Ez zenuke asmatuko Europako Bankuak diru merkez nor saritzen duen

  • Atzeraldi ekonomikoari aurre egiteko erreminten artean, Europako Banku Zentralak diru berria inprimatuta zorrak erosten ari zaizkie enpresa handiei, aurreko urteetan estatuei eta bankuei berenak arindu ostean. Hilean 60.000 milioi euro arteko erosketekin hasi zena iaztik 80.000 milioitaraino handitu da. Klimaren aldaketaren errudun nagusiak diren korporazio handiak dira dirutza hiper-merke horren onuradunak

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2017ko urtarrilaren 15a
Europako Banku Zentralak banatu argazkian, Mario Draghi prentsa aurrean korporazioen zorrak erosteko planak aurkezten. Draghi da enplegu publiko eta pribatuen ate birakarietan hezitako agintarien adibide arketipikoa. Munduko Bankuaren zuzendaritzan aritua
Europako Banku Zentralak banatu argazkian, Mario Draghi prentsa aurrean korporazioen zorrak erosteko planak aurkezten. Draghi da enplegu publiko eta pribatuen ate birakarietan hezitako agintarien adibide arketipikoa. Munduko Bankuaren zuzendaritzan aritua da, Italiako Ogasunaren zuzendari eta enpresa publikoen pribatizazioen batzordeko buru, ondoren Goldman Sachsen Europarako presidente (Karamanlis eskuindarrari lagundu zion kamuflatzen Greziaren zor itzela, greziarren amesgaiztoa), azkenean EBZren lehendakari koroatu zuten arte.

Teknikoki “quantitative easing” (QE) deitzen diote ingelesez, hedatze kuantitatiboa alegia, eta da banku zentralek merkatuan diru merkea injektatzeko dauzkaten tresnetako bat. Hitz bitan esanda, zorrak erostea. Gure kasuan, Europako Banku Zentralak (EBZ) diru elektroniko berria sortzen du estatuen bonoak edo konpainia pribatuenak erosiz ekonomia berpizteko asmoz, ustez horrela zorrak arinduta, gobernuek bezala konpainiek gastu berriak egin eta merkatua berotuko dutela. Ekonomia txukun antzean dabilen garaietan erabiltzen ez den erreminta ezohiko hau agintariek lanean jartzen dute gainerako moneta politika estandarrek porrot egin dutenean.

2008an lehertutako krisitik ateratzeko bestelako munizio asko erre ostean, Europan Mario Draghi EBZko lehendakariak 2015eko urtarrilean ekin zion quantitative easing bidez zorren erosketa masiboari, estreina euro-guneko gobernu eta beste erakunde publikoei bonoak erosiz, hilero 60.000 milioi osatu arte. Draghik helburutzat markatu zuen 2016ko iraila bitartean 1,1 bilioi eurotik gora erostea QE bidez, argudiatuz planak iraungo zuela harik eta ekonomiak erakutsi artean benetan hobetzen hasi zela. Nola jakingo den hobekuntza iritsi dela? Omen, inflazioa nabarmen handiagotutakoan.

Baina QEak apenas lortuko zuen ekonomia aski suspertzea, zeren eta 2016ko martxoan Europako Banku Zentralak hilero erosteko zorraren muga jaso egin baitzuen 80.000 milioietaraino, %33ko igoera, erosketen saskia zabalduz korporazio pribatuei, hauek ere izan zezaten diru merkea eskueran.

CEO Europako Korporazioen Behategiak jarraitu du Europako Banku Zentralak egindako erosketen arrastoa, aurkitu arte nortzuk diren onuradunak. ”Aurkitu duguna –dio CEOk– benetan da kezkatzeko modukoa, behintzat zuk ere guk bezala pentsatzen baduzu diru publikoa jartzeko leku egokiak ez direla petrolioa, auto fantastikoak, autopistak, xanpaina eta jokoa”.

The ECB’s ‘quantitative easing’ funds multinationals and climate change dosierrean CEOk erakutsi duenez, QE sistemarekin Europako Banku Zentralak kreditu oso merkeak eskaintzen dizkie lehendik Europako merkatuaren jabe eginak diren multinazionalei eta klimaren aldaketaren errudunak diren korporazioei, quantitative easing eufemismoz beztituz funtsean multinazionalei Europako agintariek oparitutako diru-laguntza publikoa.

Diru merkea eskuratu duten enpresen oso izen gutxi jakin dira hilabeteotan. EBZk bere erosketen onuradunen nortasun bakartzat kode batzuk ematen dituelako. Gauza bitxia banku publiko batek horrela jokatzea, agintariek ahoa gardentasun eta gobernantzaz betetzen duten garaiotan.

