"Gobernuek Petronor estrategikotzat badute esan dezatela, baina eztabaidatu dezagun garbi findegi bat herri baten erdian izatearen ondorioez"

  • Guraso bizkaitarren alaba da Cristina Álvarez Baquerizo ingurumen-abokatu madrildarra. Eta azken urteetan Bizkaira etortzea egokitu zaio sarri, Petronorren jardueraren aurka lanean ari diren Muskizko hainbat herritarren abokatua baita. Bidea hasi zuenean laburrerako izango zela pentsatu zuen, orain iruditzen zaio Petronorren aurkako auzietan jardungo duela betiko. “Nire aldetik, primeran”.

Cristina Álvarez Baquerizok Petronorri buruzko txosten bat egin zuen Muskizko Udalarentzat 2008an. Hura amaitu eta gero, herritarrentzat dohainik lan egiten jarraitzea erabaki zuen. Ordutik legezko prozedura ugari abiatu du findegiaren aurka. (Arg.: Aritz
Cristina Álvarez Baquerizok Petronorri buruzko txosten bat egin zuen Muskizko Udalarentzat 2008an. Hura amaitu eta gero, herritarrentzat dohainik lan egiten jarraitzea erabaki zuen. Ordutik legezko prozedura ugari abiatu du findegiaren aurka. (Arg.: Aritz Loiola)

2008an izan zenuen lehen harremana Muskizekin, Udalak kontratatu zintuenean.

Udalak Petronor findegiaren zabalkunde proiektuaz azterketa bat egin nahi zuen, eta lehiaketa publikoa atera zuen. Nik irabazi nuen. Udala, artean, zabalkundearen aurka zegoen, eta hala adierazi zidaten. Nolanahi ere, txosten serio eta dokumentatua egiteko eskatu zidaten, ez lerratua. 

Ez omen zen lan erraza izan.

30 urte neramatzan abokatu, eta jaso nuen espedientea bezalakorik ikusi gabe neukan. Milaka artxibo hainbat karpetatan banatuta, izendatu gabe, aurkibiderik gabe… Saiatu ginen Eusko Jaurlaritzatik txosten ordenatu bat lortzen, eta honela erantzun ziguten gutxi gorabehera: “Baina inork sinets dezake norbaitek espediente osoa irakurriko duenik?”. Horrek erabat txunditu ninduen. Tira, aztertzen hasi eta ohartu ginen lehen gauza izan zen Petronor jarduera-baimenik gabe ari zela lanean betidanik. Inori ez zitzaion bururatu halakorik beharko zuenik, nonbait.

“Petronorri baimena emateko egindako ingurumen-inpaktu azterketan ez zuten kontuan izan herritarren osasuna”

Baimen hori izango du dagoeneko.

Bai, noski. Dena den orain ez da jarduera-baimenik ematen; ezaugarri horiek dituzten industriei ematen zaiena Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) da. Eta hori badu Petronorrek, Eusko Jaurlaritzak prozedura bitxi baten bitartez emana. Izan ere, hamar baimen eman dizkiote, bata bestearen ondotik eta bakoitzak aurrekoa osatuz. Horien guztien aurka prozedurak hasi ditugu.

“Hasi ditugu” diozunean, Muskizko bizilagun taldeez ari zara?

Bai. Zehazki, Meatzaldea Bizirik koordinadorarako aritu naiz lanean azken urteetan, dohainik. Udalarentzat lana amaitu nuenerako konturatu nintzen ez zutela jadanik Petronorren aurka jotzeko asmorik. Baina bitartean herritarrak ezagutzeko aukera izan nuen; koordinadora antolatutakoan, haientzat lan egiteko eskaini nuen nire burua. Gaia ondo ezagutzen nuen ordurako, milaka artxibo aztertu eta gero. Baina ez nukeen sekula pentsatuko kontuak hain luze joko zuenik. 

Hasteko, Muskizko eta Abantoko udalek Petronorri emandako jarduera-baimenen kontra jo zenuten.

Bai. Egia esan behar badizut, nik garai hartan pentsatzen nuen: “Hauei bihar bertan itxiaraziko diete findegia”. Kontu erraza izango zela uste nuen, denbora eta lan apur bat besterik eskatuko ez ziguna. Hainbeste lege urratze zegoen… Bai Abantok bai Muskizek emandako baimenen aurkako prozedurak aise irabazi genituen Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian. Baina Petronorrek helegitea aurkeztu zuen, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEAN) arrazoia eman zien. Horrez gain, Jaurlaritzak emandako IBBaren aurka aurkeztutako helegiteak ere galdu genituen. Auzi horiek guztiak EAEANeko areto berean ebatzi ziren.

IBBa emateko modua bitxia izan zela esan duzu. Hamar baimen eman zituen Jaurlaritzak, bakoitza aurrekoaren osagarri, eta denen aurkako helegitea aurkeztu behar izan zenuten.

Hori da auzi honetan egon den beste gauza ezohikoetako bat. Baimen horiek arautzen dituen espainiar legeak dio prozedura bat dagoela IBB bat emateko, eta IBB hori aldatzeko sistema zorrotza ezartzen du. Ezin da aldatu Eusko Jaurlaritzari egoki iruditzen zaion edozein gauzarengatik. Baina kasu honetan, legeak aurreikusten ez dituen arrazoiengatik egin dira aldaketak. Bide batez, esan dezagun horrek desoreka handia sortu duela Petronorren eta herritarren arteko lehian, besteak beste tarte batez Gallardón ministroak ezarritako justizia-tasen legea izan genuelako indarrean, eta tentu handiz jokatu behar genuelako zer helegite ipini erabakitzeko orduan. Orain behintzat lasai ibil gaitezke alde horretatik.

EAEANek Petronorri arrazoia eman eta gero, Espainiako Auzitegi Gorenera jo zenuten, eta hura ere findegiaren alde. 2016ko martxoan izan zen hori.

Bai. Baimena ondo emanda dagoela esan zuten, baina epaiak ez zituen aztertu guk emandako argudioak.   

"2008an, Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendari nagusiak txosten bat kaleratu zuen esanez ez zeukala esateko ezer, ez baitzegoen osasunari buruzko informaziorik. Auzitegiak ontzat eman zuen hori, baina herritarren osasunaz ezer ere ez jakitea sinestezina da. Izan ere, gezurra da".

Zer argudio?

Nik uste nuen azkenean guri emango zigutela arrazoia, batez ere, gauza batengatik: IBB eman aurretik egindako ingurumen-inpaktu azterketetan, ez zuten kontuan izan osasunarenganako inpaktua. Legeak ez du horri buruz zalantzarako zirrikiturik uzten, baina azterketa hori ez da inoiz egin. 2008an, Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendari nagusiak txosten bat kaleratu zuen esanez ez zeukala esateko ezer, ez baitzegoen osasunari buruzko informaziorik. EAEANeko prozeduretako batean haren testigantza eskatu genuen, eta gauza bera esan zuen. Auzitegiak ontzat eman zuen hori, baina herritarren osasunaz ezer ere ez jakitea sinestezina da. Izan ere, gezurra da. Auzibide hauek prestatzen ari ginen garairako argitaratuta zeuden EAEko hilkortasun-atlasari buruzko lehen datuak, eta hor ikus zitekeen eskualdeko herrietan hilkortasun handiagoa zegoela arnasbideetako minbiziengatik. Datu horiek eskuetan izanda findegi bat handitzeko baimena eskatzen badizute, urtero milaka tona kutsatzaile gehiago ekarriko duena, Osasun Publikoko zuzendari batek egin behar lukeen lehen gauza arrisku-azterketa bat egiteko denbora tarte bat eskatzea da. Uste nuen Auzitegi Gorenak osasunarenganako inpaktuei emandako arreta falta hori kontuan izango zuela, baina funtsean esan ziguna izan zen guk frogatu behar genuela kausa-efektu erlazioa.  

Horrek ez du talka egiten zuhurtzia printzipioarekin?

Bai. Izan ere ni hein batean lasaitu ninduen Auzitegi Gorenak epaia eman baino hilabete batzuk lehenago, Europako Ingurumen Agentziak (EIA) bilera batera deitu izanak. EIAk txosten bat egiten du bi urtero, Alerta Goiztiarrei buruzko Ikasgai Berantiarrak izena duena; jarduerak edo produktuak baimentzean zuhurtzia printzipioa aintzat ez hartzeak gerora pertsonen osasunean eta ingurumenean kalteak eragin dituzten kasuak aztertzen dituzte, eta agentziak gure kasua aurkezteko hautatu gintuen. EIAko zuzendari izandako pertsona batek, Domingo Jiménez Beltránek, adierazi digu Petronorren auzian Eusko Jaurlaritzak egindako urratze larrienetako bat zuhurtzia printzipioa aintzat ez hartzea izan dela.

“Legedia gauza bat da, eta beste bat osasunaren aldetik zer litzatekeen gomendagarria. Europan, aire kalitatearen araudia ahulduz joan da 2006tik ”

Espainiako Estatuan bideak agortuta, Europara jo duzue.

Bai, udan kexa bat aurkeztu genuen Europako Batzordean. Baina oso litekeena da bide horretatik ere ezer ez lortzea.

Beste bide batzuk ere badaude.

Bai, batetik findegiaren kokapenari dagokiona, eta bestetik funtzionamenduari dagokiona. Bigarren horri dagokionez, gure asmoa da nazioarteko ingurumen ebaluatzaile talde bat ekartzea. Ingurumenaren egoera aztertu nahi dugu, Eusko Jaurlaritzak egiten ez duenez. Eta horretarako nazioarteko laguntza eta diru asko behar ditugu, denboraz gain. Momentuz ireki gabe daukagu bide hori.

Jaurlaritzak, Petronorrek berak… esan ohi dute airearen kalitateari buruzko neurketak egon badaudela, eta legearen barruan daudela beti ere.

Legedia gauza bat da, eta beste bat osasunaren aldetik zer litzatekeen gomendagarria. 2006tik hona, Europan airearen kalitatea arautzen duten legeak ahulduz joan dira. Urtez urte Europako Ingurumen Agentziak berak kritikatzen du hori. Besteak beste, nazioarteko protokoloak ez dira berresten ari. Adibide argi bat Göteborgeko Protokoloa da. Hemen aplikatuko balitz, Petronorrek itxi egin beharko luke.

Zer dio protokolo horrek?

Aireko kutsatzaileen balioak ahalik eta gehien hurbildu behar direla Osasunaren Munduko Erakundeak gomendatutakoei.

Petronor ez da izango eskualdeko kutsadura eragile bakarra, ordea.

Ez, noski. Baina bai handiena, nabarmen. Oro har, gero eta gehiago trafikoari botatzen zaio emisio kutsatzaileen errua, baina datuei begiratuta ikusten da kutsatzaile guztien kasuan, nitrogeno oxidoarenean izan ezik, jatorri nagusia industria jarduera dela. Krisian gaude ordea, eta industriak laguntza behar duenez, kontrola ahulduz joan da. Bestalde, aire kalitateari buruzko datuak ez direla zehatzak, neurketak egiteko modua ez delako egokia.

"Legeak baimena ematen du neurketak eteteko findegiak geldialdiak eta berrabiarazteak egiten dituen bitartean. Baina Petronorrek 2016an denboraren %30 eman du geldialdi edo berrabiaratze faseetan, eta fase horietan izaten dira kutsadura handieneko gertaerak".

Zergatik diozu hori?

Arrazoi bat baino gehiago dago, baina Petronorren kasuan garrantzitsuenetako bat da legeak baimena ematen duela neurketak eteteko findegiak geldialdiak eta berrabiarazteak egiten dituen bitartean. Findegietan aditu batek esango dizu helburua dela lan baldintza normaletan zenbat kutsatzen den jakitea, baina Petronorrek, esaterako, 2016an denboraren %30 eman du geldialdi edo berrabiaratze faseetan eta fase horietan izaten dira kutsadura handieneko gertaerak.

Jorratzen ari zareten beste bidea findegiaren kokapena dela esan duzu. Hasteko, itsasertzetik hurbil dagoelako, Espainiako Kostalde Legeak araututako eremuan.

Hasieratik zeharo harritu ninduen Kostalde Zuzendaritzak inoiz Petronorri buruz ezer esan ez izanak. Ez 2011n legea aldatu baino lehen, ez gero.

Zein lege aldaketaz ari zara?

