argia.eus
INPRIMATU
Gure barneko fauna
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2017ko urtarrilaren 11
Zoo. ZOO. Autoekoizpena, 2016

Euskal Herri osoa eta bakarra irudikatu nahi dugu eta horretan dihardugu, baina ñabardurak egon badaude eta herrialde bakoitzak baditu desberdindu eta bereizten duten ezaugarri batzuk. Horren adibide argia da Bidasoa ibaiaren bestaldetik aspaldidanik etorri zaizkigun bestelako doinuak, Frantzia aldean bor-bor hazi direnak. Zer esanik ez Asterixen lurraldean maisutasunez landutako hip-hop eta rap doinuak, Europan erreferente direnak. Baita klub ilun eta klandestinoetan garatutako elektronika irudimentsu eta dantzagarriena ere. Eta ezin ahaztu Bordele aldean Théâtre Barbey zenaren inguruan jorratutako post-hardcore eta jazzaren arteko jolas instrumental aberatsa. Ipar Euskal Herrian ur-emari horietatik galanki edaten dute, eta hala behin baino gehiagotan sorpresa itzelak eskaini izan dizkigute musika eszenak eta musika zaleok biziki eskertzen ditugunak.

Zoo talde berriak badu aipatutako eragin horietako batzuetatik eta zinez eszenari proposamen desberdin eta musika planteamendu zein mezu gordina eskaintzetik. Gordina da Zoo, gordina eta basatia, gure barneko fauna eta ase-beharrak hein batean eskatzen dituelako: ideario euskalduna, munduaren akabera, gure arbasoen kultura, pastadun betaurrekorik gabeko (post)modernitatea, kristautasun perfidoa eta apokalipsia hein batean batuta.

Beskoitzen sortutako taldearen estreinako lana dugu hau, baina horren kideek Izate, Ikara, Mak, Ak, Islaia eta 430 taldeak izan dituzte ikasleku; eta aurrekoetan ez bezala, oraingoan eskola ordutik kanpo hirukote gisa askatu dira oihanera honako formatuan: baxua, bateria eta ahotsa.

Makakak onomatopeikoa baxu sarkorrak irekitzen du eta aspaldi Belly Button zein Sabot taldeek eta gerora Sheelac-ek lortutakoaren pareko oinarri astuna erdiesten du, gainetik rapeatuz. Lakastak deituak gehiago du metalaren eta jazzaren arteko jolasetik, betiere gainetik errezitatuz. Kabalak ilunagoa da, raggamuffina ere badu eta Juan Pilik gogoz eta estilo biziz rapeatzen du. Harrak-ek Primus-en pultsua dauka eta erdiko tempoak post-hardcore eta jazzarekin uztartzen ditu. Axeria-k riff berezia du, errepikakorra izan arren zeharo berezia dena, eta ahotsak onomatopeia joko aberatsa eskaintzen du. Baretu da nonbait hiruko piztia eta Zakurrak ederra erditu dute melodia goxoagoa eta rap fina bere gain hartzen dituena, akabera jazzero-tribalarekin. Oreina-k bide luzea egin du oraindaino: misterio kutsua ezin gainetik kendu eta harrotzen eta harrotzen doa distortsiora arte. Azkenik, epilogo gisa, Abereen mendekua, rock epiko ia flamenkotik abiatuta rapeatutako rock gogorraren itsasoan hiltzen dena.