"Diru publikoz hornitutako museoekin zorrotzagoak izan behar genuke"

  • Arte kritikaria eta komisarioa da Haizea Barcenilla (Lezo, 1981), baita EHUko Artearen Historiako irakaslea ere. Berria egunkariko zutabeetan begirada gertukoa eta kritikoa eskaintzen die artearen bueltako azken gertakariei. Zorroztasun hori egiaztatzeko saiakera egin dugu guk, museoen funtzionatzeko eraz, erakundeen paperaz eta prekarietatearen arteaz galdetuta.

Etorri bezala joan da 2016. urte hau, konturatzerako. Batzuen oroimenerako izango da Fidel Castro eta Leonard Cohenen heriotzaren urtea, Bob Dylanen Nobelarena, Angela Davis Euskal Herrira etorri zenekoa, Joseba Sarrionandiaren argazkiarena, Maialen Chourrauten urrezko dominarena…

Baina izan da, baita ere, Donostiako Kultur Hiriburutzaren aitzakian, erakundeetako ordezkarien ahotan “kultura”, “artea” eta antzekoak gehien errepikatu diren urtea. Guggenheim eraiki zutenetik, ez da halakorik gogoratzen. Eta paradoxa: izan da, Bilboko Guggenheim eta Arte Ederren museoetako langileek artearen erakusleihoen atzeko prekarietatea salatu duten urtea ere.

“Atzerapauso handia iruditzen zait Bilboko Arte Ederren museoan orain egin dutena. Miguel Zugaza izendatu dute zuzendari hautaketa prozesurik gabe”

Aldarrikapenak bertsuak izanagatik, oso desberdina izan da langile batzuen eta besteen emaitza. Bilboko Arte Ederren Museoan arreta zerbitzua eskaintzen zuten langileek soldaten igoera adostu zuten 41 eguneko lanuztearen ondoren. Guggenheimek aldiz, baldintza duinak aldarrikatzen zituzten 18 hezitzaile azpikontratatuak kaleratu ditu, haien partez hiru lagun kontratatzeko.

Hori guztia ulertzeko bada ezinbesteko irakurgai bat: Haizea Barcenillak Jakin-en uztaila-urriko alean argitaratu duen Kultur politikak: paradigma aldaketa artikulua, eta aipatzen duen gertakari segida. Guggenheim Bilbao Museoa instituzio publiko izan beharrean diru publikoa jasotzen duen fundazio gisa sortzeak domino efektua ekarri zuela azaltzen du bertan: Bilboko Arte Ederretako Museoak eta Gasteizko Artiumek esaterako, bide bera hartu zutela gero. Fundazio horiez, erakundeekin duten harremanaz eta horrek sortzen dituen prekarietate egoerez galdegin diogu. Tokion hilabeteko egonaldi artistikoa egiten ari den arren, erantzuteko tartea eskaini digu.

Denbora gutxian Guggenheim zein Bilboko Arte Ederren museoko langileen gatazkak egin du eztanda. Zer dago horren atzean? Emaitza desberdinak zerikusia izan du erakunde publikoek kasu batean eta bestean izan duten jarrerarekin?

Legalki biak dira fundazioak, horretan ez dago alde handirik. Ez dira publikoak eta estatus legal berezia dute. Baina Arte Ederren Museoa EAEko instituzio publikoek lagundua dago ia osotasunean, eta Guggenheimek aldiz akordio berezia du AEBetako Guggenheim fundazioarekin. Erakundeek Guggenheimen oso gutxi sartzen dute eskua, eta Arte Ederren Museoan pixka bat gehiago, gauza zehatz batzuetan bakarrik bada ere. Adibidez, zuzendaria nahieran aukeratu ahal izan dute, eta askatasun osoa izaten du nahi duena egiteko, ia plangintzarik gabe. Hala ere, uste dut Arte Ederren Museoaren kasuan ahalegindu direla langileekin egon den gatazka konpon zedin eragiten. Guggenheimen kasuan ez ordea.

