"El Salvadorreko gerrak humanizatu egin ninduen"

  • El Salvadorreko gerran izan zen, gerrillaren ondoan. Bertatik bertara zuzenean bizi izan zituen gerrak dakartzan oinaze, min, heriotza, izu eta beldurra. Hala ere, merezi izan duela dio dudarik gabe, salvadortarrak duintasuna irabazi duelakoan. Gerra hotsa aditzen da Miren Odriozolaren ahotsa aditzean.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Miren Odriozola Uzkudun (1944, Azpeitia)

El Salvadorren gerra urteetan ibilitakoa da, baina harako borroka baino lehen Bilbo aldean zaildu zen, lantegietako eta emakumeen borrokaren erdian. Francoren garaiko kartzelak ezagutu zituen, Basauri, Carabanchel, Alcalá Henares… El Salvadorreko gerra hartan parte hartu baino lehen. Internazionalista, borrokalaria, barrua hustu du Leire Ibargurenen Laura esaten zioten Miren Odriozolaren borrokak liburu guztizko gomendagarrian (Txalaparta, 2016). Konta litezkeenak kontatu ditu, dena ez dagoela kontatzerik konbentziturik, baina elkarrizketa batean sar litezkeenak baino askoz gauza gehiago kontatuz.

1983an El Salvadorreko gerrara baino lehen ere borrokan ibilia zinen zu.

Hara joan baino lehen Bilboko asanblada feministetan ibili nintzen, Basauriko emakumeen kasua ezagutu nuen, abortuaren aldeko borroka, eta hortaz, El Salvadorrera joan nintzenean, sentsibilizazio hori neraman. Baina han, jakina, lehenengo gauza gerra zen.

Bazenekien han gerra zena.

Bai, gerrara nindoala banekien, eta buelta asko eman nizkion buruari. Gerrara joanez gero, bertan hilko zaituztela pentsatuta joan behar duzu. Arriskua hor dela, bertan akabatzeko aukera handia. Sekula ez zara hori onartzera iristen, baina neurri batean janda eraman behar duzu, bestela ez dago hura eramaterik. Gerra zer den batere jakin gabe joan nintzen, pixkanaka-pixkanaka ikasi nuen.

Pixkanaka-pixkanaka…

Akordatzen naiz, joan berritan, kanpamenduan, bat-batean jendea korrika, denak ezkutatzera. “Zer pasatzen da hemen?”, galdetu nion neure buruari. Segituan, abioia gainean. Bonba bota zuenean, lurrera nik neure burua. Bertakoek sentsibilizatuta zeukaten belarria. Abioiak San Salvadorretik irteten ziren orduko, haien zarata aditzen zuten. Nik ere ikasiko nuen gero, baina lehenengo hartan ez, hantxe geratu nintzen. Ezkutalekutik irten zirenean, esan zidaten: “Ondo balientea zara!”, eta nik: “Balientea ez, ezjakin galanta!”. Horrela ikasi nuen, eta hori bezala, gauza asko. Lehenengo astean, edozein lekutan egiten genuen lo, lurrean plastiko bat jarrita, hezurretako minez. Ohitu nintzen arte.

Zer da gerra?

Nola definituko nuke nik gerra? Goizean goizago jaikitzen ginen, eguna argitzerako, bestela abioiak etortzen zitzaizkigun gu bonbardatzera. Jantzi eta prest egon behar genuen, lasterkan alde egiteko ere. Formazioa egiten genuen egunero, geure arma eta guzti, eskuadrak osatu –logistika, osasuna…–, lanak banatu, eta bakoitza bere lanetara. Gu, adibidez, zaurituak sendatzen hasten ginen, gosariak ematen, botikak banatzen, gaixoak garbitzen… Arratsaldean, alfabetatze eskolak ematen genituen, edo sanitario [erizain] eskolak, edo politika ikastaroak, sexualitatekoak… Mediku gehienak internazionalista ginenez, ikastaro ezberdinak antolatzen genituen. Denetik egiten genuen, ahal zen bezala, eta uzten zigutenean, zeren batzuetan, alde batetik bestera ibili behar izaten genuen. Gerra zer den… Oso gauza gogorra da gerra. Goizean jaiki bai, baina ezin jakin iluntzean lotara etzango ginen, bizirik izango ginen. Hala ere, Chalatenangoko kanpamenduetan hainbeste lo ez dut bizitzan egin.

Gerra kanpamenduetan hainbeste lo bizitzan ez?

