"Sistemaren helburua ez da pentsaraztea"

  • Berango, 1978. Iazko Euskarazko Saiakerako Euskadi Saria jaso zuen Tartaroa. Mina, boterea eta egia (Pamiela) saioaren bitartez. Globalizazioa eta kontsumismoa dira liburuaren hari nagusiak. Ondoren, Miguel Unamuno Saria irabazi du Misentropia saioari esker. Zazpi saiakera liburu argitaratu baditu ere, ez da bereziki ezaguna euskal letren munduan. Filosofian doktorea da. Gai hori irakasten du Sopelako Ander Deuna ikastolan.

"Sarien inguruan iritzi txarra daukat". Argazkilaria: Dani Blanco

Euskadi Saria jaso ostean, “ez nuen inondik inora espero, ni ez nau inork ezagutzen” esan zenuen. Tira, funtsezkoa liburua da, ez egilearen izena, ezta?

Ez dakit guztiz horrela izaten den. Sarien inguruan iritzi txarra daukat. Euskal literaturaren munduak endogamia moduko bat bizi du, epai-mahaikideek badakite nork idatzi duen, lana anonimoa izan arren. Adibiderako, Unamuno Sarira bi testu bidali nituen, eta epaile batek esan zidan: “Bai, eta beste hori ere zurea da”. Bai bibliografiarengatik bai idazteko moduarengatik, gure aurkezpen txartela barruan doa. Areago Euskadi Sariaren kasuan, liburuak eta izenak ezagunak izanda, bada, ez nuen inondik inora espero, Eduardo Apodakak irabaziko zuelakoan nengoen.

Inportantea al da saritua izatea?

Saritua izateak badu bere alde ona eta txarra. Ona, zurekin elkarrizketa hau egin izana. Baina, batez ere, alde txar bikoitza du. Batetik, besteen kritiken jomugan jartzen zaitu, egiak ez direnak entzun behar dituzu. Adibiderako, idazle batek ni propagandista hutsa naizela esan berri du, postuak igo nahi ditudala. Ez daukat posturik igotzeko beharrik, nagoen lekuan ederto bainago. Ez dut inoren propagandarik egiten, frankotiratzailea naiz. Bestetik, plazagizona ez naizen neurrian, ez dut hedabideetan agertzeko inolako desirarik, ezta beharrik ere, ez naiz liburuez biziko eta. Anonimatua oso gogoko dut. Zazpi saio argitaratuta izanda ere, inork gutxik ezagutzen ninduen saritua izan arte, ordea, beste idazle batzuk erabat mediatikoak dira ezer gutxi eginda.

Idazleak, eta saiogileak are gutxiago, ez dauka beste ofizio mediatikoagoen famarik.

Orain argitaletxearen munduan apur bat sartzen ari naizenez [Sorzain proiektuaren bultzatzaileetako bat da], merkatuaren jukutriez jabetzen ari naiz. Idazle batek salmenten %10 irabazten du, eta bitartekaritzak gainerakoa; banatzaileak %50, hasteko. Beraz, desoreka itzela da. Idazleak kontsumo gai bihurtu gara. Proportzioan irakurle baino askoz idazle gehiago gara, ez daukagu beste idazleen lanak irakurtzeko betarik. Antza, publizitatearen bidez zabaltzen diren liburuak irakurtzen dira. Tartaroa. Mina, boterea eta egia liburuaren salmenta oso urria zen, baina Euskadi Saria jasotzeaz batera, bat-batean, askoz gehiago saldu da.

Kultura espektakulua da oroz gain. Merkatuak agintzen du. Irakasle zaren aldetik, nola bizi duzu zuk egoera hori?

Oso txarto. Mundu horrek heziketan nola eragiten duen egunero ikusten dut. Filosofia eta giza arloko ikasgaiak zelan baztertu dituzten ikusi besterik ez dago, LOMCE da horren adibide. Lehen Filosofia gaia derrigorrezkoa zen Batxilergoko bigarren mailan, orain letretakoentzat soilik eta aukeragarri. Argi dago, sistemaren helburua ez da pentsaraztea.