Europako Korporazioen Behatokiak hartu du kodeak deszifratzeko lana, eta hortik azaldu da EBZ funtsean ari dela laguntzen klimaren aldaketa eragiten ari diren multinazional zikin guztiak, petrolio eta gas konpainiak eta auto ekoizleak, inporta gabe zein eskandalutan sartuta daude, hala nola Shell, Repsol, Volkswagen eta BMW.

Petrolioa, gasa, autoak, luxua

Irakurleak ondo egingo du CEOk bere dosierrari PDFan itsatsitako zerrendan begiratuta. Guregandik hurbil, Frantziako korporazio gotorren artean, EBZren mailegu txit bigunak eskuratzeko gai izan dira Orange, Veolia, Bouygues, Suez, Vivendi, EDF, Danone eta urrezko izen handi andana, baita Merci Patron! filmak hain zorrotz larrutu zuen Louis Vouitton-LVMH luxuetan liderra ere. Espainiako konpainien zerrendan ageri dira IBEX 35eko izarrak: Iberdrola, Repsol, Telefonica, Gas Natural, DIA, Enagas, Ferrovial, Mapfre... EBZri bonoak kolokatutako konpainia espainiarren artean %53 gas eta petrolioari lotuak dira.

Europa osoan Banku Zentralak bonoak erosi dizkien konpainien saila ikusirik, CEOk nabarmentzen du batetik azpiegitura handiak ari direla sustatzen, hala nola autopista, abiadura handiko tren eta aireportu berrien eraikuntzak.

Bestetik, dio CEOk, “onuradunen zerrendari erregai fosilen kiratsa dario, petrolio konpainia handienak arreta handiz zaintzen baititu Frankfurtek [EBZren egoitzak]. EBZk gutxienez 11 aldiz erosi dizkio bonoak Shelli, 16 Eni petrolio konpainia italiarrari, 6 aldiz Repsoli, 6 aldiz Austriako OMVri, 7 aldiz Totali”.

Klimaren aldaketa erremediatzeaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, energia zikina ustiatzen dutenak saritzen ditu Europako diru merkeak. Salbu eta haize errotak ere eraikitzen dituen Siemens; EBZk lagundutakoen artean  energia alternatiboa aipatzen duten bakarrak dira: uranio aberastua ekoizten duen URENCO eta zentral nuklearrak ustiatzen dituen Teollisuuden Voima finlandiarra. Autogintzak ere jasotzen du diru merkea. Alemaniako onuradunen zerrendan nagusi ageri dira Daimler-Mercedes eta BMW (15 bono-erosketa) eta Volkswagen (7). Horiek bezala ageri dira Renault Frantzian edo Fiat eta baita Ferrari bera ere Italian.

Eskandaluetan edo lekuko herritarrekiko borroketan harrapaturik egotea ez da diru publiko merkearen banaketatik at geratzeko motibo. Volkswageni zor andana erosi diote. Berdin Eesti Energia estoniarrari, AEBetan petroliorik zikinena bertako jendeen protesten artean ustiatzen duenari.

Ryanair hegaldi merkeak langileen eskubideak zanpatuz lortzeak famatu egin duena ere zerrendan dago. Klase guztietako armak ekoiztu eta saltzen dituen eta politikarien ustelkeria kasuetan nahasitako Thales bezala. Eta Suez, Veolia eta Vivendi, Frantzian eta munduan uraren pribatizazioan ari direnak. CEOk ez du aipatzen Iberdrolaren Lemoizko zentral nuklearraren eskandalua, menturaz informearen egileak hura ezagutzeko gazteegiak zirelako.

Quantitative easing planekin beren bonoak banku publikoei saldu dizkieten multinazional horiek denek aurrerantzean 31 urteko epea edukiko dute baldintza merketan lortutako dirua itzultzeko. Ikusteko dago, ordea, diru punpatze erraldoiak inoiz eragingo ote duen lanpostuen ugaritzerik euro-zonan. Aditu askok diote multinazionalei emanda baino etekin hobea aterako litzaiokeela horrelako dirutza bati enpresa txiki eta ertainen finantziazioa arinduta, baina EQ bezalako sistemak finantzetako lehen mailan jokatzeko egiturak dauzkaten erraldoien neurrira daude diseinatuak.

