"EAJk bere estatutuetan erabakitzeko eskubidea idatzia badu, ezar dezala estatutu berrian ere"

  • Donostia, 1963. Kazetaria iraganean, politikaria da orain. ETBn ilusio handiz lan egin zuen. Komunikazioa herrigintza balitz bezala landu duela esan digu Maddalen Iriartek eta telebista eredu berriaren alde ere tinko borrokatu duela. Kazetaritzako lehen lerroan iraun zuen luzez, lana ideologien gainean jarri zuelako: “Ideologiaz harago, talde lanean sinesten dut. Telebistan ez nuen kuadrilla egiteko jardun, eta Eusko Legebiltzarrera etorri naiz kuadrillakeriaz harantz joateko”. EH Bilduko eleduna da Gasteizko Eusko Legebiltzarrean.

"Lan arloan inposatutako lan lege bat daukagu, langileek urtetan borrokan lortutako eskubideak erabat suntsitzen ari dena" (Argazkilaria: Dani Blanco).

EH Bilduren gobernu egitasmoa aurkeztu zenuen: feminista, behin hasteko eta bat.

Gobernu feminista aldarrikatu nuen, baina jendeak paso egiten ote duen nago. Aldarrikapena ezinbestekoa iruditzen zait, baldin eta egunero feminismoaren zentzuan lan egingo badugu. Gobernu feminista martxan jartzeak iraultza ekarriko lioke gizarte honi arlo guztietan. Biolentzia matxista gertatzen denean biziro asaldatzen gara, agerraldi sutsuak egiten ditugu, baina gaia eguneroko bizitza aldatzeko premia bezala ez badugu lantzen, ez dugu bortizkeria muturrekoa moztuko. Emakumea biktima bezala ageri ohi da, baina hori baino gehiago gara. Esaterako, munduko bake prozesuetan emakumeak parte aktiboa diren kasuetan, prozesu horien emaitzak emankorrak dira. Beraz, emakumeok jendartean parte hartzeko berdintasun eskubidea merezi dugu. Eta ez da soilik bortizkeria jasaten dugula, emakumezkoak, besteak beste, ez du gizonezkoaren soldata bera jasotzen.

Gobernatzeko beste kultura politikoa aldarrikatu zenuen inbestidura saioan. Zer da beste kultura politiko bat izatea?

Bada, gure programan jasotako hainbat puntu lantzea: hasteko, gardentasun legea gauzatzea, alderdi politikoek egiten dutenekiko lege garden bat aplikatzea, herritarrek politikaren nolabaiteko kontrola izatea. Beste kultura politiko bat da, jendeari galdetzea eta erantzuteko aukera izatea eragin handia duten gaietan. Horregatik, Kontsulta Legea ere proposatzen dugu, adibidez, errauskailuaren gaian aplikatzeko. Halaber, kultura politiko berriak lagundu behar digu eguneroko xextra politikotik ateratzen. Politikariok lehiaketa tonto samarrean ari gara, hitz handiago bat nork esango. Tonua apaldu behar dugu, konfrontazio politikoa ondo dago, baina horretan guk politikariok eredu izan behar dugu, kontzertazio politikoa beste era batez landu behar dugu, ez gaitezen hitzetan ataskatu, betiko hitzek ez dute agian jada balio. Egia da, bakoitzak bere historia politikoa dauka, baina hogeita hamar urte ondoren geure jarrerak berritzeko garaia heldu da. Herritarrek guk baino maizago berritzen dute berea. PPko Alfonso Alonso jaunak niri egindako erreplikan esan zuen ados zegoela feminismoaren inguruan esan nuenarekin. Gustatu zitzaidan, PP eta EH Bildu beste ezertan ez baikaude ados. Eseri eta has gaitezen horretatik hizketan.

