Kosmopolita da getozka, Portulaca oleracea. Munduan barrena hara eta hona hedatu dugu, jakinaren gainean edo azpian, eta toki askotan ondo bizi da. Noranahitarra da, eta edonon nonahikoa. Dakigun guztia bezala, ez dakigu oso ondo nongoa den. Landareez ari garenean, ikaragarrizko joera dugu: hau hemengoa da, hori hangoa, bestea haragokoa...
Landareen harat-honaterako joan-etorriek eta eraman-ekarriek munduaren historiaren soka osatzen laguntzen dute. Soka hori ahulagoa da maiz, alak errioan uzten duen ubera baino; soka baino gehiago albainu da. Hara gero landareak definitzeko premia: hau inbaditzailea da, hori immigrantea, hura hemengoa, beste hau “beti” hemen izan da, horko hori familiako armarrian dugu... Eta armarritik kalapita besterik ezin etorri.
Getozkarekin, adibidez, polita dabil jakintsuen artean. Gaur egun Ameriketan batean eta bestean ederki bizi bada ere, “beti” uste izan da getozka Eurasiako landare bat dela. Arkeologoen lanen ondorioz, ordea, orain badakigu 1492 baino lehenago bazela getozka. Crawford aintziran topatuak dituzte haren polena eta haziak 1360-1650 urte arteko jalkinetan. Oviedo kronistak aipatzen du 1526an Atlantikoaren bi aldeetan bazela getozka. Huron indigenek artoa (Zea mays) eta ekilorea (Helianthus annuus) lantzen zituzten, eta tartean hazten zen getozka ere jaten omen zuten. 1623an Gabriel Sagard izeneko fraide frantses batek lurralde haien deskribapenean argi azaltzen du getozka ugaria zela arto eta kuia soroetan. Fraideak, huronera-frantsesa hiztegia osatzeaz gain, hango berri emanez liburu sorta argitaratu zuen. Non eta noiz jaioa zen ez badakigu ere, inguru hartan Sagard izena jarri zioten herri bati.
Eta bi teoria daude. Baga, naturalena: txoriek jan getozka haziak, eta beren bisitetan hedatu zuten Ameriketara. Biga, antropozentrikoa: Kolon aurretik bikingoek eraman zuten. Baina haien lurraldeetan, ia denak 60º-ko latitudetik gora, ez dago getozkarik (Islandia, Groenlandia, Ternua...). Hirugarrena ere botako dut, beroarena kendu gabe: eta euskaldunek eraman bazuten? Hemen bada getozka, eta han gure arrantzaleak ibilitako lurraldeen inguruan azaldu zen. Kolon aurretik. Eta artoa eta kuia ere lehenago ekarri bazituzten hona? Eta Sagard bera, Sagardi edo Sagardia bazen?