Greziako mitologia abiapuntu hartu duzu Tartaroa saioan, egungo gizarte globalizatua eta kontsumista aztertu aldera.

Mitoak gustuko ditut, ez bakarrik greziarrak. Euskaldunak, eskandinaviarrak edota zeltak ere bai. Hala ere, liburuan mitoak ez dira oinarria, esan nahi dudanerako aitzakia baizik. Euskal mitologian ez nuen aurkitu adierazi nahi nuenarekin harremana duen ezer.  Beharbada, kristautasunak euskal mitoak itxuraldatu zituelako. Mito greziarrak ere aldatuak iritsi zaizkigu, baina greziarrek bi abantaila eskaintzen zizkidaten: denontzat oso ezagunak izatea, eta esan nahi nuenarekin paralelismoa izatea.

Zer dela Tartaroa?

Greziar mitologian hiru infernu eremu ziren, Tartaroa zen horietako bat, non bizigabeek eta bizidunek denek elkarrekin sufritzen zuten. Paralelismo horrek laguntzen du liburuaren tesietako bat ulertzen. Egun denok sufritzen dugu, lehenago herri xeheak soilik, gaur berriz, bai ekologiaren, bai izuaren, bai zaurgarritasunaren menpe gaude denok. 

Mundu globala eta euskal errealitatea uztatzen saiatu zara.

Aurreko saiakeran hipermodernitatea edota kapitalismoa izan ditut hizpide, horien aurreko lauetan berriz, euskal kultura. “Zer da euskalduna?” galderari mila buelta eman dizkiot eta erantzunik ez dut. Hamaika definizio daude, baina, nahaspila izugarria ikusten dut. Ez dut uste definizio bakarra eman behar  diogunik. Definizio bakarra ematen tematzen gara: euskalduna, euskal hiztuna, euskal kulturaduna, vascoa. Onartu behar dugu definizio anitz dagoela. Definizio horien errizoma bilatzen edota sinergia batzen saiatu beharko genuke, aniztasuna aintzat hartuz bide bateratuan joaten. Antzua da definizio bakarrarekin geratzea.

Desertua da saioaren beste ardatzetako bat.

Zygmunt Baumanek “modernitate likidoa” adierazpena famatu zuen. Jendarte solido izatetik likidoa izatera pasatu gara. Nik likido ordez, harea garela diot.  Desertuaren irudia berebizikoa izan zait saioa gauzatzeko.

“Oligarkiak sustatutako hezkuntza sistemak gizaki abstraktua, despolitizatua eta arrunta nahi du”

Nolakoak dira zure ikasleak? 

Ez dira ikasleriaren erreferente. Uribe-Kostako ikastola batean ematen dut klasea, 16-18 urte artekoekin batxilergoan. Bertako familiak egoera sozio-ekonomiko altukoak dira. Hipermodernitatearen paradoxa bizi dugu: sinestarazten zaigu autonomoak eta askeak garela, baina juxtu aurkakoa gara. Beraz, ikasleek ere pentsatzen dute inplikatuak eta helduak direla, baina, adibidez, arrazakeriaz eztabaidatzen dugunean ultraeskuindarren mezuetatik hurbil daudela ohartzen gara. Beren diskurtsoa matxismoaren aurkakoa da,  baina praktikan galduta daude. Paradoxa batean bizi dira. Nartzisistak baino, Michel Maffesolik dioenez, Homo Esteticus dira. “Gozatzea eta gozatzea” baino ez dute buruan. Egunekoaz gozatu, gainerakoa ez da euren ardura. Gogoeta bat eskatzen zaienean, %80k esaldi bera darabil: Carpe diem.

Heziketa sistemak ez du laguntzen.

Hipermodernitatearen ezaugarri bat paradoxa da. Gazteen artean lehen paradoxa Batxilergoaren lehen mailan ematen da: “Gorroto dut filosofia, pentsarazi egiten didalako. Orain arte ez dut halakorik egin”, esaten dute. Heziketa sistemak ez du bermatzen autonomiarako gaitasuna, enpresa munduak ezarria da eta enpresariek heziketa sistema panazea bezala saltzen digute.  

Desertu globalizatuan internet da faroa. Nola bizi duzu internet, eskolan?

Irakasle batzuek sakelakoa gelan sartzea debekatzen dute. Niri arriskutsua izanda ere, zer edo zer azaltzen ari naizenean, “erratu zara horretan” entzutea interesgarria iruditzen zait. Jose Antonio Marina pedagogoak dioenez, internet eta bitarteko gailuak neutroak dira. Mailu bat bezala da, apurtu dezakezu buru bat, baina balio dut etxe bat eraikitzeko ere.  

Gazteria ez da eredu, klase politikoa ere ez.

Politikariak ospearen eredu bilakatu dira. Azkeneko hamarkadetan politikak behera egin du nabarmen. Podemos Ahal Dugu fenomeno populista da salbuespena, populismoak neurri batean piztu du lokartuta zegoen gazteriaren multzo bat. Politikan eszeptikoa baino, ezkorra naiz, ez dut inolako konfiantzarik alderdietan. Prometatzen dutena eta gero betetzen dutena ez datoz bat, edo oso gutxitan. Nik politika aldarrikatzen dut alderdikerietatik at antolatu daitekeen neurrian, herri mugimenduen bidez egindakoa, hauen bidean erein daiteke aldaketarako hazia. Baina herri mugimenduek ez dute 60, 70 edo 80ko hamarkadetako bizitasuna, pil-pilean dagoen feminismoaren salbuespenaz. Gazteen artean, oro har, ez dago politikarako grinarik, kontsumitzeko aukera duten bitartean ez dute mugitzeko nahikaririk.

“Alderdi politiko guztiek aldarrikatzen dituzte demokrazia eta askatasuna, betiko hitz anpuloso eta polit horiek. Nola daiteke, ordea,
eskuin eta ezker muturreko alderdiek aldarri bera egitea?”

Kultura politiko berri baten sorburua hezkuntzan dagoela esan ohi da.

Baina hezkuntza klase politikoaren esku dagoen bitartean, zelan egin? Mendebaldeko sisteman hezkuntza diseinatuta dago enpresak behar duen langilea ekoizteko. Azken teknologia berriak direla eta, lanpostu asko desagertuko edo eraldatuko dira. Droneek eta gailuek ordezkatuko gaituzte. Enpresak aldatzen ari dira eta langile mota ere bai, horretarako heziketa sistema aldatu behar izan badute ere. Gaitasunetan oinarritutako pedagogia landu ezean, nekez sortuko dugu kultura politiko berri bat.  

“Jainko berria” bilatzen duen fededuna bizirik dago.

Nietzschek zioenez, jainkoaren heriotzak ekarriko zituen jainkoaren itzalak. Jainkoaren ordezkoak, zientziak, politikak eta kontsumismoa, horiek indarrean daude. Hainbat jainko dago, non eta hipermodernitate horretan, fedearen egarri denak aukeratu dezake nahi duen jainkoa. Oligarkiak sustatutako hezkuntza sistemak gizaki abstraktua, despolizitatua eta arrunta nahi du. Sistema arduratzen da bere beharrez. Ogia eta Zirkua dagoen bitartean ez duzu ezeren aurka altxatu beharrik.

“Demokratizazio” eta homogenizazio bortitza gertatzen ari da.

Demokrazia hitza eufemismo hutsa bihurtu da, ez du ezertarako balio. Alderdi politiko guztiek aldarrikatzen dituzte demokrazia eta askatasuna, betiko hitz anpuloso eta polit horiek. Nola daiteke, ordea, eskuin eta ezker muturreko alderdiek aldarri bera egitea? Hitzek, definizioek, ez dute balio, definizioak ezereza bihurtu dira. Demokrazia ezereza da.

Nola gainditu hori?

Nekez, Trump fenomenoa ikusirik... Horrek eskuinaren loratzea ekar dezake Europara. Zer etor dakiguke? Nire ametsa kapitalismoa bukatzea da, baina posible ote? Aldaketa beharrezkoa da, baina ez da etorriko jendearen aldetik, kataklismo bat medio edo kapitalismoaren beraren inplosioz gertatuko da. Joseba Gabilondok bere azken liburuan esaten du, “hazkunde honek gainez egingo dio munduari, ez dago ongizate-estatua izaterik guztiontzat, ezinezkoa da”. Beraz, klase ertaina desagertuko da, desberdintasun ekonomikoak are gehiago handituko dira, eta “hirugarren mundu” deiturikoaren altxamendua etorriko da. Gero eta gehiago dira izorratuak. Nik ez dut zer onik espero.

Sorzain argitaletxea
Liburu antagonistak sortzeko xedez

Sorzain argitaletxeak irekia izan nahi du. Erabakitzeko eskubidea, botere eragilea (egile askoren artean) eta Pott Banda. Ekilisbrista bihotza (Jon Kortazar)  dira bere lehen bi argitalpenak. Mitxelko Uranga da proiektuaren eragileetako bat: “Sorzain izaki mitologikoa da. Sorgin gaizto bat ei zen, umeak jaio zain egoten zena haiek akabatzeko. Guk, ostera, sorzainek umeen ibilbidea zaintzen zutela pentsatzen dugu. Gure kasuan umeak liburuak dira.

Agitaletxe txikiak  ixten ari dira, nagusiak ez dira aise bizi. Saiakera ez ote den behar bezala argitaratzen ipini dugu auzitan: “Sorzain sortzean ez dugu adierazi nahi orain arte pentsamendua edota saioa ez dela zabaltzen behar bezala, ezta guk formula berria asmatu dugunik ere. Baina, egiari zor, beste argitaletxeek argitaratzen dutena ez da hainbeste irakurtzen. Azken urteetan saiakera pilo idatzi da eta zenbat irakurri diren aztertzen badugu, oso gutxi dira. Saiakerak ez dira irakurlearengana heltzen, ez dira irakurtzen. Idazten dugunok irakurtzen diogu elkarri. Eta hori ere, egiten den arabera, oso gutxi. Pamielak asmatu du Upaingoa sailarekin. Sailaren arrakasta da, ziur aski, saio laburrak direlako. Hori da nolabait gure asmoa. Saiakerak akademikoa izan beharrean laburra eta arina behar du”.

Irakurle berririk ba ote?: ”Guk gazteria ‘bezero’ potentzial ikusten dugu. Ikasleei zer-nolako egoera bizitzera irits gaitezkeen argitzen zaienean, kezkatzen dira . ‘Baina zer egin daiteke?’, galdetzen dute. Badituzte beren kezkak. Gure ustez, liburua euren bidea bilatzen laguntzeko ‘gailua’ izan daiteke. Jendartearen aldaketa horren bidez baino ez dugu ikusten. Sorzain-en helburua kultur eragile izatea da, batez ere, eragile politikoa izatea, ez ideologia markatu batekin, baina  bai herri mugimendua aktibatzeko moduko politika eragiteko belaunaldi berrietan”.

Arriskatu behar da beraz?: “Bai, eromen puntu bat behar dugu. Argitaletxeak enpresa dira, gu kolektibo bat gara, eta dena musu-truk egiten dugu. Etekin ekonomikorik atera behar ez dugunez, bestelako lasaitasunez heldu diogu ekimenari”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


Eguneraketa berriak daude