“Gobernu feminista martxan jartzeak iraultza ekarriko lioke gizarte honi arlo guztietan”

Zein da ezker abertzaleren legatu politikoaren 60 urteko zure balorazioa? Hau da, bere kultura politikoarena, ETA tarteko.

Hasteko, egun ezker abertzalearen aukera EH Bildu da, eta bertan Sortu ere badago, eta badaude ere Aralar, EA eta Alternatiba. Lehen biek ezker abertzalea bere-berea egiten dute. EH Bilduk erabaki du zer izan nahi duen eta nola aritu nahi duen politikan: soilik bide politiko eta demokratikoetan, bideak ETA ukitzen duen tamainan esaten dizut. EH Bildu ezkerreko koalizio soberanista da. Horiek dira bide egiteko finkatu dituen irizpideak. Hauteskunde kanpainan bereziki, beste alderdiek ezker abertzalea izan dute hizpide EH Bilduren kontra jotzeko, baina orain beste gauza bat gara, handiagoa eta zabalagoa. Guk Euskal Herria herri subirano bezala kokatu nahi dugu etorkizunean, ezkerretik, bakea eta justizia sozialaren ildoan. Arduragabekeria handia litzateke –halaxe adierazi nion Joseba Egibarri– EAJk hori horrela ez baloratzea.
    Ezker abertzalearen historiaren balorazioa Sortuk egin behar du bereziki, Arnaldo Otegi eledunak bere ekarpena egin du jada. Modu batera edo bestera baloratu daiteke, baina, ziur aski, oraindik garaia ez da iritsi hainbat gauza sakonean aztertzeko. Bake eta elkarbizitzan urratsak emateko garaia da, geroago historia berriari modu pausatuagoan begiratzeko beta hartu beharko dugu, historiako pasarte batzuk lasaiago aztertzeko, bai batzuei bai besteei mina apur bat arindu zaienean. Ezker abertzalean ere badaude kaltetuak izan diren pertsonak. Esaterako, presoei eta iheslariei ez zaizkie berez dagozkien eskubideak errespetatzen. Lehenik zauriak ondo sendatu behar ditugu, orbanak betiko izango dira, baina zauriak ongi sendatzen baditugu ez zaie zornerik aterako. Bestela, historiak erakutsi digunez, ongi itxi ez ziren zauriek oraindik zorne botatzen baitute. Espainiako Altxamendu Nazionalaz ari naiz.

“Ni pisu bateko lurrean eseri nintzelako, aulkirik ez zegoelako, ez ninduten irtenbiderik gabeko bide batean sartu, hau da, garaiko kolegiora eraman beharrean ikastolara eraman nindutelako”

“Gure proiektua errealismotik abiatzen da, zuena ez da egingarria”, esan zizun Egibarrek inbestidura saioan.

Gure proiektua egingarria da, eta EAJk beste proiektu bat balu, beste lehentasunak balitu, arlo sozio-ekonomikoan adibidez, bada, guk proposatzen ditugun gauza batzuetara hurbilduko litzateke. Gure proiektua kontrastatuta dago, bere txosten ekonomikoa dauka. Beste gauza bat da, ereduak eta lehentasunak aldatu behar izatea, orain politika batzuetarako erabiltzen ari diren diruak beste batzuetarako erabiltzea. Adibidez, daukagun sistema fiskala Europara gerturatzea proposatzen du EH Bilduk. Ez egun batetik bestera, baina aldatu nahi dutenekin akordatzeko prest gaude. EAJk guk presa dugula esaten du, bada, ez, guk geure bidea poliki egingo dugu. Gai bakoitza aztertuz eta gauza bakoitzean erreparatuz, kontu handiz, inork ez dezala pentsa nik nire seme-alabentzat nahi dudala Egibarrek egin nahi ez duenik. Batzuetan galdu behar da apur bat, “eman” behar da. Euskal Herriko herritar gehienok ondo bizi gara, baina milaka batzuk ez dira ondo bizi, argi indarra erabiltzeko arazoak dituzte. Ezin ditugu horiek ahaztu, milaka horien artean haur, nerabe, gazte eta helduak daude, pobreziaren marran. Ez dugu bi abiadurako gizartea eraiki behar. Pentsiodun asko oso diru gutxirekin bizi da. Bizitza osoa gogor lan egin ondoren, ezin dute zahartzaro duina bizi. Gure aldamenean bizi dira. Gehiengoa ondo bizi gara, baina guztiok hobeto bizi gintezke, baldin oso ondo bizi garenok apalago biziko bagina. Ni prest nago.