Ez. Arratsaldeko sei eta erdietarako iluntzen zuen. Eta argirik ezin piztu. Inoiz, etxetzarren baten baldin bageunden, kandelaren bat pizten genuen, irakurtzeko edo zerbait prestatzeko. Bestela, zer egin behar duzu, lo ez eta? Horrela izan zen hasieran, lehenengo urteetan. Gero, walkie-talkie-ak izan genituen, eta gauean deiak jasotzen genituen, soldaduen mugimenduen berri emanez, kanpamendua beste nonbaitera mugitu behar bazen edo.

Argazkia: Dani Blanco.

Esan duzunez, ezin jakin zenuten iluntzean bizirik izango zineten. Zenbat lagun dituzu hilak Chalatenangon?

Asko, hangoak gehienak. Soldaduek bertako herritarrak akabatzen zituzten, asko. Salvadortarren artean baziren AEBetara emigratu zutenak, edo Hondurasko errefuxiatu kanpamenduetara jo zutenak, eta baziren bertan geratu zirenak, armadak gerrillaren kolaboratzailetzat hartzen zituenak, nahiz eta armarik gabe ibiltzen ziren. Baina soldaduek igual-igual akabatzen zituzten, sekulako sarraskiak egiten zituzten herritarren artean. Zaurituta libratzen zirenak, berriz, guregana etortzen ziren, han ez zegoen-eta bestelako laguntasunik. 1983an El Salvadorrera joan nintzenean gerrillak kontrolatzen zuen Chalatenangoko gunea. Goitik abioiak ibili bai, baina soldaduak ez ziren hara sartzen ausartzen. 1984ko abuztuan hasi ziren sartzen, eta herritarren artean sarraskiak egiten.

Armadak bertako herritarrak hil zituen gehiena. Internazionalista batek baino gehiagok ere bertan utzi zuen bizia: Begoña, Alba, Blanca eta beste izen batzuk irakurri ditugu liburuan. Izen horien artean da garai batean Euskal Herrian ezagun egin zena: Pakito Arriaran.

Venezuelan ezagutu genuen elkar, eta maitemindu egin ginen. Militante konprometitu eta integrala zen Pakito, oso pertsona heldua. Kritikoa zen oso, hitzaren esanahi onenean, besteekin ez ezik, bere buruarekin. Haren ondoan hazi egiten zinen. Feminismoaren inguruan ere eztabaidatu genuen. Halako sen bat zuen, oso gauza berezia.

Gauza asko kontatu dizkiozu Leire Ibargureni liburuan. Tartean, Pakitoren heriotza.

Herri bat hartu zuen gerrillak, Pakito tartean zela. Armadak ere gogor eraso zion, hango abioia eta hango fusila, eta bala batek hanka zeharkatu zion. Garai hartan gerrillak ez zuen botika askorik, eta armadaren erasoa eta gero Pakitok-eta ihes egin behar izan zuten, ezin bala zauri hura sendatu, hanka gangrenatu zitzaion arte. Moztu egin behar izan zioten. Makuluak hartuta ibiltzen ikasi zuen, jarri zen, eta beste borroka batean hil zuten, liburuan irakurri duzunez.

Handik bi urtera Euskal Herrira etorri zinen, familiari berria xuxen eman zenion. Uste ez bezalako Euskal Herria ikusi zenuen.

Hona ailegatu eta hartu nuen txokea! Ni aldatu egin nintzen han, baina hemengo jendea ere aldatu egin zen ni han nintzen bitartean. Joan baino lehen, Bilbon bizi nintzen, eta nire giroan, neska eta mutil, errentan hartutako etxeetan bizi ginen. Hona etorri nintzenean, denak etxea erosten ari ziren, edo autoa, eta oporretan ibilitako lekuez ari ziren… “Hau zer gizarte da, ordea?”, galdetzen nion neure buruari. Atzera abioia hartu eta El Salvadorrera itzultzeko gogoa etorri zitzaidan.

“Gerra baino lehen pertsonak ez zuen duintasunik El Salvadorren”

Ez zinen momentuan joan, ordea.