Lan baldintza prekario horiek lotuta daude museo hauen fundazio izaerarekin? Edo bestela esanda, formula aproposa iruditzen zaizu?

Arriskutsua iruditzen zait. Nahiz eta diru-sarreren ehuneko oso handia publikoa izan, eta zerbitzu publikoa eskaini, legalki ez dira publikoak. Beraz, eskubidea dute langileekin haien lan-baldintza bereziak ezartzeko. Ez dituzte bete behar erakunde publiko batean bete behar diren kontratazio sistemak, ez da deialdi publikorik egin behar… Goi karguen hautaketan batetik, eta langileen lan-baldintzekin bestetik, maiz gaizki erabiltzen den askatasuna dute.

Zenbatekoa da horretan erakunde publikoen eragiteko gaitasuna?

Ados ez badaude, diru-laguntzak kentzea da errekurtso bakarra. Hori oso erabaki erradikala litzateke, oso muturreko egoeratan soilik hartuko luketena. Beraz, eragiteko aukera txikia da. Programazioan izan behar dute independentzia, noski, kriterio batzuk politikoak direlako eta beste batzuk artistikoak. Baina, lan baldintzetan edo berdintasunean, erakundeek zeresan handiagoa izan behar dute.

Bestalde azpi-kontratazioek ere eragiten dute horretan, eta halakoak badaude fundazioak ez direnetan ere. Takiletan, gelak zaintzen, hezkuntzan… Halako lanetan dauden asko azpikontratatuak dira, eta hor beti dago enpresa bat diruaren zati bat eramaten duena, ez dituena langileen baldintzak hobetu nahi. Museoentzat modu bat da jendea taldean ez izateko, eta gainera, hiru-lau urtean behin kontratazioa ateratzen duzunean, kostuak murrizten saiatzeko. Demagun hiru enpresa aurkezten direla: eskaintza ekonomiko merkeena duenak puntu gehiago izango dituenez, azpi-kontratazioetan lan-baldintzak prekarioak izateko aukera handia da.

“Bilboko Arte Ederren museoan gertatzen dena oso larria iruditzen zait: ez ditu emakumeek egindako artelanak erosten ez erakusten”

Zeintzuk behar lukete diru publikoz hornitutako fundazio horien gutxieneko betebeharrak?

Badaude betebehar batzuk ezinbestekoak izan beharko luketenak. Badago, adibidez, kargu nagusietarako pertsonak kontratatzeko praktika aproposak zeintzuk diren zehazten duen gida bat. Tabakaleran bete zen, horrela sartu zen Ane Rodriguez zuzendaria, eta nazioartean ere aplikatzen da. Horren aldean, atzerapauso handia iruditzen zait Bilboko Arte Ederren museoan orain egin dutena. Miguel Zugaza izendatu dute zuzendari hautaketa prozesurik gabe. Ez dut zalantzan jartzen bere gaitasuna, baina ez da inorekin lehiatu eta ez du proiekturik aurkeztu behar izan.

Bilboko Arte Ederren museoarekin jarraituz, oso larria iruditzen zait gertatzen dena: ez ditu emakumeek egindako artelanak erosten ez erakusten. Erakunde publikoek hori onartzea lotsagarria iruditzen zait. Uste dut exijitu beharko liratekeela gutxienez hiru gauza horiek: kargu altuen hautaketarako bide irekiak, lan-baldintza gutxienekoak eta berdintasunaren bermea.

Ez da museo edo gune jakin bat, baina aurten artea eta erakunde publikoak parez pare jarri dituen gertakizun handia Donostiako kultur hiriburutza izan da.

Prekarietateari soldatatik bakarrik begiratzen badiogu, ez dut uste 2016ko langileek soldata txarra dutenik. Gertatzen dena da kontratatuak daudela behar direnak baino askoz pertsona gutxiago. Gauza bera gertatzen da Tabakaleran eta beste museo askotan. Jendea ez da iristen bere lana egitera, eta askok ordu gehigarriak egin behar dituzte etengabe. Hori azkenean beste prekarizazio mota bat da, pertsona bati bi pertsonaren lana egitea eskatzen zaiolako.

Beste prekarizazio mota bat ere badago ekitaldi mota honekin oso lotua. Diru asko sartzen da denbora gutxian, jende askori lana ematen zaio, baina urtea bukatu eta berehala kalera doaz denak. Amaitzean, jende prestatu eta baleko mordoa dugu, baina luzaroan ez duena esparru horretan lanik izango. Diru gehiago bideratu baldin bada bost urtez kulturara, esan nahi du beste esparru batzuei kendu zaiela, eta ziur asko orain kulturari kenduko zaiola beste esparru horiei itzultzeko. Lanpostuak ere gutxituko dira, beraz.

Banketxeek ere izan ohi dute parte-hartzea artearekin lotutako fundazio eta gune handietan… Badu horrek arriskurik?

Niretzat idealki erakunde hauek publikoak izan beharko lukete, eta diru publikoz soilik hornitu. Horrek ez du esan nahi lankidetza denak txarrak direnik, injerentziarik ez dakarren bitartean. Bankuek normalean ez dute ikuspegi oso kritikorik arteari buruz. Sustatzen dute arte bat xamurragoa dena, errazagoa dena, azalekoa… Horrek ekar dezake praktika esperimentalagoak, kritikoagoak edo probokatzaileagoak moztea. Ez dut uste Tabakaleraren kasua hori denik, espazioak oso banatuta daudelako, baina aurrekontuak mozten dituztenean, hori gertatzeko arriskua ikusten dut.

Alderdi eta erakunde publikoek ere askotan salgarria eta ikusgarria den neurrian baloratzen dute artea…

Azken bolada honetan lehentasuna ematen zaio espektakularragoa den horri. Denak izan behar du intentsua eta denbora gutxian jende asko erakartzeko modukoa. Hori normalean artearentzat ez da oso egoera ona. Arteak behar du ikerketa, lana, denbora… gero azken emaitza argitara eramateko. Ikusgarritasuna prozesuaren zati bat besterik ez da.

Horrekin lotuta, ez da ahaztu behar artearen munduan prekarioenak ez direla museoetako langileak, artistak baizik. Haiek dira museoak eta arte zentroak betetzen dituztenak, baina baita zailtasun handienak dituztenak ere.

“Arte Ederren Museoaren kasuan erakunde publikoak ahalegindu dira langileekin egon den gatazka konpon zedin eragiten. Guggenheimen kasuan ez ordea”

Zein izan daiteke erakunde publikoen funtzioa egoera horri buelta emateko? Egiten da ahaleginik?

Ez da bide nahikoa egin horretan. Ia dena dago egiteko. Gainera, azken urteotan atzera ere egin dugu. Krisia dela eta, leku askotan artistei ematen zaien ordainsarietan egin dira murrizketak. Badakit hainbat kasutan ezer kobratu gabe erakustea eskaintzen dela, baita diru mordoa mugitzen duten ekitaldi eta gune handietan ere.

Erresidentzia eta egonaldiak badaude, baina normalean motzak izaten dira eta ez dute bizibide bat ematen, produkziorako dirua baizik. Oso ongi etortzen zaie artistei, baina beste lan batekin uztartu behar izaten dute, gero ordu libreetan proiektu horiek aurrera eramateko. Badaude laguntzeko beste bide batzuk. Oso ezaguna izan zen Herbehereetakoa, adibidez. Bi edo hiru urterako bekak ematen zizkieten hasiberriei haien lanak garatzeko, hautaketa fase baten ondoren, beti ere. Estatuak ordaintzen zien artista gisa garatzeko eta gero horren truke publikazioak eta hitzaldiak egin behar zituzten, baina gutxienez, bazuten hasi ahal izateko bide bat. Euskal Herrian, gaur egun, asko jota bost izango dira artea eginez soilik bizi daitezkeen artistak, ez gehiago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Eguneraketa berriak daude