Findegia 1972ko kontzesio bati esker aritu izan da lanean, eta kontzesio hori 2012an agortzekoa zen. Guk hilabeteak zenbatzen genituen une hori iristeko, legea zorrotza baita eta ez baitu inola ere baimenik ematen halako kontzesioak luzatzeko. Beti pentsatu genuen zerbait egin beharko zutela 2012 iristen zenerako, eta bai, zerbait gertatu zen, gertatu zenez. 2011ko abenduan ekonomia jasangarriari buruzko lege-proiektu bat eztabaidatzen hasi ziren Espainiako Diputatuen Kongresuan. Eztabaidaren barruan, PSOEk –EAJrekiko paktu baten ondorioz, gero jakin zenez– zuzenketa bat aurkeztu zuen, zeinaren bitartez Hidrokarburoen legearen artikulu bat aldatzen baitzen. Eta aldaketa zen kostaldean zeuden findegien kontzesioak luzatu ahal izango zirela. Petronorren kasuan, beste 30 urterako. Zuzenketa hura ez zen eztabaidatu. Presaka bozkatu zuten eta kito. Gainera, zuzenketak dio behin luzapena eskatuta automatikoki ematen dela, hau da, Petronor dagoen lekuan gera daiteke beste 30 urtez luzamendua baimentzen duen agiririk eskuetan izan gabe. Hainbat zuzenbide katedradunen txostenek esan dute hori eskandaluzkoa dela. Agian bide hori ere irekiko dugu noizbait. 

"Ona litzateke Petronorrek ekonomiari egiten omen dion ekarpen handi horretatik ingurumenari eta osasunari egiten zaion kaltea berdintzeko zati bat kentzea. Europako Ingurumen Agentziak lan ederra argitaratu zuen orain bi urte, Europako enpresa kutsatzaileek eragiten duten gastu publikoaz. Eta horien artean findegiak daude".

Momentuz, ordea, Petronorren kokapena legezkoa da.

Bai, eta horren aurka ezin dugu ezer egin, baina bai Kostalde Zuzendaritzak inoiz ezer egin ez izanaren aurka, eta hain zuzen horixe salatu dugu Auzitegi Nazionalean. Petronorrek alegazio bakarra aurkeztu du salaketa horren aurrean: ez dugula egiaztatu itsasertzeko eremuan daudenik. Eta egia da. Ez zitzaidan bururatu maparen bat, argazkiren bat… aurkeztea. Beraz, baliteke hori ere galtzea.     

2011ko lege aldaketa hura “nazkagarritzat” jo izan duzu.

Hala da eta. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak uste badute Petronorren jarduera estrategikoa dela Euskadiren ekonomiarako, esan dezatela. Baina karta guztiak mahai gainean jarrita, ez azpijokoekin. Eta eztabaida dezagun garbi findegi bat izatearen ondorioez, ezin baitigute esan gozodenda bat izatearen berdina dela. Jarduera arriskutsua da, eta herri baten erdigunea ez da harentzat leku egokia. Hitz dezagun horretaz, eta behin hitz eginda argitu dezagun mundu guztia ote dagoen findegiaren gaur egungo kokapenaren alde. Bide batez, ona litzateke Petronorrek ekonomiari egiten omen dion ekarpen handi horretatik ingurumenari eta osasunari egiten zaion kaltea berdintzeko zati bat kentzea. Europako Ingurumen Agentziak lan ederra argitaratu zuen orain bi urte, Europako enpresa kutsatzaileek eragiten duten gastu publikoaz. Eta horien artean findegiak daude.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Petronor
Lemoako Bistibieta zabortegian egon liteke 'Prestige' hondamendian euskal kostaldean bildutako galipotaren %37

Elkarrekin-Podemos taldeak informazioa eskatu du Eusko Legebiltzarrean, Lemoako Bistibietako zabortegian egon daitekeen hondakinen inguruan. Ekologistek sarritan salatu dute bertan gorde zituztela 2002an hondoratutako Prestige petroliontziak askatu eta euskal arrantzaleek itsaso... [+]


Petronorrek erraustegietako hondakinak jaso eta eraldatzeko proiektua aurkeztu du

Zierbenako portuan planta bat eraiki nahi du enpresak. Arriskutsutzat jotzen diren hondakinak eraldatu eta hormigoi eta baldosen bidez, besteak beste, eraikinetan eta obra publikoetan sartu nahi ditu.


Petronorren obra batzuk geldiarazi ditu Muskizeko Udalak

Lizentzia-eskaeran “hainbat artxibo osatu gabe zeudelako” obrak geldiarazteko dekretua sinatu du Muskizko alkate Edu Brionesek.


2023-07-10 | Jon Torner Zabala
"Petronorrek kirola zikintzen du" mezua zabaldu du Greenpeacek Zierbenako estropadan

"Petronor eta Repsol dira Euskadin eta Espainiako Estatuan hurrenez-hurren CO2 gehien isurtzen duten konpainiak", salatu du Greenpeacek. "Gisa honetako ekitaldiak baliatzen dituzte haien irudia garbitzeko".

 


Eguneraketa berriak daude