | Topatu.eus
Ostegunean Altsasukoen aldeko elkartasun gunea osatzeko deia egin dute Iruņean

Hainbat gazte mugimenduk antolatuta, 17:00etan San Frantzisko plazara joateko deia egin dute, esterilla eta lozakua hartuta.


2018-06-08 | Topatu.eus
Bilboko Irala auzoko Itsaspe Gaztetxea desalojatu du Udaltzaingoak

Orain dela bi aste inguru okupatu zuten hutsik zegoen eraikin bat Bilboko Irala auzoko gazte asanbladako kideek. Ostegun goizean, ordea, Udaltzaingoa lokalaren jabearekin agertu eta desalojatu egin dituztela jakinarazi dute gazteek.


2018-06-01 | Hala Bedi
Entzun 'OkupaTUGasteiz' abestia, Ekaitz Samaniegoren letrarekin

Abestiaren basea Dj Lorok egin du eta ahotsetan Arabako zenbait musikarik parte hartu dute, Ekaitz Samaniego gasteizko preso politikoaren letrekin. Bestalde, urriaren 6ko egun handirako beroketa-lanak egiteko, jaialdia egingo dute ekainaren 10ean Gaztetxean, DJ lokalekin lagunduta.


2018-06-01 | Topatu.eus
Palestinaren alde, Israeli boikot egin diote Itsasuko supermerkatu batean Aitzinako gazteek

Israelen aurkako "Boikota. Desinbertsioa. Zigorra" kanpainarekin bat eginez, Itsasuko Intermarché supermerkatutik jatorri israeldarra duten produktuak atera dituzte ostegun goizean eginiko ekintza batean Aitzinako gazteek.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude