argia.eus
INPRIMATU
Damaris Pan
Xabier Gantzarain @gantzarain 2017ko urtarrilaren 11
Lana: Izenbururik gabe. 2016. Olioa oihalean. 60x73cm
Lana: Izenbururik gabe. 2016. Olioa oihalean. 60x73cm

Banaketa egin beharko da seguru asko aurrerantzean: internet aurretik eta internet ostean. Internet osteko artista da Damaris Pan Vega (Mallabia, 1983ko abuztuaren 29a), baina ez bereziki bere lanean sareak presentzia agerikorik duelako, ez bada bere lana ezagutzera emateko sarea erabiltzen duten artisten taldekoa delako. Bere garaiko artista, esan daiteke beraz.

Banakako erakusketarik ez oraindik, baina makina bat erakusketa kolektibotan izan da aspaldian, azkena Iñaki Imaz komisario lanetan ibilitako Esku Azpi Begi erakusketan, iazko abenduaren 30ean bukatua. Bizkaiko Ertibil erakusketarako hiru bider izan da aukeratua. Irakaslea da Arte Ederren Fakultatean.

Bere garaiko artista, baina aldi berean betikoa: marrazkia eta pintura erabiltzen ditu gehienbat, zer aurkituko duen jakin gabe abiatzen da bidean, sormen prozesuak bere barrenak erakusten dizkiola iruditzen zaio. Ez du metodologia jakinik, ez du behar. Ez du ordutegirik, ez du presarik, beretzako ari da lanean mundua. Begietatik sartzen zaion mundu hori eskuetatik ateratzen zaio, lehen edo berandu. Ez darabil margoa zerbaiten errepresentazio bezala, modu autonomoan baizik: materia bera, trazua, kolorea, marrazkia, formaren indarra. Izaki eta izaera berri bat sortzen du artelan bakoitzean.

Zer aurkituko duen jakin gabe abiatzen da bidean, artea desbideratze gisa ulertzen du, eta etengabeko desbideratze horretako geltokiak dira bere lanak. Batean izaki harrigarriak, bestean ikono zikinak, batzuetan ematen du sarean hara eta hona dabiltzan mila modutako irudien sintesi basa bat egin duela bere garaiko artistak, harrapatu duela munstroa, harrapatu duela edertasuna, eta berriro sarean jarri, izaki berriak bere bidea egin dezan.