Reinaré en España. Ezkioko elizan. O, my God!

Ezkioko Elizako Jesusen Bihotza. Letra larriz idatzita REINARÉ EN ESPAÑA.

Urteko azken egunean amak azken arnasa eman zuen, eta Urte Berri egunean eman genion lur hileta-elizkizunaren ostean. Hilkutxa aldare aurreraino eraman eta irten egin nintzen hilerrian itxaroteko. Elizan lehen ilaran geratu zen begi zorrotzeko batek espantuka deitu zidan gero Jesusen Bihotza ikusi zuela esanez, REINARÉ EN ESPAÑA mezuarekin! Lagunak biharamuna edo bestondoa izango zuela pentsatu nuen; edota 1931n Ezkion Ama Birjina “agertu” bazen, oraingoa osagarria izango zela agian, edo beste edozer gauza, baina ez egia izan zitekeenik.

 Ba, bai, hantxe dago. Eta bat ez ezik, bi. Aldarearen alde banatan bi atril edo kantore daude, eta atrilaren azpialdea, hau da, ikus-entzuleen aldera dagoena, Espainiako armarria da: han daude lehoia, gaztelua, Nafarroako kateak… Herkulesen bi zutabeen ordez bi aingeru, eta armarri gehiena estaliz Jesusen Bihotza, azpian letra larriz idatzita REINARÉ EN ESPAÑA duela. “Oh là là!, mon Dieu!, ce n’est pas possible!”. Begiak igurtzi arren, hantxe segitzen dute, ez dira ameskeria edo irudipena.

REINARÉ EN ESPAÑA.
Zur eta lur, galderaz betea nago: noiz eta nork jarri ote zituen? Eta ez ote ditu beste inork orain arte ikusi? Ez Ezkiotik igaro diren apaizek, ez elizako hautsak astintzen dituztenek...

Zur eta lur, galderaz betea nago: noiz eta nork jarri ote zituen? Eta ez ote ditu beste inork orain arte ikusi? Ez Ezkiotik igaro diren apaizek, ez elizako hautsak astintzen dituztenek, ez orain dela urte batzuk erretaula errenazentista zaharberritu zutenek, ez lehen ilaran egoten diren eliztarrek… Ala ikusi eta ez diete tripako minik egin? Ala ikusi, lotsatu eta isilik egotea erabaki dute?

Ez naiz Eliza Katolikoko kide, eta ez naiz nor zer egin behar duen esateko. Baina atrilak normaltasun osoz bertan uztea gordin samarra iruditzen zait, adieraziko bailuke mezua oraindik indarrean dagoela, nostalgikoen pozgarri. San Migel goiaingeruak –herriko zaindariak– Satan bezala suntsitzea ere ez da burutazio ona, nazional katolizismoaren aztarna baliotsuak eta iraganaren lekuko esanguratsuak baitira pieza horiek, ongi gorde beharrekoak. Itzultzailea naiz, baina euskaraturik edo EN ESPAÑA ordez EUSKADIN ipinita ere berdin uxatzen nau mezuak. Museoren batean pedagogiarako ikusgai jartzea litzateke onena.

Dena den, hau pasadizo umoretsu bat besterik ez ala zerbait larriagoaren metafora da? Denborak aurrera egin ahala, kristau-elizen (paraje hauetan Erromako Eliza Katolikoaren) eta gizarte gehienaren arteko leizea gero eta kilometrikoagoa da. Eta ez bakarrik jendarte sekularra erreferentetzat harturik. Urruntasuna gero eta ozenagoa da eliza nagusien mezu, hizkera, erritu, liturgia, moral… ofizialen eta bestelako kristautasun bat bizi nahi dutenen artean. Eliza gehienak abaila bizian doaz museo(ago) bihurtzeko bidean.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude