Jarrera da (ia) inportanteena

  • Kronika: Screamers and Sinners, Señor NO eta Sumision City Blues. Gasteizko Hell Doradon, urtarrilaren 7an.


2017ko urtarrilaren 15an
Argazkia: Dos por dos

Musikazaleok maiz eztabaidatu izan dugu kontzertu batean zein taldek zeinekin emango lukeen ondoen, edo honek eta hark ez dutela elkarrekin pegatzen kartel berean... Emanaldia hasi aurretik zerbaitez aritu behar, badakizue. Badaude koherentziaren aldekoak, baita kontrastearen aldekoak ere. Beste eztabaidetako bat izaten da aretoa bera urliarentzat egokia ote den; are gehiago Hell Dorado moduko areto batez ari bagara, rock areto izaera ondo markatua baitu Gasteizko infernu txikiak.
    Oraingoan geneukan hirukoteak rockaren askotariko koloreak zekartzan Gasteizko gau hotzera, beraz, nolabait ere koherentziarena eta kontrastearena betetzen zituen. Afixa (ia) perfektua, beraz.
    Arrasateko Screamers & Sinners izan ziren martxan jartzen lehenengoak. Rockabilly-a punk jarreraz emana, psychobillya, egiten du laukoteak. Kontrabaxua buru zela, ordubetean, erritmo dantzagarriz, gitarra zorrotzez, saxo lizunez eta hitz gordinez berotu zuten aretoa. Gaztelania, ingeles eta euskarazko abestiak tartekatu zituzten, eta pare bat bertsio ere bai (RIPen Ahogate identifikatu nuen). Bi disko dituzte kalean, eta hirugarrena ere ba omen dator; bi urteko tartean ez da gutxi.
    Taula gainean urteak daramatzatenak, berriz, Señor NOkoak dira. Euskal undergroundean, halakorik balego, izen handienetakoak dira Buenavistakoak. Punk rock azkarra, gitarra soloz josia, eta jarrera sutsua. Xabi Garre (ez, bere abizena ez da Señor NO) frontmanak jendeari behin eta berriz egin zion orro, eta ordubetean, ia arnasarik hartu gabe, euren errepertorio zabalaren lagin dotorea eskaini ziguten. Ez, berrikuntzarik ez dute ekarri azken urteotan; baina zer arraio, beharrik ba al dago beti berritzen aritzeko?

Argazkia: Dos Por Dos.


    Sumision City Bluesek azken lana aurkeztea zen, baina, gaueko aitzakia nagusia. Hay un plan trazado desde arriba, y se llama... Sumisionen lehen lan luzea da, aurretik disko laburrak besterik ez baitituzte argitaratu. Hasieratik argi utzi ziguten zein zen beraien intentzioa Pela abeslariak “Topa, hijos de puta!” oihu egin zuenean: ospatzea eta eragitea. Disko berriko kantuak (aurrekoak baino rockeroagoak) eta zaharrak (funk kutsu nabarmenagokoak) tartekatu zituzten ordu eta erdiz. Hell Doradok talde honentzat neurrira egindako aretoa dirudi: eszenatoki perfektua da Pelak bere imintzioak egiteko, Josebak eta Antik elkarrekin “lehiak” egiteko eta David eta Kikek denok dantzan jartzeko. Gainera, inoizko sasoirik onenean daudela esango nuke; beraz, zer gehiago eskatu?

Argazkia: Dos Por Dos.


    Bada eskatzen jarrita, jarrera; eta horretatik ere izan zuten hirurek: punk jarrera probokatzailea agertu zuten; kantuak eman baino, jaurti egin zituzten, bata bestearen atzetik zapladaka.  Ezer nabarmentzekotan, horixe. Ez da alferrik askotan esan jarrera dela (ia) inportanteena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Punk
2022-12-27 | Julen Azpitarte
Jayne County, rock transgeneroaren aitzindaria

Asturiasko Colectivo Bruxista argitaletxeak gaztelerara itzuli du Jayne County musikari transgenero estatubatuarreren autobiografia: Man Enough To Be a Woman. Rock transgeneroaren aitzindaria da County, baita sortzen ikusi zuen punk eszenaren diva izandakoa ere. Lerrootara... [+]


Punk arrastoak III
Anarkiatik 'rave'-etara

1960ko hamarkadaren amaieratik nonahi aurki daitezke punk kulturaren aztarnak. Hiru artikuluko serie hau bukatzeko,  agerpen horietako batzuei buruz ariko gara: AEBetako zenbait talde iraultzaile, Malcolm McLaren, Sex Pistols eta eztandaren ondorengo hamarkadetan punk... [+]


Punk arrastoak II
Gazte basatiak, absurdoa, tiroak, iraultza

Punkak pinturan izan zituen aurrekariez jardun genuen orrialde hauetan joan den astean. Lehen Mundu Gerraren ondoren Europan agertu ziren zenbait eztanda artistikori buruz arituko gara aste honetakoan, besteak beste dadaismoa, surrealismoa, mugimendu letrista, beat... [+]


Punk arrastoak pinturan
Etorkizuneko apurketak iraganean

Los Picoletos bikoteak “Quinquis, macarras y skaters. Rastros del punk en el arte contemporáneo” (“Kinkiak, makarrak eta skaterrak. Punk arrastoak arte garaikidean”) sei saiotako mintegia antolatu zuen 2021eko ekainean BilbaoArte aretoan. Astean bi... [+]


2022-01-14 | ARGIA
6.000 euroko isuna, La Polla Records taldearen Gasteizko zuzenekoetan osasun-araudia ez betetzearren

Osakidetzak 6.000 euroko isuna jarri dio Last Tour enpresari, La Polla Records taldeak Gasteizen emandako bi kontzertuen arduradun izanik covid-19ari aurre egiteko "osasun-araudia ez betetzeagatik". Arrazoi horregatik jarri daitekeen isunik handiena agindu du... [+]


Eguneraketa berriak daude