Ez, hau nire herria da, eta zer pasatzen ari zen jakin nahi nuen. Hilabete gelditu nintzen, eta gero bai, berriz joan nintzen El Salvadorrera. Bigarren aldiz 1989an etorri nintzen, baina hilabete ere ez nuen egin. Gizartea zeharo aldatuta ikusi nuen, erabat indibidualista zen jendea, materialista hutsa. Nik ez nuen autorik, ez nuela behar esaten nuen, eta hemen barre egiten zidaten, baita lagunek ere. “Ez al dun kotxea erosi behar?”, “Kotxea erosi? Gasolina pagatzeko dirurik ere ez zeukanat!”. Sei-hamar urtean gizartea guztiz aldatuta ikusi nuen. Baina esan dizut, ni neu ere aldatu egin nintzen han, asko. Hori ere bai.

Hau aldatuta, hura ere aldatuta…

El Salvadorreko gerra denboran egoera gogorra bizi genuen, baina gure artean elkar laguntzeko borondate handia zegoen, adiskidetasun izugarrizkoa, dena guztion artean banatzen genuen… Inoiz ezagutu izan ez dudan bizitzeko modu bat ezagutu nuen El Salvadorren, gerra garaian. Egoera gogor hark berak horretaraxe behartzen gintuela uste dut. Jendea oso alaia zen, nahiz eta hildakoak izaten ziren, eta nahiz eta negar egiten genuen. Baina alaia jendea! Gero, gerra bukatu zenean, ni hona etorri, urte eta erdi hemen egin, hara berriz joan, eta han ere jendea aldatuta ikusi nuen: triste zegoen jendea, triste. “Zer pasatu da hemen, ordea?”, zen nire galdera, eta “Ez dugu lortu nahi genuena!”, esan zidaten. Boterea nahi zuten, ez zuten lortu, zenbait gauza lortu arren. Akordatzen naiz galdetzen zidatela: “Eta hik, Laura, zer dion? Zer edo zer lortu dinagu, zer edo zer, baina lehen bezain pobre gaitun, eta agintean, berriz, beraiek ditinagu oraindik”. Eskuinak agintzen zuela, alegia. Alderdi eta sindikatuak legezkoak ziren, baina jendea miserian bizi zen, alde horretatik gauzak ez ziren askorik aldatu. Galdetzen zidaten: “Lortu duguna lortuta, berriro etorriko hintzateke? Ikusita zenbat jende hil den, zenbat sufritu dugun… Berriro etorriko hintzateke?”.

Argazkia: Dani Blanco.

Eta zure erantzuna?

“Bai, dudarik gabe etorriko nintzateke. Ez daukat batere dudarik!”. “Zer, bada?”, beraiek, eta nik: “Pertsonaren duintasuna lortu dugu!”. Gerra baino lehen pertsonak ez zuen duintasunik El Salvadorren. Etortzen ziren soldaduak edo heriotza eskuadroiak, hartzen zuten jendea, eramaten zuten bide bazterrera, tiroa jo eta ez zen ezer gertatzen. Esaten nuen: “Gaur ere gertatuko dira horrelakoak, baina lanean aurrera segitzeko leihoa ireki dugu, eta gauza batzuk ere lortu ditugu”. Orain beste problema bat dugu, marak [gazte banda armatuak] etorri dira, salvadortarrak, gerra garaian AEBetara joan, eta gero itzuli zirenak. Armak dituzte, eta mehatxua, lapurreta eta hilketa besterik ez dute ibiltzen. Egoera oso txarra da, baina erregio osoan da txarra egoera. El Salvador gaizki, Guatemala okerrago dago, Honduras zer esanik ez… Nikaragua dago hobeto.

Internazionalistarik gabe, El Salvadorreko gerrak aurrera egingo zuen?

Bai, aurrera egingo zuen, baina beste era batera. Internazionalistek sekulako ekarpena egin zuten osasungintzan, mediku, zirujau eta laguntzaile asko izan zelako. Beste maila batean ere, gerra nola eraman aholkulari jardun zuen zenbait jendek; txiletarrak, adibidez. Internazionalistak gabe, gerrillak aurrera egingo zuen, baina material gutxiagorekin eta gaizkiago.

Merezi izan du?

Bai, dudarik ez, dudarik ez! Hemezortzi urtean, hauteskundeak irabaztea lortu zuen Fronteak [Farabundo Marti Askapen Frontea]. Kristorena izan zen hori niretzat. Orain agintean daudenak, presidentea-eta, gerrillari izan ziren. Eta hona ere ailegatuko da hori, badut esperantza.

Hainbeste urte eta gero, zertan aldatu zaitu El Salvadorrek?

Gezurra badirudi ere, uste dut El Salvadorreko gerrak humanizatu egin ninduela, asko.

Gerrak humanizatu?

Gaztetan hemengo borrokan ibili nintzenean amorrua sentitzen nuen, poliziaren kontrako amorrua, adibidez. Han, berriz, iruditzen zitzaidan soldaduak gizajo hutsak zirela –batzuk, behintzat–, eta galdera egiten nuen: “Horiek zergatik daude hor, eta gu hemen, denak herri batekoak izanda! Eta batak bestea hiltzen!”. Neure buruak esaten zidana: “Zirkunstantzia askok eraman naute ni alde honetara, eta nire aurrean dagoen soldadu hori ere zirkunstantzia askok eramango zuten alde horretara”. Erlatibizatzen ikasi dut, eta horrek amorrua desegiten lagundu dit. Gerran erabat aldatzen da pertsonaren filosofia, gauza askoren gainean pentsatzeko modua. Gerran bizitza eta heriotzaren artean bizi zara, eta egoera horretan bizi beharrak bizitza sakon bizitzeko indarra ematen du.

Altxa burua

“Akordatzen naiz ni Chalatenangora joan eta berehalaxe, gu frontearen bigarren lerroan, osasun postuan zaurituak sendatzen, bi gazte gerrillari ekarri zituztela. Ez genuen suerorik, eta hil egin ziren. Burua altxatu ezinda pasatu nuen astebete. Neure buruari esan nion: ‘Miren, gerrara etorri haiz, altxa buru hori, bestela ez dun hemen etsiko’ Harrezkero, botika logistika sortu zen frontean”.
 

Ez zen erraza

“Lehenengo kanpamenduan ehun lagun inguru izan gintezkeen, eta zaurituak, berriz, 40tik gora, eta umeak ere baziren gurekin. Abioiak etortzen zirenean kanpamendua jaso eta beste toki batera korrika joatea ez zen posible, eta orduan, kanpamendu txikiagoak egiten hasi ginen, mugitu errazagoak. Zaurituak Hondurasko babeslekuetara eramaten saiatzen ginen, edo kobazuloetan ezkutatzen. Gauza ez zen oso erraza”.
 

Zergatik ez?

“Eta neu ere hiru edo lau aldiz etsita egon naiz, heriotza ordua ailegatu zitzaidala sinistuta. Baina salbatu, nola edo hala. Eta ondo-ondoan neukana hil ere bai, edo zaurituta erori, eta niri, aldiz, ez tokatu. ‘Eta zergatik tokatu zaio nire lagunari, eta niri ez? Zergatik?’, galdetzen diozu orduan zeure buruari, baina erantzunik ez daukazu”.

Azken hitza: Zer moduz ministro jauna

“Gerrillari ibilitako lagunak ministro eginda ikusi nituenean, traje eta korbata, barregura eman zidan. Kar, kar… Akordatzen naiz Herri-Lan ministroarekin topo egin nuela, eskua eman eta esan niola: ‘Kaixo, zer moduz ministro jauna?’, biok barrez! Kar, kar… Hura txokea!”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Internazionalismoa
Palestina: (ez) gure izenean

Herritarrok kalera irten gara behin eta berriro Palestinarekin elkartasuna adierazteko. Herriaren nahia argi utzi dugu. Hala ere, instituzioek gor eta tinko jarraitzen dute sionismoari arnasa ematen. Palestinar herriak sufritzen duen genozidioaren inguruko berriak (zaharregiak... [+]


2023-12-12 | ARGIA
Israelek hil dituen milaka palestinarren izenak irakurriko dituzte azpeitiarrek abenduaren 22an

Abenduaren 22an Azpeitiko herriko plazan egingo dute Gazako sarraskia salatzeko ekimena. Herritarrek bata bestearen atzetik irakurriko dituzte ahoz goran Israelek hil dituen dozenaka milaka palestinarren izenak.


Argentinako kronikak (I)
Villalba familiarekin elkartasun internazionalista

Abya Yala historia zapalkuntzaz beteriko bizitza dela esan daiteke. Bertako aberastasun naturalek paper garrantzitsua betetzen dute munduko burgesiaren metatze prozesurako.


2023-05-07 | Axier Lopez
Itxurakeria etiketan hasten da

10 urte bete ditu historia modernoko lan hilketa handienetako batek. Bangladeshko bost mila langilek arropa-fabrika batean lan egitera behartu zituzten egoera penagarrian zegoen eraikin batean. Eta hala, apirilaren 24an Rana Plazako eraikin hori bertan behera erori eta 1.132... [+]


Eguneraketa berriak daude