Migratzaile Desagertuen Amak haien bila dabiltza Guatemalatik Mexikora

  • Abenduaren 3an amaitu zen Chiapasko (Mexiko) Tapachulasen Erdialdeko Amerikako Migratzaile Desagertuen Amen 12. karabana, 18 egunetan 3.800 kilometro korritu autobusez eta 30 hiritan seme-alaba desagertuen aztarnen bila ibili ostean. Azken 10 urteotan 70.000 baino gehiago dira AEBetara iritsi nahian galdutako gizon eta emakumeak, asko nekeak lehertuta edo coyoteek abandonaturik hilik.

‘El Comunista’ hedabidearen argazkian, Migratzaile Desagertuen Amen 12. karabanako kideetako batzuk Puebla estatuko herri batera iritsita herritarren ongi-etorri harreran, azaroaren amaieran. AEBetarako ezkutuko bideetan galdutako migratzaileen 41 guraso,
‘El Comunista’ hedabidearen argazkian, Migratzaile Desagertuen Amen 12. karabanako kideetako batzuk Puebla estatuko herri batera iritsita herritarren ongi-etorri harreran, azaroaren amaieran. AEBetarako ezkutuko bideetan galdutako migratzaileen 41 guraso, gehienak amak, arrasto bila ibili dira Guatemala eta Mexiko arteko mugatik eta gero Mexikon barrena. Gaur AEBetan paperik gabe bizi diren ia 12 milioi herritarrek bidean galdurik utzitako 70.000 jendeen tragedia azaleratu dute.

2016ko Karabanak lortu du 41 gurasoetatik –gehienak amak– lauk galdutako seme edo alabarekin kontaktua berreskuratzea, baita 37 urtez elkarren berri izan ez duten bi ahizpak ere. Denetara hamabi urteotan 269 reencuentro lortu ditu MMM Movimiento Migrante Mesoamericano elkarteak, gurasoen karabanaren aitzakiatan antolatzen den elkartasunezko mugimenduari esker.

MMM saiatzen da desagertutako migratzaileen bilaketan, ugaritu egin baitira Honduras, Nikaragua, Salvador eta Guatemalatik pasata AEBetara heldu nahian Mexikon barna ibilaldi gero eta arriskutsuagoan abiatutakoen artean. Karabanako kideek beren senideen arrastoak bilatu dituzte ostatu, kantina, gobernuaren bulego, espetxe, komertzio eta herrietako plazetan, Mexikoko 11 estatutan. Aldi berean, Marta Sánchez Soler buru duen elkarteak bermatu die hedabide nagusietara iristea gehiegitan ahazten den arazo larriaren oihartzuna.

Karabanak aurten ukitu ditu lehenbizikoz migrazio klandestinoak gero eta gehiago erabiltzen dituen kostaldeko herriak, Oaxaca eta Chiapaseko itsas hegiak, Salina Cruz, Puerto Madero, Barra San José... Juchitánen geldialdia egin dute lehorreko arrisku eta bortizkeriei izkin egin eta AEBetaraino itsasoz iritsi nahian itota hil diren migratzaile identifikatu gabeen hobi komunean.

Barra San Joséko hondartzan agertu ziren itota joan den uztailean hiru haur migratzaile. Bertan ospatu zuen karabanak Berta Cáceres lider aborigen hondurastar asasinatu berriaren oroitzapena ere, agintariei eskatuz haren heriotza benetan ikertua izan dadila.

MMMk amaierako agirian salatu duenez, “hasi Erdialdeko Amerikako herrialdeetatik eta Mexikon barrena AEBetaraino, denetan azaldu zaigu nabarmen ugaritu direla bortizkeriak eta giza eskubideen bortxaketak Enrique Peña Nieto lehendakariak 2014an Plan Frontera Sur ezarri zuenetik, Mexikotik iristen zaion etorkin jarioa nola edo hala butxatu nahian AEBek sostengatu eta finantzaturik.”

Frontera Sur planak gogortu egin ditu kontrol, zainketa, hesitze eta militarizazioa, migratzaileak behartuz bide neketsuago eta arriskutsuagoetatik saiatzera. Horietan etorkin familiak harrapakin errazak dira gaizkile, mafia eta estatuen agente ustelentzako. Azkenean, etxean utzitako bortizkeria eta goseari ihes eginez lan eta bizimodu bila esku hutsik datozen jendeen segurtasuna bermatzeko ordez, Estatuak horiek kondenatzen ditu lapurreta, estortsioa, sexu bortxaketa, gizaki trafikoa eta esklabotasuna nagusi diren infernura.

Buscamos vida en caminos de muerte” goiburua zeraman 12. karabanak Veracruzeko Cordoban jaso zuen polizia federal mexikarraren atal zientifikoaren bisita, beren senideen arrastoak hobeto bilatzearren DNA frogak egitea eskainiz.  41 gurasoetatik 18k onartu zuten testa egitea, gainerakoak mesfidatzen direlako agenteen benetako gogoaz. Odola eman zutenetako batek, Ana Zelayak, esan zion Desinformémonos hedabideko kazetariari: “Entzuten dugun bakoitzean ‘polizia federala’, alergia ateratzen zaigu. Tamalez galdu baitugu haiekiko konfiantza guztia. Baina zer egin nezake. Ez dut nahi berriro orratzez zula nazaten, baina asto honen gainera igo garenez, zamalkatu egin beharko dugu”.

Kazetariak ez die agenteei lanerako amorrazio handirik antzeman: “Veracruzeko fiskaltza nagusiaren ordezkariak, larunbat honetan lana egitea egokitu zaien burokratak, kazetarioi lekuko izatea eragotzi digutenak ‘frogak ez kutsatzeko’ aitzakiarekin, zikinez betetako areto batean...”. Gainerako gobernadore, ordezkari, alkate eta beste agintariek ere “arazoa bideratzeko konpromisoa hartuta daukagu” agindu diete behin eta berriro dagoenekoz batere sinesten ez dieten gurasoei.

Interes-amaraun ilegal oso bat

2011tik %330 ugaritu dira klandestinoki datozen etorkinen atxilotzeak Mexikon. Arazoa da poliziaren kontrolaren jomuga ez dela hainbeste trafiko ilegalean ari diren gaizkileak harrapatzea, legez kanpo dabiltzan familia txiroak baizik.

Zenbait erakunde eta hedabidek azaldu dute azken aldian poliziaren operazioetan parte hartzen dutela beste hainbat interesdunek ere, eskualde horietako guarda pribatu eta taxizaleek, autobus konpainiek eta txoferrek, trenbideetako funtzionarioek... horrela gizenduz migrazioaren inguruan puztutako industria kriminala.

Joan den azaroan Guatemala-Mexiko mugako Giza Eskubideen Nazioarteko Behatokiak bildu ditu eskualde horietan ari diren elkartasunezko talde eta erakundeen esperientziak. Ikerlan batean aipatu ditu 600 lekukotasun, emakumeen, iheslarien eta migratzaileen kontra erabilitako lapurreta eta bortizkeriak kontatuz.

Mugako baserrietan bizi diren mam, quiché, q’anjobal, kakchiquel, tseltal, tsotsil, tojolabal, zoque eta chol etnietako hainbat jendek kontatu dizkiete kasuok elkarrizketetan. Giza uholdeak berak eta hori kudeatzen duten mafiek nahasten baitituzte pasabideko herrietan bizi direnak ere, lehendik dauzkaten arazo handiak –nekazaritza tradizionalaren hondoratzea, meatzaritza eta energia konpainiek eragindako lur lapurreta eta kutsadura...– are larriagotuz.

Hala eta guztiz ere, iheslariok bidean aurkitzen dituzten herritar txirook dira agintariek ez bezala laguntzen dietenak, askok modu inprobisatuan, batzuek ahal duten moduan antolaturik. Famatua egin da Veracruz estatuko Guadalupeko Las Patronas emakume taldea, 1995tik gaurdaino herri hura La Bestia merkantzia trenean igota zeharkatzen duten jendeei jan-edana ematen saiatzen dena. Egunero 300 otordu inguru eta urez betetako botilak botatzen dizkiete gelditu gabe pasatzen diren bagoien gainean doazen iheslariei.

MMM elkarteak honela laburbiltzen du Erdialdeko Amerika eta Mexiko osoa desestabilizatu dituen trafiko ilegalaren mamia: “Ondo dakigu zein negozio handia suertatu den azken bost hamarkada hauetan beren jaioterrietatik kanporatutako eskulan esklaboaren salmenta adostua, hauxe dela trafikoa sustatzen duten herrialdeetako kapital handiaren enpresen benetako balioaren eta aberastasunaren iturria. Aldi berean, jendeok kanporatzen dituzten gobernu titere inkapaz eta traidoreei trukean uzten diete atzerrira joandakoen remesak [familiei bidaltzen dizkieten hileroko diruak] jasotzearen kontsolagarria. Horra Merkataritza Libreko Itunek eragindako politika ekonomikoek bi herrialdeei lagatzen dizkieten ondorioak”.

Ez dirudi Donald Trumpek, emigrazioaz agindu dituen politikekin, asko baretu behar duenik Erdialdeko Amerikako giza-kontrabandoaren infernua.


ASTEKARIA
2016ko abenduaren 25a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-10 | ARGIA
Migratzaileei laguntzeagatik gutxienez 117 pertsona auzitara eraman dituzte Europan 2023an

Pertsona migratzaileak laguntzea kriminalizatzen duten politikak nagusi dira Europar Batasunean, eta hori egiteagatik auzitara eraman dituzten pertsonen kopuruak errekor berria ezarri du 2023an: gutxienez 117.


Eguneraketa berriak daude