Ez dira ume-jolasetan ari

  • Geroz eta denbora gutxiago ematen dugu telebista aurrean, eta gehiago Interneten orotariko bideoak igo eta ikusten, belaunaldi gazteenek bereziki. Unibertso horretan izar berriak agertu dira: youtuberrak. “Frikiak” edota “tontolapiko hutsak” besterik ez direla pentsatzen baduzue, oker zabiltzate oso. Ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko ohiturak errotik aldatu dituzten mihiluzeok, erreferente bilakatu dira komunikazioan, sareak eskaintzen duen askatasuna ardatz.

20-25 urte dituzte youtuber arrakastatsuenek. Gazteek gustuko dituzten gaiez hitz egiten dute, gazteek hitz egiten duten moduan, eta belaunaldi berrien erreferente bilakatu dira. Ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko ohiturak irauli ditu Internetek, teleb
20-25 urte dituzte youtuber arrakastatsuenek. Gazteek gustuko dituzten gaiez hitz egiten dute, gazteek hitz egiten duten moduan, eta belaunaldi berrien erreferente bilakatu dira. Ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko ohiturak irauli ditu Internetek, telebista ia erabat alboratzeraino. / MARKETING ONLINE BLOG

Telebistako audientzia-datuei erreparatuta, konturatuko gara programarik ikusienen artean beti dagoela futbola. Baita Tele5 edo La1 kateetako saioak ere, Hego Euskal Herriaren kasuan bederen. Youtuber arrakastatsuenak, aldiz, bideo-jokoez mintzo dira, edota estetikari buruzko gomendioak ematen dituzte, orotariko produktuak erosi eta zorroetatik nola ateratzen dituzten erakutsi, eskulanak egin, haien egunerokoa deskribatu eta abar. Ikus-entzunezko edukien kontsumitzaile gazteenek bestelako interesak dituzte. “Telebista pasa den mendeko asmakizuna da”, diote. Horretan, arrazoirik ez zaie falta.

“Youtuberen kontu hori guztia zer den oso ongi ez badakizu, albiste txar eta on bana dugu zuretzat: Txarra da zahartzen ari zarela, eta ona, gu ere adinean aurrera goazela eta, gaur, apur bat modernizatzen saiatuko garela”. El Enganche-ko kazetari Francisco Izuzquizak youtuberren gaineko irratsaioan egin zuen introa primeran datorkigu, hura bezala, gehiago identifikatzen garelako futbol kontsumitzaile tradizionalekin –adinez bederen–, Youtuben kanal propioa sortu eta kontu kontari aritzen diren influencer gazteagoekin baino.

PewDiePie suediarrak hilean zazpi milioi euro irabazi zituen 2014an, ‘Expressen’ egunkariaren arabera

Youtube da munduan hirugarren webgunerik ikusiena –Google eta Facebook ditu aurretik–. 1.800 urte beharko genituzke bertan dauden grabazio guztiak ikusteko. Bi hilabetetan webgune horretara bideo gehiago igotzen dira, AEBetako hiru telebista kate nagusiek 60 urtetan sortu dituztenak baino. Nerabeak dira erabiltzaileetako asko, smartphone, tablet edota ordenagailuz konektatzen direnak, baina datuek diote 18 eta 40 urte arteko herritarren artean ere telebistaren audientziak erruz gainditzen dituela. Ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko ohiturak aldatzen ari dira; zer, noiz eta nola ikusi gure esku dago geroz eta gehiago. Gaur egungo izarrak youtuberrak dira eta ez ditugu telebistan ikusiko. Haietako batzuek gainera dirua irabazten dute, horretatik bizitzera iristeko adina zenbaitetan, euren bideoetan iragarkiak txertatzen dituzten marka komertzialen ekarpen ekonomikoari esker. Youtube, youtuberrak, hura dugu etorkizuna, hura orainaldia, bere alde on eta txarrekin.

Zertaz aritzen dira youtuberrak?

Edozer gauzari buruz. Bota gai bat, bururatzen zaizuen arraroena, eta ziur badagoela horri buruz hitz egiten duen youtuberrik. Eta ez badago, ziur aurki agertuko dela. Arrakastatsuenek, mutilen artean bederen, bideo-jokoak dituzte ardatz, mundu osoan jarraitzaile gehien duten PewDiePie, HolaSoyGerman eta Smosh adibidez. Uneotan 50 milioi harpide inguru du lehenak, 30 milioi bigarrenak eta 20 milioi hirugarrenak. Adin tarte berekoak dira hirurak (23-28 urte), top-zerrendan ageri diren gainerako youtuberrak bezala.

Nesken artean aniztasun handiagoa dago. Egia da moda eta estetikaren inguruko gomendioak ematen dituztenak direla nagusi, Yuya (14 milioi harpide ditu) eta Zoella (11 milioi) kasu, baina bi horiek ere gai askori buruz mintzo dira, eta berdin Jenna Marbles (17 milioi), eguneroko kontuei umorez heltzen dien estatubatuarra.

‘Umboxing’ euskaraz

Harritu gaitu jakitea, bestalde, jarraitzaile gehien dituzten kanalen artean umboxing egiten dutenak daudela, alegia, orotariko produktuak erosi –edo “opari” bezala jaso– eta zorroetatik kameraren aurrean ateratzen dituzten youtuberrak. Lehenbiziko umboxing-a 2006an egin zen Nokia E61 telefono batekin. Ondoren etorri dira mota guztietako produktuak: jostailuak, txokolatezko arrautzetako sorpresak, gozokiak, etxeko tresnak eta abar luzea. Unpoltsing euskaraz egin duenik ere bada: Super Hiper Txopek, Nerea Arriola donostiarrak, “Sorturen kongresuan petatzeko militante eredugarriaren kita” erakutsi du bere kanalean.

Euskaraz aritzen diren youtuberrak oso gutxi dira oraindik, eta haien harpide kopuruak ez du zerikusirik sektoreko munstroek dituztenekin. Zuriñe Darceles hondarribiarra da bat, haur eta helduei zuzendutako kanal bana duena, bietan lehena euskaraz: Sleeptak. Eskulanak egiten ditu, esperimentuak, animazioak…

Sarean aurki dezakegun aniztasunaz jabetzeko, adibide deigarri bat jartzearren, Popeye arrepentido izena darabilen Jhon Jairo Velásques kolonbiarraren kanala aipa genezake. Medellingo droga karteleko sikarioa, Pablo Escobar narkotrafikatzaile ezaguna (1949-1993) “patroi” zuena, 300 lagun hil zituela aitortu eta 23 urte preso eman dituena, youtuberra da gaur egun. Pelikula batetik ateratakoa dirudien urtetako esperientzia kontatzen du bideoetan, Gobernuarekin zein harreman zuten, Escobarren indargune eta ahulguneak zeintzuk ziren... Interesa duenik –deitu “morboa” nahi baduzue– ezin ukatu.

Youtube, dirua egiteko makina… gutxi batzuentzat

Diru kopuru zehatzak ematea ezinezkoa da. Nolanahi ere, hedabideek haizatzen dituzten zifrak erotzeko modukoak dira. Expressen egunkariaren arabera, esaterako, bideo-jokoez mintzo den PewDiePie suediarrak, 50 milioi harpide dituenak, hilean 7 milioi euro irabazi zituen 2014an, bere kanalean Youtubek automatikoki paratzen dituen iragarkien eta, batez ere, haien produktuak kamera aurrean erakusteagatik marka komertzialek ordaindutako dirutza medio.

Bideoetan txertatzen diren iragarkien bidez dirua irabazteko, Youtuberi baimena eman behar zaio bideoak monetizatu eta publizitatea jartzeko. 1.000 bider ikusitako bideo bakoitzagatik 2 eta 8 euro artean poltsikoratu daitezke, hainbat faktore gora-behera: Erabiltzaileek bideoak osorik ikusten dituzten ala ez, norberak duen harpide kopurua, egun bereziak diren (Gabonak adibidez) eta abar. Irabazien parte bat Youtubek –alegia, Googlek– jasoko du.

Youtubeko kanalak geroz eta harpidedun gehiago izan, orduan eta erakargarriagoa bilakatuko da euren produktuak iragarri nahi dituzten enpresentzat. Telebista bera baino amu gozoagoa izan daiteke Internet, kontsumitzaile gazteenak helburu dituzten publizitate-kanpainentzat bereziki. Hainbat modura egin daiteke: Youtuberrek marka jakin bateko produktuez hitz egitea, produktu horien inguruko tutorial bat sareratzea (makillatzeko gomendioak ematea, esaterako) edota marka horretako zapatila, kamiseta, betaurreko edo dena delakoak jantzi eta argazkia partekatzea Facebook, Twitter, Snapchat eta Instagram bezalako sare sozialetan, elkar elikatzen baitute plataforma guztiek. Tranpolin moduan ere baliatu daiteke Internet, alegia, youtuber gisa ezagutzera eman eta telebista iragarkiak egiten hastea, aurkezle edota gidoilari aritzeko lan-kontratuak lortzea... Magia trukuak egiten dituen Telmo Trenado youtuber zumaiarrak, adibidez, Euskaltel konpainiaren publizitate-kanpaina batean parte hartu du.

Gauzak argi izatea komeni da, dena den. Ez da batere erraza bideoak igotzetik bizitzea. Oso gutxik lortzen du. Ordu asko eskaini behar zaizkio, eta zortea izan. Adituen gomendioa da ez bilatzeko hasieratik dirua irabaztea. Lehendabizi jarraitzaile talde fidela lortu behar da, eta haiekin harreman iraunkorra sortu. Gero gerokoak.

Telebista, pasa den mendeko asmakizuna

Youtuber moduan arrakasta lortzen laguntzeko gida mordoa dago eskuragarri. Ideia ongi mamitzeko, bideoei ukitu berezia emateko, irudia eta soinua zaintzeko, sare sozialak baliatzeko… eta azken gomendio bat: “Telebista ikusiko duzu pasa den mendeko asmakizun bat bezala”. Internetek ematen baitu askatasun handiagoa, bideoak nahieran eta intimitatean ikusteko aukera. Intimitate hori, edota adin txikikoek Internetera igotako bideoen bitartez dirua irabazi ahal izatea –helduen baimena behar da horretarako– arrisku-faktoreak dira, gurasoen “nartzisismoa” sobera elikatu dezakeelako, seme-alabak pertsonaia famatu bilakatu nahi horretan, non eta Internet bezalako “mundu kaotikoan”, José Antonio Luengo psikologoak dioen moduan.

Espainiako Estatuan 2 eta 11 urte arteko umeen hamarretik zazpik egunero ikusten dute Youtubeko bideoren bat. Internetek aukera ematen die haien idoloekin elkar eragiteko; youtuberrek gazteei interesatzen zaienaz hitz egiten dute, gazteek lagun artean hitz egiten duten moduan, ia mugarik gabe. Orain arte behintzat. Youtuber batzuek euren auzoa nolakoa den erakusten dute, haien etxea, logela, armairua… Ezer asaldagarririk ez. Badira, ordea, politika edota erlijioari buruzko iritziak ematen dituztenak, edo hizkera zakarregia erabiltzen dutenak. Hori horrela, Youtubek jakinarazi du diru-sarrerak kenduko dizkietela (bideoak monetizatzeko aukera ukatuta) “hizkera gordina” edo “umore berdea” erabili, “biluzte partzialak” edo “indarkeria irudiak” erakutsi, “droga kontsumoa bultzatu” eta “gai polemikoei buruz” (gerrak , politika…) hitz egiten dutenei. Duela bizpahiru hilabeteko kontua da, eta zein ondorio izango duen ez dago argi oraindik. Erabakiak haserrea eragin du halere, bereziki hizkera zakar, oihu eta irainak ezaugarri dituzten youtuberren artean –gizonezkoak gehienak–, Internetek erabat librea beharko lukeela iritzita.

Feminismoa youtuber fenomenoaren aurrean
June Fernandez:
“Tentuz ibili beharko genuke. Boikot eta eskratxe feministak egiteko grina ulertzen dut, baina youtuber horien ospea kontuan hartuta, ez al da kalterako izango?”

Pikara aldizkariko kazetari June Fernandez bilbotarrak youtuber fenomenoaz iritzia plazaratu zuen ARGIAren 2513. zenbakian, feministek jokatu beharreko rolaren inguruan. Dalas Review youtuberrari egindakoa du abiapuntu. Hiru milioi harpidedun baino gehiago ditu, eta bere diskurtsoa “misogino eta antifeminista” da, Fernandezen hitzetan. Dena den, zalantzan jartzen du feminista talde batek Madrilen burututako eskratxea (Review-ren liburu-aurkezpen bat oihuka eten zuten) edota Wismichu-ri egindako boikota (bere hitzaldi bat bertan behera geratu zen emakume batzuen presioagatik) ote diren biderik eraginkorrenak euren borroka gizarteratzeko, feministen aurka jartzen dituztelako youtuber horien zale diren neska gazteak: “Tentuz ibili beharko genuke. Boikot eta eskratxe feministak egiteko grina ulertzen dut, baina youtuber horien ospea kontuan edukita, ez al da kalterako izango? Zenbat neska ari dira feministekin haserretzen, miresten dituzten komunikatzaileen kontra –gustuko ala ez, komunikatzaileak baitira– egiten dugulako?”. Halere, Fernandezek argi du zer edo zer egin behar dela “emakumeak putak direla edota indarkeria matxistaren salaketak faltsuak direla esaten duten” youtuberrekin: “Debekuak eta boikotak baino, nik beti nahiago dut kultura produktu arrakastatsuen kontsumo kritikoa sustatzea eta alternatibak ikustaraztea”. Horietako batzuk dira Queer Avengers, RayNTG eta Psicowoman youtuber LGTB eta feministak.

Bestalde, Fernandezek dio berdintasunaren aldeko ekimenetan Youtubeko diskurtsoen inguruko hausnarketak gidatu beharko liratekeela, baina errespetuz betiere, gazteek jarrera defentsiboa hartuko dutelako esaten badugu haien idoloak “tontolapiko hutsak” direla, bideo batzuk ikustean guk ere pentsatu dugun moduan, egia esan behar bada. Hanka-sartzea litzateke, era berean, friki edo umemoko batzuen kontua besterik ez dela esatea. “Komunikabide bat gehiago da”, diote El Enganche-ko irratsaioan Dani Senabre eta Rodrigo Fáez futbolaz aritzen diren kazetariek. Youtubera salto egin dute biek, besteak beste askatasun handiagoa eman eta haien buruen jabe izatea ahalbidetzen dielako, inoren esanetara lan egin behar izan gabe. Hobe dugu, beraz, kritika errazean ez erori eta youtuber fenomenoa aintzat hartzea, han zailduko direlako hein handi batean etorkizuneko sortzaile eta komunikatzaileak, eta han bildu ikus-entzunezko edukien kontsumitzaileak.

 

Nerabeak mintzo: “Telebista, Play-arekin jolasteko”

Youtuber fenomenoaz irakurri eta entzundakoak gure inguruko errealitatearekin bat datozen jakiteko, Iker 12 urteko mutilari eta Maite 15 urteko neskari galdetu diegu gaiaren inguruan. Hasi bakoitzak gogokoen dituen gaietatik (bideo-jolasak batak, estetika kontuak besteak) eta telebistaren gainbeheraraino, erreportajean idatzitakoarekin talka egiten duen ezer ez digute kontatu oro har.

Gustukoen dituzten youtuberrez galdetzean, Ikerrek aipatu ditu El Rubius, sTaXx, aLexBY eta Grefg, lauak mutilak, eta lauak Call of Duty bezalako bideo-jokoei buruz mintzo direnak bereziki, gaztelaniaz denak. Haien partidak zuzenean jarraitzea atsegin du Ikerrek, nahiz eta uste duen bideoek gehienez 10 minutu izan behar dutela. Maiz erabiltzen omen dituzte hitz itsusiak, eta sexuari buruzko komentarioak egin.

Maitek, bestalde, jarraitzen ditu Dulceida, Sara Baceiredo, Paula Gonu, Raquel Reitx, Marta Riumbau, Grace Villarreal edota Alex Puertolas, azken hau salbu, guztiak neskak, aritzen direnak bereziki moda eta estetika kontuez, baina bidaiak ere deskribatzen dituztenak, edota eskulanak egin, egunerokoaz jardun… guztiak gaztelaniaz. Euskarazko youtuberrik ez du ezagutzen Ikerrek; Iban Garcia (DespertaVlogs.eus) aipatu digu Maitek.

Youtuberren bizitzak “oso dibertigarri eta interesgarriak” direlako ditu gustuko Maitek. Gainera, bideoak igotzen dituztenak gazteak direla nabarmendu du eta, telebistarekin alderatuta, une bakoitzean nahi duzuna ikus dezakezula. Ikerrek telebista oso gutxi ikusten du. “Soilik erabiltzen dut Play Station-arekin jolasteko”. Berarentzat pantaila hutsa da beraz, eduki-kaxa baino gehiago.

Datuek diotenez, ohikoena da mutilek bideo-jokoak eta neskek moda edota estetika gaiak jarraitzea. Bat datozen galdetuta, baietz erantzun digute biek. “Nola jantzi, orraztu, makillatu… kalera edo festa batera joateko ideiak hartzen ditut”, azaldu digu Maitek: “Mutilak Minecraft edota FIFA bideo-jokoetan aritzen dira haien denbora librean, eta jokaldiren bat ez badakite YouTuben ikasten dute”.

Eskolan informatika ikasten ote duten ere galdetu diegu. Baietz esan digu Ikerrek, jolasak eraiki eta teknologia garatzen irakasten dietela. “Asko gustatzen zait”, dio. Maitek, bestalde, ez du berez informatika ikasten, baina Teknologia ikasgaian ordenagailuak erabiltzen dituzte “batzuetan”. Irudiak egiteko Mongge programarekin aritzen dira gehienbat. “Youtuberi buruz ez dugu ezer ikasi, eta ez dut uste ikasiko dugunik”.

Youtuberen alternatibak

Youtuberen gakoetako bat egile eskubideen kudeaketa da. Copyright duten abesti eta irudien erabilpena oso zorrotz kontrolatzen du, eta horrek sorkuntza librea murrizten du. Youtuberen alternatiba diren bestelako plataformek malguago jokatzen dute zentzu horretan: Vimeo, Dailymotion, Diáspora, Veoh, Vevo...

Dena den, bai Youtuben bai gainerako plataformetan CC (Creative Commons) lizentzia libreak erabili ahal dira, edukien zabalpen eta moldaketa askea sustatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Internet
2024-04-18 | Gedar
Lanuzteei ekin diete berriz Trapagarango Amazonen

Aste honetan egiten ari dira lanuzteak, lan-baldintzetan hobekuntzak exijitzeko. Aurreko hiru hilabeteetan ere izan dituzte grebak.


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


2024-04-14 | Diana Franco
Teknologia
Desinformazioaren jokoa

Askotan pentsatzen dut informazio larregi jasotzen dugula, eta, zeinen ondo bizi den ezjakintasunean. Hainbeste informaziorekin, pertsona xumeok botere ezberdinen helburuak eta horiei loturiko jokabideak ulertzeko ditugun aukerak inoiz ez bezalakoak direla dirudi. Baina ez da... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Euskarazko Wikipedia genero desoreka gainditzeko lanean

Historikoki egin diren entziklopedia gehienetan gizonezkoek leku handiagoa izan dute emakumezkoek baino. Wikipedian ehunekoa handiagoa bada ere, desoreka nabaria da. Gauza bera gertatzen da euskarazko Wikipedian ere. Hala ere, egoera horri buelta eman nahian ari dira wikilariak.


Eguneraketa berriak daude