“Ez dugu inor irteerarik gabeko bide batera eramango”, esan zuen ere Egibarrek. Lehen hori ETAri eragozten zitzaion, orain EH Bilduri.

Guk ere ez. Inortxo eraman ere. Gure helburua herri honentzat irteera hobeak aurkitzea da. Ni pisu bateko lurrean eseri nintzelako, aulkirik ez zegoelako, ez ninduten irtenbiderik gabeko bide batean sartu, hau da, garaiko kolegiora eraman beharrean ikastolara eraman nindutelako. Herri honek estatu lanabes batzuk martxan jarri zituen iraganean, hala kooperatibak nola ikastolak. Ordukoak irteerarik gabeko bidea irudi zezakeen, baina ez zen horrela izan. Batzuetan arriskatu behar da. Arriskatzeko ordua da.

Independentzia egikaritzen hasteko helburua duen indar politiko bakarra omen zarete. Ez dirudi herri hau oso independentzia zalea denik. Bakarrak zarete eta.

Une honetan, Euskal Herriaren independentzia posible dela aldarrikatzen dugun bakarrak gu gara, baina EAJk ere bere estatutuetan independentzia aldarrikatzen du. Gero, Iñigo Urkulluk “independentzia ez da XXI. mendeko terminoa” esaten badu, bada, ulergaitza eta sinesgaitza iruditzen zait. Lehendakariari esango nioke, XX. mendean Norvegia edo Montenegro independizatu direla Europan. Eta XXI.ean ere Eskozia, Katalunia edo Euskal Herria independizatu litezke. Izan gaitezke Danimarka, edo tamainagatik, Luxenburgo bezala. Bitartekoak behar ditugu herri bezala garatzeko, beste edozein herriren baten pare egoteko. Herritarrei egia esan behar diegu. Alderdi subirano zaleak bagara, subiranoa izango garen neurrian galdetuko diegu herritarrei independentzia nahi duten edo ez. Subiranotasuna partekatzeko moduez ere hitz egin behar dugu alderdiok, estatu batzuek herriaren subiranotasuna bankuekin konpartitzen baitute, herritarrekin kontsultatu gabe.

Zer bitarteko behar luke herri honek, kasuon Espainiatik bereizten hasteko?

Hasteko, lan arloan inposatutako lan lege bat daukagu, langileek urtetan borrokan lortutako eskubideak erabat suntsitzen ari dena. Zergen kudeaketan, esaterako, aldundiek kudeatzen dituzte baina zerga askoren gainean ez dugu esku-hartzerik. EAJk baina, zeinekin hitz egiten duen arabera gauza bat edo beste esaten du, denoi komeniko litzaiguke argiago hitz egitea. Halaber, Iruñeko Baluarten otsaileko Batzar Nazionalean Euskal Herria nazio bat dela esan zuten, erabakitzeko eskubidea duela, subjektu politikoa aitortu behar zaiola. Egia bada, bagara bi. Baina, EAJk ez du independentzia guk bezala aldarrikatzen, azken hamarkadetan behera egin du.

“Alderdi subirano zaleak bagara, subiranoa izango garen neurrian galdetuko diegu herritarrei independentzia nahi duten edo ez”

PSE-EE eta EAJren arteko gobernu akordioa gauzatu da. Historiaren harian...

Bai, baina EAJri ez dio gehiengorik ematen. Mendia andereari inbestidura saioan esan nion oso egoera zailean lortu duela gobernuan egotea, ikusgarritasun izugarria eman diona. PSEk hiru sail izango ditu, sekulakoa da hauteskundeen emaitzak kontuan hartuta, eta Espainian PSOE suntsituta dagoenean. Meritu hori aitortu nion Mendiari. Edozein kasutan, formula hau ezagutu dugu jada, eta une honetan Euskal Herriak beste une historiko bat bizi du, beste akordio bat behar genuke. Izan ere, Nafarroako egoera aldatu da, beste politika gauzatze bidean ari dira –ez dakit gauzatzera iritsiko diren, estatu arrazoia indarrez ari delako horren kontra–, bertako indar politikoak sekulako lana egiten ari dira, egindako akordioa eredugarria da. Iparraldean, berriz, lehen aldiz hiru lurraldeak batuko dituen instituzioa izango da. Horiek horrela, herri honek beste akordio mota bat behar zuen, besteak beste, akordioak EAJri nolabaiteko betoa jartzen diolako.

EAJk Gernikako Estatutua eguneratu nahi du. Zuek zer jarrera hartuko duzue?

Guk proposamen bakar bati ere ez diogu muzin egingo. Estatutu berri horretan erabakitzeko eskubidea bermatzea ezinbestekoa da guretzat. EH Bilduk lan egingo du legebiltzarrean, mahai gainean ezarriko diren puntu guztietan. Noski, erabakiak geuk hartuko ditugu, aldaketa ekarriko duen akordioa lortzen saiatuko gara. 

“Inor akordiotik kanpo geratzen bada, bere erabakiz gera dadila”, esan berri du Urkullu lehendakariak.

Hala beharko du. Baina denak batzeko zerbait egin beharko da, ezta? EAJk bere estatutuetan erabakitzeko eskubidea idatzia badu, ezar dezala estatutu berrian ere. Horixe aldarrikatu du Ortuzar jaunak oraindik orain. Baina, PP sartuko al da horretan?
EBBko buru Andoni Ortuzarren hitzetan, erabakitzeko eskubidea izango da estatutu berriaren muina. PSEren eta EAJren gobernu programak bat egiten omen du herritarren eskaera eta kezkekin.
Hori jendearen edo prentsa aurrean esan du, baina PSErekin sinatutako gobernu akordioan ez dago idatzita. Programak herritarren kezkekin bat egiten badu, legebiltzar honetako 75 kideetatik 57 erabakitzeko eskubideren alde gaude: EAJ, Podemos Elkarrekin eta EH Bildu. Herritarrek diotenez, %60k nahi luke galdetua izatea independentziaren inguruan. Beraz, egin dezagun politika norabide horretan legebiltzarrean.

EAJk Estatuko aurrekontuak Espainiako Gobernuarekin adosten baditu, eragingo al du legebiltzarreko martxan?

Bai, noski. EAJk aprobetxatuko du PPren ahulaldia gauza batzuk lortzeko. Baina kromo aldaketa baino ez da izango, guk beste parametro batzuetan lan egin nahi dugu. Ezin ditugu onartu Espainiako Gobernuak legebiltzar honi jarri dizkion helegiteak. PPk esan du helegiteak kentzeko prest dagoela. Beraz, onartzen du berariazko politika ezarri duela. Orain, komeni zaionean, horiek kentzeko prest dago. Parametro horietan ezin dugu politika egin. Hori lotsagarria da eta herritarrei horrela azaldu behar zaie, baita Espainiako Gobernuak zapalduta gauzkala ere.

Bitartean, zertan ari da Legebiltzarreko Autogobernu Batzordea? Zein da EH Bilduren ibilbide orria?

Oraindik ere ez dugu lehendabiziko bilera egin, lehenbizi denbora eman diogu Podemosi bere ekarpena egin dezan. Orain, batetik alderdiekin hitz egin behar dugu…

Beraz, luzerako da.

