Badator euskal zinemaren uzta berria

  • Film laburretan eta fikziozko film, kontakizun esperimental eta batez ere dokumentalen alorrean urte oparoa izan da 2016a: Oihalak adarretan, Gaur irekiko ditu ateak, Pedaló, Sipo Phantasma, Mara-Mara, Irrintziaren Oihartzunak, Gure hormek… Hurrengo hilabeteetan ere izango da euskal ekoizpenik, 2017ko uzta berrian. Zeintzuk dira estreinatuko diren izenburu aipagarrienak?

'Aundiya' filmak dirudi 2017ko euskal film indartsuenetakoa. Adi, dena den, beti izaten dira sorpresa atseginak-eta.
'Aundiya' filmak dirudi 2017ko euskal film indartsuenetakoa. Adi, dena den, beti izaten dira sorpresa atseginak-eta.

Abenduaren 12an hasi zuten Errementari filmaren grabaketa. Jose Migel Barandiaranek jasotako Patxi Errementaria herri-ipuinaren moldaketa librea izango da, Kandido Uranga, Eneko Sagardoy, Joxean Bengoetxea eta Ramon Agirre protagonista. Paul Urkijo zuzendari gasteiztarraren lehen film luzea “errementari zital bati buruzko baserri giroko ipuina izango da: gizona hain da gaiztoa ezen deabruek ere beldur dioten”. Urkijok lau urte daramatza txikitatik bere ipuin gogokoena izan den horretan lanean; “betidanik egin nahi izan dut horri buruzko pelikula bat”.

Arabako euskara erabiltzea da 'Errementari' filmaren berezitasunetako bat

Filmaren beste berezitasunetako bat hizkuntza da: galduta dagoen euskalki baten traza eman diote, Arabako euskararena. Euskalki hori berreskuratzeko eta ulergarri egiteko, Koldo Zuazo hizkuntzalariaren laguntza izan dute. Estreinaldia 2017ko udazkenerako aurreikusten da.

Aundiya: mitoa eta errealitatea

Loreak eta 80 egunean filmak sortu dituen Moriarti ekoiztetxea dago Aundiya filmaren atzean ere. Kasu honetan, zuzendari lanetan Aitor Arregi eta Jon Garaño ariko dira, “Altzoko Aundiya” ezizenez ezaguna egin zen Migel Joakin Eleizegiren istorioa pantailaratzeko. Bere gorpuzkera handi eta berezia zela-eta, Espainia, Portugal, Frantzia eta Ingalaterrako Gorteetara eraman zuten Altzon jaiotako gizona, errege-erreginek ikus zezaten. Mitoaren eta errealitatearen inguruko gogoeta eskainiko da pelikulan. Ramon Agirre, Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Aia Kruse, Iñigo Aranburu eta Iñigo Azpitarte aktoreek parte hartu dute, besteak beste. Loreaken ibilbide oparoa errepikatzeko gai izango dira?

Sorpresaren zain

Ezin ahaztu Aitor Bereziartua zuzendariaren lehen lana izango dena, Lisbeth. Aranzadirekin elkarlanean sortutako proiektua da, Olatz Retegi Recalde antropologoaren laguntzarekin. 1947an Donostiako Bidebieta auzoko baserri batean jaiotako emakumea du protagonista; gerraosteko errepresio kultural, politiko, ekonomiko eta linguistikoa hurbiletik jasan zuen. Dokumental honen bitartez, iraganaz hausnartu nahi du zuzendariak. Testigantzak eta frogak bilduko dituzte, txikitik abiatuta, gaia era zabalean lantzeko. Intentzioa apirileko Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian estreinatzea da.

'Lisbeth' filmak iraganaz hausnartzeko asmoa dauka joan den mendeko erdialdean kokatutako istorio batekin

Estreinaldi ofiziala iaz izan zen, baina oso zabalkunde txikia izan zuenez, ea aurten Iratxe Mediavillaren Argi ikusteko aukera dugun. 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetako Elorrion kokatutako istorioa kontatuko digu.

Ezin ahaztu Lekeitioko 39. Euskal Zine Bileran ikusitako film labur eta dokumentalak ere. Tartean Natxo Leuzaren N’Diawaldy Bouly, Begoña Vicarioren Beti bezperako koplak eta Maite Bidarte eta Koldo Garciaren Karta astrala.

Aundiya eta Errementari tituluek dirudite, aurretik begiratuta behintzat, izenburu “potoloenak”, baina ez ahaztu iazko sorpresetako bat inork espero ez zuen abentura nautiko surrealista izan zela (Pedaló). Erne beraz datozen asteetan iragarriko dituzten film berriei, eta, batez ere, irailean Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean ikusi ahalko ditugun ezustekoei. Euskal Zine Bileran omendu zuten Benito Ansolak esan zuen bezala, “garrantzitsuena da zinea egitea eta euskaraz egitea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


2024-03-03 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Komunak

Otsaila da iaz ekoiztutako pelikula uzten sari banaketaren hilabetea. Zinemara joateko aitzakiarekin, arkitektura eta hiria oinarri dituen Wim Wenders-en Perfect Days ekarri nahi dut hizketaldira.

Pelikularen sinopsi zabalduan irakurri daiteke komun publikoetan garatzen dela... [+]


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


2024-02-19 | Euskal Irratiak
Graxi Irigarai: «Merkatua oztopo bat da Euskal Zinema Iparraldean hedatzeko»

Hizkuntza gutxituak eta eta Frantziako zine-sistema hartu ditu ikergai Graxi Irigarai baigorriarrak bere tesian. Abenduan aurkeztu zuen bere ikerketa, eta ordutik hamaika mintzaldi eskaini ditu. Oro har, Euskal Zinemak Ipar Euskal Herrian dituen zailtasun eta oztopoak eman ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude