"Antzerkiak izugarri lagundu nau"

  • “Gordetzen den oro galtzen da, usteltzen da, itzaltzen da. Ematen den oro hazten da”. Mikel Markez abeslariaren hitzekin definitu du Ibon Agudok bere garapen pertsonala. Duela sei urte buruko isuria izan zuen Agudok. Gaur, gorputzaren kontrola hartuta, gaitasunak esploratzen eta esplotatzen dabil.

‘Kupela klown’ bakarrizketa sortu du Ibon Agudok, antzerkiak ekarri dizkion onurak bultzatuta. Berarekin harremanetan jartzeko: ibonagudo@gmail.com. / Ainhoa Mariezkurrena
‘Kupela klown’ bakarrizketa sortu du Ibon Agudok, antzerkiak ekarri dizkion onurak bultzatuta. Berarekin harremanetan jartzeko: ibonagudo@gmail.com. / Ainhoa Mariezkurrena

2010eko otsailaren 18a. Goizeko 8:45. Hala hasi du Agudok kontakizuna. “Seme-alabekin nengoen ikastolako autobusaren zain. Gaizki sentitzen hasi nintzen eta fuerte heldu nituen June eta Zuhaitzen eskuak. Ospitalean agertu nintzen ondoren. Zorionez ez dut tartekoa gogoratzen”, azaldu digu. Bi ebakuntza egin zizkioten. Lehenengoan itsua geratu zela kontatu digu eta hori ere “zorionez” ez duela gogoratzen. Bigarrenarekin, ordea, bista osorik berreskuratu zuen ia, eskuineko begiaren izkina batean izan ezik.

Agudok bizitza normala egiten du. Ez du soldatapeko lanik, desgaitasuna dela-eta, “baina lan egiten dut”, dio. Egunero etxeko lanez arduratzen da, baita seme-alabez ere. Laguntza ekonomikoa jasotzen du, baina proba bat pasa behar du bi urtean behin. “Gaizki zaudela demostratu behar izatea da zailena, zure buruari egunero mezu positiboak bidali nahi dizkiozunean”, adierazi digu. Izan ere, iaz, laguntza ekonomikoa erdira murriztu nahi izan zioten, txostenean “laguntzarekin, baina lan egiteko gai” zela jaso zutelako: “Azterketa horretan galdera orokorrak egin zizkidaten; liburu batzuen egileak nortzuk ziren eta horrelakoak. Erantzunak banekizkien. Baina ezaugarri esanguratsuenetako bat ez zuten kontuan hartu, epilektikoa izatea alegia”. Ebaluatzen duen medikuak osasun interesak izateaz gain ekonomikoak bilatzen dituela pentsatzen du: “Hori ulertu nuenetik beste jarrera batekin joaten naiz, zerbait defendatzera. Zaila da egia den zerbait defendatu behar izatea”. Agudok epaitegira eraman zuen kasu bat; irabazi egin zuela kontatu digu.

Otsaileko egun hartan buruko zaina hautsi izana ez zen samurra izan, kontatu digunez. Idazten eta irakurtzen ikasi behar izan du berriro, kaleen noranzkoak ere bai... Baina urtetik urtera gauza gehiago egiteko gai dela azpimarratu du, eta hoberantz egitea badagoela nabarmendu: “Nire egoera berean dagoenak sinetsi dezala: hobetzen da”. Gizarteari, orokorrean, beldurra galdu eta aurreiritziak alboratzeko eskatzen dio, bizkarrik ez emateko, berari inoiz egin dioten moduan: “Argi dut ez dudala zertan aritu beti hau kontatzen. Ezkutatu ez, baina azpimarratu ere ez”.

Izan ere, Agudoren pertsonalitatearen ezaugarri nabarmenena ez da hori, sormena baizik. Duela hiru urte antzerkian hasi zen eta sozializatzeak eta aktore moduan aritzeak asko lagundu diola esan digu: “Jende aurrean jarri eta ikusezin izatetik denak begira izatera. Txalo zaparrada jasotzera. Eta ez penagatik, egindakoa gustuko izan dutelako baizik”.

Antzerkirako bideak, joan eta etorriak eta bata eta bestearekin elkartzeak herriko saltsa guztietan nahastera bultzatu dute. Besteak beste, herriko zaharren egoitzan aritzen da astean behin euskara sustatzeko antzerki jarduerak dinamizatzen. Obra bat sortu zuten iaz, hainbat lekutan aurkeztu dutena. Agudok ideiak bota eta gidoiak egiten ditu, baita zuzendari lanak ere. Bestalde, gidoia eta pertsonaia bat landu ditu bere kabuz eta bakarrizketa bat sortu: Kupela Klown. Edozein lekutan antzezteko prest eta gogotsu azaldu digu, eta gonbitak jasotzeko “desiatzen” dagoela: “Sormenak eta irudimena lantzeak egiten nau zoriontsu. Errezeta berri bat asmatu, marraztu, umorea egin, idatzi, azaldu... Finean, norberaren koloreak ateratzea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


"Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du"

Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]


Eguneraketa berriak daude