Sorzain argitaletxeak irekia izan nahi du. Erabakitzeko eskubidea, botere eragilea (egile askoren artean) eta Pott Banda. Ekilisbrista bihotza (Jon Kortazar) dira bere lehen bi argitalpenak. Mitxelko Uranga da proiektuaren eragileetako bat: “Sorzain izaki mitologikoa da. Sorgin gaizto bat ei zen, umeak jaio zain egoten zena haiek akabatzeko. Guk, ostera, sorzainek umeen ibilbidea zaintzen zutela pentsatzen dugu. Gure kasuan umeak liburuak dira.
Agitaletxe txikiak ixten ari dira, nagusiak ez dira aise bizi. Saiakera ez ote den behar bezala argitaratzen ipini dugu auzitan: “Sorzain sortzean ez dugu adierazi nahi orain arte pentsamendua edota saioa ez dela zabaltzen behar bezala, ezta guk formula berria asmatu dugunik ere. Baina, egiari zor, beste argitaletxeek argitaratzen dutena ez da hainbeste irakurtzen. Azken urteetan saiakera pilo idatzi da eta zenbat irakurri diren aztertzen badugu, oso gutxi dira. Saiakerak ez dira irakurlearengana heltzen, ez dira irakurtzen. Idazten dugunok irakurtzen diogu elkarri. Eta hori ere, egiten den arabera, oso gutxi. Pamielak asmatu du Upaingoa sailarekin. Sailaren arrakasta da, ziur aski, saio laburrak direlako. Hori da nolabait gure asmoa. Saiakerak akademikoa izan beharrean laburra eta arina behar du”.
Irakurle berririk ba ote?: ”Guk gazteria ‘bezero’ potentzial ikusten dugu. Ikasleei zer-nolako egoera bizitzera irits gaitezkeen argitzen zaienean, kezkatzen dira . ‘Baina zer egin daiteke?’, galdetzen dute. Badituzte beren kezkak. Gure ustez, liburua euren bidea bilatzen laguntzeko ‘gailua’ izan daiteke. Jendartearen aldaketa horren bidez baino ez dugu ikusten. Sorzain-en helburua kultur eragile izatea da, batez ere, eragile politikoa izatea, ez ideologia markatu batekin, baina bai herri mugimendua aktibatzeko moduko politika eragiteko belaunaldi berrietan”.
Arriskatu behar da beraz?: “Bai, eromen puntu bat behar dugu. Argitaletxeak enpresa dira, gu kolektibo bat gara, eta dena musu-truk egiten dugu. Etekin ekonomikorik atera behar ez dugunez, bestelako lasaitasunez heldu diogu ekimenari”.