"Ez nau gizartearen desmobilizazioak kezkatzen, hautetsien desmotibazioak baizik"

  • 1964, Auckland– Kalifornia (AEB). 1983n heldu zen Frantziara, Parisera. 1992an, berriz, Euskal Herrira. 25 urte dira Lapurdin bizi dela. Komunikazio digital arloko aholkularia da. Digital Komunikazioa enpresa zuzentzen du Bidarteko Izarbel teknologia gunean. Kantaria da, Mixel Ducau bikotekidearekin batera ezaguna musika munduan. Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko presidentea da 2015eko otsailaz geroztik.

2004. urtean hurbildu zinen Garapen Kontseilura. 2008an, berriz, bulegoan sartu. Bigarren kargu-aldian presidenteorde izan zinen. 2015ean, Jean-Baptiste Etchetoren presidentearen lekukoa hartu zenuen. Elkarteko burua zara gaur egun. Zer nabarmenduko zenuke ibilbide horretan?

Garapen Kontseiluko bulegoan hastean nire lehen xedea, kontseiluko kideekin hobeki elkar komunikatzea izan zen, baita lantzen ditugun gaiak ahalik eta argikien ulertaraztea ere jendartean. Lan egiteko moldea aldatzeko beharra ikusi nuen. Lehenago, gure aburua teknikarien eskutik pasatzen zen lehenik, eta gero aurkezten genuen jendearen aitzinean. Alta, aburuek ehunka orrialde betetzen zituzten, eta horiek ezin genizkien 150 gizarte eragileei helarazi molde egokian.

Zein izan da barne funtzionamenduan kontseiluaren pario behinena?

Batetik, jendearen ikusmoldeak egoki biltzea bilkuretan. Jendeak ez du denborarik bilkuretara etortzeko, askok etxean lan egiten du, beraz, beste gisa batez aritzea pentsatu genuen. Bestetik, gure egiteko nagusia da hautetsien eta gizarte zibilaren artean oreka lortzea. Ideia sobera ekartzea ez da ona, eta gutxi ekartzea ere ez. Gizarte zibilaren ahotsa ongi biltzea da funtsezkoa, bera da Garapen Kontseiluaren balorea eta ahalmen gehigarria.

“Estatuaren aldetik borondate sendoa dago Euskal Herriarekin ‘harremana’ normalizatzeko”
saka

Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak bide luze egin dute elkarren ondoan. 2017tik aitzina aldaketa dator.

Aurreko hamarkadetan Garapen eta Hautetsien kontseilu bietan, aldi berean, lan egiten zuten kideak egon ziren. Mahai-inguruan maila eta ardura guztietako jendea aritu da, lurraldearen garapen orekatua izan dute xede. Orain, beste garai batean gaude, egitura instituzional berria eraikitze bidean dagoelako: Euskal Hirigune Elkargoa. Garapen Kontseilua ez da aldatu, gizarte zibilaren ordezkaritza baita. Beraz, aldaketa Hautetsien Kontseiluan emanen da. Elkartea izatetik instituzioa izatera pasako da urtarrilaz geroztik, beraz, lan egiteko molde berriak atzeman behar ditugu. Lan horretan ari gara.  

Garapen Kontseilua trantsizio egoera batean dagoela erran daiteke.

2015eko irailean gure kideei instituzio berriaren alde jartzeko eskatu genien. Lan egiteko moldea berritzeaz gain, galdera zehatza egin diegu: Hirigune Elkargoak (HELEP ere deitua) zer ekar dezake zuen eremuan? Hautetsiei gizarte eragileen ekarpenak helarazi dizkiegu: enpresa, laborantza, garraio, etxebizitza edota kultura arloei buruzkoak. Gizarte zibileko elkarteen proposamenak bideratzen ari gara instituzio berria eraikitzen laguntzeko. Etorkizuneko Proiektua izenekoan ari gara, Garapen Kontseiluaren geroaz, gure konbikzioez eta egituraz galdatzen ari gara, berau egokitzeko. Anartean, ez dakigu zein izanen den egitura berria, baina gaur arteko espiritua atxiki nahi dugu, baita hautetsiekin elkarlanean jarraitu ere.

Harremanen lanketa garaia da, beraz.

Instituzio politiko baten egitura oso formala eta zurruna izaten da. Adibidez, Garapen Kontseiluak Hirigune Elkargo barnean gai zerrenda itxi batean lan egin behar badu, aldaketarik onartzen ez duena, hori ez zaigu interesatzen. Elkarrekin lan egiteko manera eraiki behar dugu, harreman molde berria bilatzen ari gara, guk elkarrekiko eraikuntzan segitu nahi dugu. Funtsean, instituzio berria esperimentatzeko gunea izatea ere nahi dugu, orain arte egin dugun bezala segitzeko. Gizartearekin elkarrizketa garatzeko batzorde paritarioa izatea nahi dugu, soldatapeko nahiz nagusien sindikatuekin. Garapen Kontseiluko elkarteak %90 dira, beraiek dira eragile nagusiak. Aldi beran, elkarte gisa ere funtzionatu eta independentea izaten jarraitu nahi dugu.

“Batzuetan ez da ongi ulertzen zein diren Garapen Kontseiluaren eta Hautetsien Kontseiluaren egitekoak, ezta elkarrekin nola lan egiten dugun ere”, erran zenuen kargua hartzean. Argitu al duzue zeregin hori?

Garapen Kontseilua ez da sufragio unibertsalaren bitartez hautatua. Elkarteak daude, instituzioen administrazioak ere bai, baina herritarrak dira eragileak. Aldiz, Hautetsien Kontseiluko kideak dira bozen bidez hautatuak. Garapen Kontseiluak eragileak euren proposamenen arabera lanarazten ditu. Aro berriaren oinarri-oinarrian Hirigune Elkargoa eraikitzeko nahikaria dago, gizarte zibilak horrela nahi duelako, duela urte askoko eskakizuna da Iparraldean.  

Zein da hautetsien jarrera, oro har?

Azken urteetan hautetsiak oso lanpetua izan dira instituzioaren markoa eraikitzen, edukietan ez dira hainbeste ari izan. Instituzio berriari forma eman nahian ari dira eta mamiari buruzko hausnarketa eztabaidatu behar dute sakonean. Haatik, konplikatua da denekin ongi uztartzea eta funtzionatzea.

Euskal Herria 2014-2020 Lurralde Kontratua indarrean dago. Estatu eredua krisian dago. Deszentralizazio bidean, Erregioa handitu da, Departamendua ahuldu, Herri Elkargoak desagertuko dira Hirigune Elkargoa sortzeko. Horrek nola eraginen du kontratu berria izenpetzeko orduan?  

Zaila da esatea nola eraginen duen. Badago gai lauso asko lantzeko, zalantza asko, elkarte berri bat sortzen denean  halaxe izaten da. Frantzian kontratu berezia dugun lurralde bakarra gara. Estatuaren aldetik borondate sendoa dago Euskal Herriarekin “harremana” normalizatzeko. Estatuak herrien inter- komunalitatea garatu nahi du. Halaber, Estatuak nahi du orain arteko Kontratua garatzen segitzea. Kontratuko proiektuak berrikusi nahi ditu, baina Garapen Kontseiluak ez du erabakitzen, hori ulertzea oso da garrantzizkoa. Gizarte zibilak proposatzen du eta hautetsiek erabakitzen. Egia da, orain arte gizarte zibilak ere neurri batean determinatu izan du Kontratuaren edukia. Azken Kontratuan, 700 pertsonak parte hartu dute, hamar gai nagusien inguruan, hautetsiek eragileen proposamena aintzat hartu dute eta eragileek berriz erantzun. Negoziazio mahaia abian da, arbitraje bidez arautua. Gu ez gara finantzariak, beraz ezin dugu erabaki, baina kontratuaren izaeraren gainean emandako iritziak eragiten du. 

Identitatea sendoa denean, negoziatzeko oinarri hobeagoa dago. Beraz, lurralde edo perimetro ongi definitu batekin are indartsuagoak izanen gara”
ntresaka

Hautetsi sektore batek hainbat helegite jarri ditu instituzio berriaren sorrera oztopatzeko. Zer aburu duzu horretaz?

Aldaketa garaia oso zaila da. Instituzioa berria izanen da, eta horrek areago zailtzen du hautetsien akomeatzea. Nihaurk eraso batere ez goxoak jasan ditu Hirigune Elkargoaren aurka daudenen aldetik. Ez zuten nahi nik jarrera hain argi agertzea egitasmoaren alde. Beraz, “lagunak egin ditut”. Edonola ere, Garapen Kontseiluko presidente bezala, “normaltzat” hartzen dut. Hautetsiak juxtuki aglomerazioen eta herrien arteko elkargoetan hautatuak izan direlarik, hasi baita Euskal Hirigune Elkargoa eraikitzen. Aldaketa handia da. Badakizu, Frantzian badago hastioaren kultura.

Ez duzu uste sektore batek Elkargoa gehiago ulertzen duela gizarte zerbitzu-rako egitura bezala, eta ez Euskal Herriari identitatea emanen dion Elkargoa gisa?

Identitatea sendoa denean, negoziatzeko oinarria hobeagoa da. Beraz, lurralde edo perimetro ongi definitu batekin, are indartsuagoak izanen gara. Nahi baduzu, horri identitatea deitu. Konparazione, garraioa antolatzen hastea identitatea aldarrikatzeko era izan daiteke. Hautetsi Kontseilua elkarte bat izan da orain arte, eta Baiona eta Maule artean, adibidez, badaude herrien arteko lau herri elkargo. Garraioa finantzatzeko ados jarri behar zuten, hemendik goiti ezberdina izanen da. Garraioa antolatzerakoan identitate bateratua ere eraikitzen da. Kontua da, instituzio bakarra izanen dugula, eta horrek bultzatuko ditu lurralde osoko hautetsiak elkarrekin lan egitera. Orain arte ez dugu halakorik izan, zatituta egon gara, oro har, jendea ez da behartua izan proiektu bateratu bati elkarrekin ekiteko.

Gizarte zibila “normalizazioan” erortzeko arriskurik egon liteke.

Ez nau gizartearen normalizatzeak edo desmobilizatzeak kezkatzen, hautetsien desmotibazioak baizik, gizarte zibilarekin lan egiteko gogorik ez izateak. Arriskua da normalizazioak elkarren artean egindako lana ahantzaraztea, eta elkarrekin lan egiteko kultura alde batera uztea. Departamendutik zetozen eskumenak Erregiora pasako dira, egiturak aldatuko dira, baina hautetsiak berberak dira, gu eta gizarte zibila ere bai. Hautetsiek aldiz, lurraldean lehen ez zuten boterea izanen dute. Filosofia aldatu daiteke, hori arriskutsua da. Garapen Kontseiluan espiritu hori gordetzeko lanean ari gara. Egun 400 Garapen Kontseilu daude Estatuan eta NOTRe legearen ildoan 1.200 sortuko dira, 800 berri. NOTRe legea indartzen doan neurrian gure erakundea atzean gera liteke, gizarte zibilak bere tokia galdu. Baina gu adi gaude, zelatan segitzen dugu elkarlanean aritzeko. Gure lekua hautetsien ondoan dago, laguntzeko eta proposamen politiko publikoak arbitratzeko prest betiere.

Eman dezagun 2020. urtean gaudela. Hirigune Elkargoak bere heina erreusitu duela. Garapen Kontseiluak izanen du izaterik?

Hegoaldetik datorren galdera da, hango mentalitateaz egina. Han lanean hasi orduko alderdi politiko bat sortzen duzue. Horrek gizarte zibila galdibidera eramaten du. Ez da gure kasua. Hemen edozein dela instituzioetan gertatzen dena, gizarte zibilak sendo izan behar du. Bestela, teknikariak politikarien alboan aritzen dira ideiak sustatzen, gizarte zibila alde batera utziz. Politika mota hori galbidea da. 2020an hautetsiak espresuki hautatuak izanen dira instituzioan. Gizarte zibilaren eta hautetsien artean ez badago elkar ulertzerik, gizarte zibilak bere hautagaitza aurkeztuko du.

“Gizarte zibilaren eta hautetsien artean ez badago elkar ulertzerik, gizarte zibilak bere hautagaitza aurkeztuko du”

Kritikoa zara Hegoaldeko politika moldearekin, antza.

Ez dut esan nahi Hegoaldean demokrazia ez dagoenik, baina falta dute gizarte zibilaren ordezkaritza indartsu bat, politikaren egituretatik, instituzioetatik deslotua. Garapen Kontseiluaren presidentea naiz, ez naiz hautatua hautestontzietan, eta libreagoa naiz. Hitz egiteko askatasuna daukat, elkarte batean nago, ez naiz erran behar dudana diktatuko didan alderdi bati lotua. Hemen sortzen dena, mahai baten inguruan sortzen da, gizarte zibilaren hausnarketen ildoan.

Euskararen egoera oso larria da Iparraldean. Nola bizi duzu hori?

Euskaldun berria naiz. Minez bizi dut euskararen egoera. Ohartzen naiz, gehiengoarentzat euskara ez dela garrantzitsua, bakar batzuek baino ez dute interesik. Badira ere, euskaldunon hautua errespetatzen ez dutenak. Alta, ezin diegu kanpotarrei aurpegiratu euskara ez ikastea, ez baitugu jakin adierazten guretzat euskarak duen garrantzia eta bere beharra ongi transmititzen. Ez dugu euskara ongi erabiltzen ere, erabiltzen dugu modu folklorikoan. Zoritxarrez, hemen euskara desagertzeko arriskuan dago.

Zer egin dezake Garapen Kontseiluak euskararen egoera hobetzeko?

Euskarari lehentasuna eman nahi nioke 2017an. Hizkuntza zergatik den inportantea helarazi behar zaio jendeari, gure kultura zer den jakin dezaten, bestela ez dute ikasiko. Gure bilkura guztiak hasten ditut euskaraz eta Estatuko ordezkariek itzulpen-kaskoak jartzen dituzte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurralde Elkargoa
2021-04-13 | ARGIA
14.000 etxe huts eta 51.000 bigarren etxe aurreikusten dituzte bost urte barru Ipar Euskal Herrian

Euskal Hirigune Elkargoko batzar berezia egin dute 232 hautetsiek, bideokonferentziaz. Aurtengo aurrekontua eta Bizilekuen Tokiko Programa onartu dituzte, baina programa errefusatu eta “anbiziozko etxebizitza politika bat” aldarrikatu du hainbatek.


2020-09-28 | Mikel Eizagirre
Euskal Elkargoak hiru euskal preso politikoren egoera salatu du

Esnal, Haranburu eta Paroti ezartzen ari zaien “heriotza zigorraz” kexu da elkargoa frantziar justiziaren erabakiaren aurkako mozio batean.


2019-01-22 | Euskal Irratiak
27 proposamen helarazi dio Baterak Euskal Hirigune Elkargoari, gobernantzaren hobetzeko

Zortzi atal, 27 proposamen. Hona Baterak Euskal Hirigune Elkargoaren gobernantzaren hobetzeko, Jean-René Etchegaray presidenteari eman dion txostena joan den larunbatean. Baterak, joanden irailetik eskualdeka, 16 herri desberdinetan bilkurak antolatu ditu oharren... [+]


2018-02-13 | Euskal Irratiak
Euskal Elkargoaren hizkuntza politika apirilean aurkeztu behar lukete, Arrabiten hitzetan

Hautetsiak eta euskalgitzako eragileek osatu lan batzordeak ari dira norabide hauen lantzen, Beñat Arrabit, Euskal Elkargoko hizkuntz poltikarako arduradunak, Amikuzeko irratiaren estrenan azpimarratu daukun bezala.


2017-09-10 | Mikel Asurmendi
Ergela irakurriko duena

Oporraldiko azken egunen atzerako kontaketa egitea eskatu zidan buruak nonbait, hartara, ARGIAko egutegiari orri berri bat kendu nion agorrileko hamazazpian. Buruketa hau egitea proposatzen zuen: “Euskal Herriko Lurralde osoa hartzen duen administrazioari nola deitzen... [+]


Eguneraketa berriak daude