Bai, baina ez gara zerotik hasiko, aurreko legealdian lan bat egin zelako. Herritarrek lau urterako aukeratu gaituzte. Egibarrek esan zidanez, pazientzia historikoa behar da...

Eta pazientzia demokratikoa. Euskal herritarren kultura politiko berria pazientzia historikoa eta demokratikoa izatea da, antza.

Bueno, biak izan ditugu eta beharko ditugu. Lau urte hauetan herritarrei esan behar diegu, gutxienez politika berri bat martxan jarri dugula. Ez da legealdi honetan gauzatuko, baina estatutu berrian erabakitzeko eskubidea sartzen bada, lorpen handia izango da. Gu ez gaude hemen betiko, gero, berriz hauta gaitzakete edo ez.

Legebiltzarrean estatutu berria onartu eta Madrilera joan zen Ibarretxe lehendakaria. Ezberdina izango al da oraingoan?

Gure ustez, Madrilera negoziatzera joan aurretik herritarren babesa jaso beharko genuke. Legebiltzar honetan adostutakoa herritarrek babestua bada, askoz ere indar gehiagorekin joango gara Madrilera. Nik ez dut esperantza galdu nahi abiatu baino lehen, legealdia garrantzitsua da, urratsak emango ditugu. Urratsez urrats joan behar dugu.

ETA oldar gogorrenean ari zenean, indarkeriarik gabe dena posible zela zioten batzuek Madrilen, independentzia barne. ETAk jarduera utzi ostean, trantsizio moduko bat izango zela aipatu izan zen. Historia ez ote da berriz ere errepikatzen ari? Horrela bada, zer egin dezake EH Bilduk?

Independentzia aldarrikatzea posiblea da, baina egikaritzea ez. Hori horrela da. Espainiko Estatuak lurraldetasunean arazo izugarria dauka, bai Kataluniarekin bai Euskal Herriarekin. Nik ez dut sinesten Espainiak aldaketa konstituzionala egin dezakeenik. Espainiaren defizit demokratikoa begi-bistakoa da, Espainiak argi eta garbi esan du bakarra eta osoa dela, beraz alde horretatik ez da ezer berririk etorriko, PPk agindu edo ez beste batek agindu ere.

Horiek horrela...

Uneon, Estatutu berria lortu daitekeela uste dut, 35 urte ondoren bada garaia, erabakitzeko eskubidea bertan jasota, noski.

Kazetaritzatik politikagintzara jauzia

Kazetari lanetan aritzetik politikari lanetara pasa zinen hauteskunde kanpainan estreinakoz. Zer inpresio jaso zenuen?

Kanpaina oso gogorra izan zen. Higadura izugarri bizi nuen. Ez nuen diskurtso bera erabili herri guztietan, tokian tokiko berezitasunak ezagutu ondoren baizik, eta horrek lan handia ekarri zidan. Informazioaren esparruan, “egindako esaldiekin” funtzionatu dugu, eta politikari gisa ez nuen horrela jardun nahi. Esaldi anpulosoak saihesten ahalegindu naiz. Esan beharrekoak kontrastatzen saiatu naiz, esan badut “40.000 lanpostu sortu ditzakegu arlo publikoan”, ez da kanpainan halaxe esan behar delako. Gaiaz dakitenekin hitz egin dut, eta proposamena egingarria dela barneratu.

Inbestidura saioan, Lehendakari hautagai gisa mintzatu zinen. Zer moduz?

Buruan sekulako erreboluzioa nuen, irriño gutxi egin nuen. Egun historikoa izan zen, niretzat eta familiarentzat. Hitzaldia neronek idatzi nuen, kontrastatua noski, gure programan oinarritutako diskurtsoa baitzen. Saioak errespetua sorrarazi zidan, Egibarrekin buruz buru lehian aritzeak, adibidez. Mintzakideak “ezagunak” nituen kazetari bezala eta urduri nengoen. Hitzaldia ez da berez zaila, besteei ongi erreplikatzea bai ordea.

Uste zenuen bezalakoa al da politika?

Hasi berria naiz. Politikak, antzerkia dela esan gabe, errepresentazio puntu bat dauka. Eta hobe ez balu. Herrigintzan urrats handiagoak emango genituzke. Politikan norberak bere posizioari eutsi nahi dio, legebiltzar honetan oraindik ere erresistentzia batzuk ikusten ditut kokapen batzuk ez galtzeko. Batzuek lainotzat joko naute, baina ni herrigintzan urratsak emateko lanera etorri naiz politikara.

Zer ikasi duzu sei hilabete hauetan?

Kazetaritzan bezala, politikagintzan etengabe ikasten jarraitu behar dudala. Herritarren kezkak bertatik bertara ezagutu behar ditudala. “Herriarekin eta herriarentzat” esatea erraza da, betetzen ordea zailagoa, izan ere, hutsune handia dago herritarren eta klase politikoaren artean. Jendeak bizi duena ezagutzeko haiengana joan nahi dut, kalera eta plazara. Politikari bezala herritarren artean nire burua kokatzen ikasi nahi dut, eta horretarako lehenik aldartea ongi eramaten –nerbioak kontrolatzen– jakin behar dut.

“ETB desespainoldu beharko genuke”

Koldo Izagirre idazleak esana du ARGIA honetan: “Politikariek funtsean ez dute bide-orririk euskararentzat, ez dago politika zehaztu bat”.

Ados. Politika zehaztu behar dugu. Hasteko, iragan hogeita hamar urteren ondoko azterketa egin beharko genuke, EAEri, Nafarroari eta Iparraldeari buruzkoa. Legebiltzar honetako kidea naiz, baina ez dut ahazten zein den gure herria. Hala ere, estatuen administrazioak zatitutako herri honetan euskarak dituen egoera ezberdinak trataera berezituak behar ditu. Euskararentzat egokiena litzateke elkarrekin lan egitea eta egitasmo integralago bat egitea, baina errealitatean Legebiltzar honek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ordezkatzen ditu.

Euskararen osasuna ez da ona.

Bai. Zergatik euskaraz ikasi duten hainbat gazte ez diren gai euskaraz hitz egiteko? Zergatik ez duten nahi euskaraz hitz egin? Ez naiz ziur arazoak lege bidez bakarrik duenik konponbide. Gauza batzuk erabaki politikoez eta lege bidez konpontzen has daitezke, baina batez ere, hausnarketa sakona behar da.

Zure ustez, ETB herren geratu da. Zein eredu proposatzen duzu?

Ereduak elkarrekin eta adostuta izan behar du. Tokiko irrati eta telebistekin hitz egin behar da, herri txikia gara eta. Sinergiak aprobetxatu beharko genituzke, ni horretan saiatu naiz ETBn aritu naizenean. “ETB desespainoldu” beharko genukeela esan nuen inbestidura saioan. Batzuek ez zuten ondo ulertu. “Bertako langileak desespainolizatzea” proposatu nuela ulertu zuten. Nik ez dut holakorik esan. Esan nahi nuen, sorreran izan ezik, eta Irrati-Telebistaren estatutuetan izan ezik, gure eredua espainola izan dela, Espainiako irrati-telebistaren ereduari begiratu diogula, lehiakide ditugunen arrakasta audientziak neurtzen baitu. Telebista publikoaz ari gara, eta behar batzuk zaindu behar ditugu, hala nola, generoa, hizkuntza, xenofobia, arrazakeria, parekidetasuna… Egia esan, konplikatua da telebista ondo egitea.

Zer iritzi duzu PISAk eman dituen emaitzei buruz?

Hezkuntzan azken urteotan murrizketak izan dira. Beste lurralde batzuetan ere bai, noski. Uste dut EAEko irakasleak urte luzeetan oso gaizki tratatuak izan direla, soldatak izoztu zaizkie, Patxi Lopez lehendakariaren garaian, hiru eguneko bajak hartzen zituztenei ez zitzaien ordaintzen. Horretaz beste, Eskolak ez ditu genero, hizkuntza edota arrazakeria arazoak konponduko. Matematika ere erakutsi behar du. Sekulako lan karga jartzen ari zaio eskolari. Beraz, eskolan hezi bai, baina familian ere bai, baita hedabideetan ere.

Bestalde, LOMCE oso murritzailea izan da, Euskal Herrian behar ez dugun erreforma ekarri digu, ikasle, irakasle eta ordezkari sindikalak tentsio izugarrian jarri ditu. Urte aztoragarriak eta borrokatuak izan dira. Euskal Herrian ez genuen erreforma hori behar. Horiek horrela izanda ere, Nafarroako emaitzak bestelakoak izan dira, Euskal Herriaz ari gara, bada hara begiratu dezagun. Zer egin dute, guk egin ez duguna? PISAk hala ere, gauza batzuk baloratzen ditu eta beste batzuk ez. EAEko barne produktu gordinaren arabera, ez dagokigun emaitza da. Arlo hau ere desespainoldu behar dugu, Espainian ohiko izaten baita gobernu bakoitzak lege berri bat egitea. Euskal hezkuntzak lege propioa behar du, egoera hau gainditzera eramango gaituen urratsak emateko. Hau ez da arazo isolatua, gainerako arlo politikoei lotuta dago. Hezkuntza funtsezkoa da, herri burujabe izatera belaunaldi berriek eramango gaituzte. Gu prest gaude akordioa lortzeko. EH Bilduk akordio zabalak aipatu dituenean, hauxe da halakoa behar duena. Ordea, tamalez, hauteskunde kanpainan PPk eta PSEk zabaldutako mezua kaltegarria izan zen. Badakigu gazte asko ez dela euskararen mundura etorri, baina ez dezaten euskararen kontra egin, ostera, ekar ditzagun ezagutu dezaten euskaraz zein ondo bizi garen, euskaraz ere disfrutatu daiteke eta. Jende asko ez da jabetzen galtzen duenaz, euskara ezagutzen ez duelako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eusko Legebiltzarra
2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


Software librea erabiltzen duten ikastetxeek beraien esperientzia azaldu dute Eusko Legebiltzarrean

Software librea erabiltzen duten Lezo BHI, Irungo Hirubide BHI eta Donostiako Antigua-Luberri BHI ikastetxeek beren esperientzia azaldu dute Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean, EH Bilduko Lore Martinez Axpek eskatuta. Institutuetako ordezkarien aurkezpenen bideoak [+]


Whatsapp-a ez da izango EAEko hezkuntzako oposizioetan akreditazioa lortzeko bide bakarra

Eztabaida eragin zuen 2023ko urriaren 21ko EAEko irakasleen oposizioetara sartzeko Whatsapp bidez jasotako QR kodea erabili beharrak. Azkenean, akreditazioa webgune baten bidez eskuratzeko aukera ere eman zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Hemendik aurrera... [+]


EAEko Trans Legearen erreforma onartu dute

Osasunean, hezkuntzan eta lan eremuan eragingo du erreformak, eta pertsona ez binarioak eta intersexualak kontuan hartuko ditu.


Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren legea adostu dute EAJ, EH Bildu eta PSEk

EAJ, EH Bildu eta PSE-ren babesarekin atera da aurrera. Erregai fosilen desinbertsiorako plan bat gauzatu beharko du Jaurlaritzak. Helburu nagusia 2050rako EAEn karbono emisioak zerora murriztea da.


Eguneraketa berriak daude