1944an, II. Mundu Gerraren ondorioz, Alemaniatik ez zen lupulurik iristen eta Espainiako Nekazaritza Ministeritzak dekretua atera zuen 1945eko maiatzaren 23an, landaketei buruzko legeak ezarriz. Garagardo fabrikek Sociedad Anónima Española de Fomento del Lúpulo sortu zuten eta Espainiako lupulu landaketen kudeaketaz arduratu ziren, beti ere Sección de Fomentokoen begiradapean. Garagardo fabriken artean, Hego Euskal Herriko fabrika esanguratsuenak zeuden: Juan y Teodoro Kutz (Donostia), La Cervecera del Norte (Bilbo), La Salve (Bilbo), La Vizcaína (Bilbo), Cervezas Knorr (Gasteiz). Hauen itzalean, pixkanaka lupulu landaketak Hego Euskal Herrian sartu ziren, eta garagardo fabrikak, ahal zuten heinean, bertan landaturiko lupulua erabiltzen hasi ziren garagardoa ekoizteko.