“Azkenean –dio CEOk– dirutza handiokin laguntza publikoa ematen zaie klima okerragotzen ari diren korporazioei, hobekuntza nabarmenik ekarri gabe krisiak jipoitzen dituen Europako herritar arruntei”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Finantza erakundeak

Finantza erakundeak kanaletik interesatuko zaizu...
2018-07-17 | ARGIA
Dimititu egin du Haitiko lehen ministroak austeritate neurrien aurkako protesten ondorioz

Jack Guy Lafontant Haitiko lehen ministroak dimititu egin du Nazioarteko Diru Funtsak behartutako austeritate neurriek protesta handiak eragin ostean herrialdean. Zehazki, gasolinaren prezioa igotzen saiatu ziren joan den astean, eta honek haserre handia eragin zuen.


2018-07-10 | ARGIA
Protesta gogorrek atzera bota dute Haitin erregaiaren prezioa igotzeko gobernuaren asmoa

Haitiko hiriburu Port-au-Prince protesta handien lekuko izaten ari da, herrialdeko Komertzio eta Ekonomia ministerioak ostiral gauean iragarri ostean erregaiaren prezioaren igoera nabarmena, Nazioarteko Diru Funtsak inposatutako austeritate neurrien parte gisa.


Munduko Bankuak 2008koaren antzeko krisia errepikatzeko arriskuaz ohartarazi du

AEBek hasitako inportazioen aurkako gerra komertzialak eragin ditzakeen arriskuaz ohartarazi du Munduko Bankuak


2018-06-01 | ARGIA
"Ahobiziak" eta "belarriprestak" Osakidetzan, Banco Sabadellen, Caixabanken...

Udazkeneko Euskaraldian protagonista nagusiak herritarrak dira. Hala ere, entitateek haien eremuetan “ahobiziak” eta “belarriprestak” aktibatzeko ardura hartu ahal izango dute. Batzuek hartu dute horretarako konpromisoa.


2018-05-22 | ARGIA
Kontuz elkarteak diru bilketa hasi du Zamoraren lau auziei aurre egiteko

Patxi Zamora Kontuz elkarteko eleduna lanetik bota zuten Guardia Zibilak hegazkinean sartzeko baimena kendu eta gero. Lau auzi ditu abian eta 20.000 euro beharko dituztela kalkulatu du elkarteak.


Krisia eta ezegonkortasuna Argentinan, Macrik Nazioarteko Diru Funtsari laguntza eskatu ostean

Mauricio Macri Argentinako presidenteak Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) atea jo behar izan du, pesoaren debaluazioa geroz eta jasanezinagoa bihurtzen ari dela eta. Macrik NDFko presidente Christine Lagardekin izandako elkarrizketa publiko egin da, eta bertan Argentinako presidenteak laguntza eskatzen dio Lagarderi, interes tasen ondorioz “egunez egun konplexuagoa” den nazioarteko errealitateari aurre egiteko.


BBVAren kontra altxatu dira Andaluzian, Cerro Libertad lursaila desalojatuko duela eta

Cerro Libertad Jaenen okupatutako lursaila hustea ebatzi du hiriko epaitegiak. BBVArena da 75 hektareako lursaila, eta Andaluziako Langileen Sindikatuak (SAT) okupatu zuen. SATeko kideek salatu dute tokia “abandonatuta” daukala BBVAk, eta Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) diru-laguntzak jasotzen dituela.


Kutxabankek bikote gasteiztar baten aurka zuen kaleratze prozesua bertan behera utzi du epaileak

Cesarea eta Bartolomek 68 eta 72 urte dituzte eta Gasteizen duten etxetik bota nahi zituen Kutxabankek, baina Arabako probintzia-auzitegiak baliogabe jo du hipotekaren kuota bat ordaintzen ez duzunean bankuak hipoteka osoa eskatu ahal dizula dioen klausula. Ez dago helegiteak jartzeko aukerarik.


Mario Fernándezek Repsol utzi du, epaileek behartuta

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Kutxabanken presidente ohiaren kontrako epaia, diruaz bidegabe jabetzeagatik eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio. Mikel Cabieces Espainiako Gobernuko EAEko ordezkari ohiaren eta Rafael Alcorta abokatuaren kontrako urtebeteko eta sei hilabeteko kartzela zigorrak ere berretsi ditu auzitegiak.


Microcredits from Fiare Ethical Bank against Social Exclusion

Andoain Town Council (Gipuzkoa, Basque Country) has signed an agreement with Fiare. Socially excluded citizens, and those in danger of being so, will be able to ask for loans from the ethical bank without the guarantees required by traditional banks.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude