Txina hesitu ostean, haren kontrako gerrara nola garamatzaten

  • Abendu hasieran aurkeztu da Londresen John Pilger kazetari australiarraren dokumental berria: “Txinaren kontra datorkigun gerra”.  Haren arabera, AEBek urteak daramatzate Txina inguratzen base militarrez eta neoliberalek gaina hartu ahala militarrek galdu dituzte bonba atomikoa erabiltzeko erreparoak. Hedabide nagusien isiltasuna eta manipulazioa salatzen ditu kazetari mitikoak.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2016ko abenduaren 18a
John Pilgerrek ‘The Coming War on China’ dokumentalean erakusten du nola daukaten AEBek Txina hesi militarrez inguratua. Hedabide nagusiek biderkaturik propagandak sinetsarazten duen arren Txina ari dela halako hedatze bat egiten Ozeano Barearen hego alde
John Pilgerrek ‘The Coming War on China’ dokumentalean erakusten du nola daukaten AEBek Txina hesi militarrez inguratua. Hedabide nagusiek biderkaturik propagandak sinetsarazten duen arren Txina ari dela halako hedatze bat egiten Ozeano Barearen hego aldetik, grafikoak ez du AEBen nagusitasunaren eta Txinak arriskatzen duen blokeoaren zalantzarik uzten.

Gerra atomikoaren inguruan dagoen isiltasuna urratzeko egin dut film hau”, dio batean eta bestean John Pilgerrek. Australian 1939an sortu eta gaur Britainia Handian bizi den Pilger erreferentziazkoaren 60. dokumentala da The Coming War on China, frantsesez edo gaztelaniaz ikusteko (ez aipa euskaratzerik oraingoz) puska batean itxaron beharko duguna.

Oso gazterik Vietnamgo gerrako kronikak lekuan bertatik igortzen zituenez geroztik, mundu osoko gerrak eta gatazkak gertutik eta baita barrutik ere ezagutu ditu Pilger beteranoak. 77 urterekin ateratzen du kemena etengabe idatzi, dokumentala egin eta deitzen dioten lekuetan hitzaldiak emateko.

“Txinaren kontra datorkigun gerrak” azaltzen ditu AEBek Asian eta Itsaso Barean barrena antolatuta dauzkan itsasoko eta aireko indar militarrak, jomugan Txina daukatenak. Filmak jorratzen ditu potentzia nagusiak darabiltzan propaganda eta probokazioak ere. “Hedabideek dioskute Txina mehatxatzen ari dela eskualde osoa, hainbat uhartetan hegazkinentzako pistak eraikiz-eta; baina ezkutatzen digute aurretik AEBek Txina inguratu dutela 400 base militarrez, hauek dauzkaten misil, hegazkin eta gerrako ontziekin, osatu arte estratega militar batek ‘urka-bilurra’ deitu duenarekin”.

Filma Marshall uharteetatik abiatzen da. Pilgerrek sarkasmoz dionez, gaur bikini aipatuta mundu guztiak emakumeen bi pieza laburreko bainujantzia ulertzen du, ahaztu da janzkiari Bikini uhartearen izena eman zitzaiola hain zuzen han amerikarrek jaurtitzen zituzten bonba atomikoekin jendeen hezurrak agerian geratzen zirelako.

Geroztik H bonba andana leherrarazi zuten Marshalletan, denetara osatuz txikizio ahalmen izugarri bat: 12 urtez egunero Hiroshimako bonba bat zapartatuta adinakoa. Nazio oso bat, marshalldarrak bihurtu zituzten gerra atomikoaren akuri, bertan AEBek eraikiz base militar sekretuenetako bat.

Pilgerrek argitara atera nahi du gerra nuklearraren posibilitateaz hedatuta dagoen isiltasuna. Dokumentalerako elkarrizketatu dituen estratega militar batzuentzako dagoenekoz gerra atomikoa ez baita imajinatu ezinezkoa, aitzitik, gerta daitekeen zerbait da. Baina munduak mehatxu nuklearra hurbil sentitu zuen Gerra Hotzaren aldean, “oraingoan fronteak ez daude hain garbi markatuta, eta arriskuak askoz handiagoak dira”.

“Txinaren kontra datorkigun gerra“ bi urtez filmatu du Pilgerrek, bere iritzian Txinaren eta AEBen artean beroenak diren bost frontetan, bilduz ustez munduaren martxaren jakitun garen herritarrok ere ezagutzen ez ditugun gertakizun funtsezkoak.

Adibidez, gure hedabide nagusiak behin eta berriro erakutsi dizkigute Spratly uharteak, Txinak beretzako dauzkanak Filipinekin liskarrean. Baina ez dugu aipamen handirik sentitu 2005ean hasita sei aldiz AEBek eta Australiak elkarrekin antolatu dituzten Talisman Saber maniobra militarrez. Azken edizioa, 2015ekoa, Gerra Hotza bukatuz geroztik egin den handienetakoa izan zen eta bertan probak egin zituzten Malakako itsasartea ixteko, esan nahi baita, Txinara petrolioa, gasa eta klase guztietako lehengaiak Ekialde Hurbiletik bezala Afrikatik dakartzaten itsasontziei bidea mozteko.

Gerra izatekotan, nuklearra

Txinako zenbait adituren ikuspegiak ere bildu ditu Pilgerrek, gutxitan ikusten den moduan. Estratega txinatar batek esan dio: “Gu ez gara zuen etsaia, baina zuek erabakitzen baduzue hala garela, orduan berehala prestatu beharko dugu”. Berrikitan, dio Pilgerrek, bere arma nuklearren alerta egoera maila batez larriagotu du Txinak.

AEBetako itsas armadaren aholkulari zientifiko izandako eta arma atomikoetan aditua den Ted Postolek honela azaldu du azken urteotan militarren artean bizi den giroa: ‘Hemen denek nahi dute erakutsi gogorrak direla. Horra, gogorra naiz benetan, ez daukat beldurrik militar arloan edozer egiteko, ez daukat beldurrik mehatxu egiteko, ni naiz gorila nagusi harroa. AEBek ezpatak dantzan darabiltzate eten gabe, eta hori goitik xaxatu egiten dute”.

Pentagonoko gerra plangintzan aritutako Andrew Krepinevich da gerrari beldurrik ez dioteneko bat. Txina zigortu nahi du bere defentsa lerroak hego aldera zabaldu izanagatik. Itsasoa minaz bete eta Txinako trafikoa blokatzea proposatzen du: “Gure lehen presidente George Washingtonek zioen bakea nahi baduzu gerra prestatu behar duzula”.

Kontua da Gerra Hotzaren garaian, 1960ko hamarkadan AEBek eta Sobiet Batasuna gudu nuklearren ateetara behin eta birritan hurbildu ostean, potentzia handiek antolatu zutela halako kontentzio estrategia bat; gaur eraitsita dago, edozein taktika eta kalkuluri bidea zabalduz. Adituek filmean barrena azaltzen dute nolaz gatazka mugatu bat, bi arerioek elkarren intentzioak oker ulertu eta neurtzearen poderioz, bilakatu daitekeen gerra atomiko erabateko.

Pilger oso kritiko azaltzen da AEBen morroi itsuak garen mundu aberatseko jendeekiko. Bere sorterri Australia yankien estatu bat gehiagotzat dauka. Japoniaz dio funtsean AEBen kolonia izaten segitzen duela, bestelako itxurak eginagatik. Eta Europaz, okerreko irizpidez Magreb eta Ekialde Hurbileko egitura politikoak suntsitzen laguntzearen ordainak ari garela pagatzen, batetik etxean atentatu gehiago jasoz baina are larriago guregana datorren etorkin eta iheslari uholdeak harrapaturik.

Guztia estaltzen du Txinarekiko beldurraren propagandak. Pentagonoaren komunikazio arduradun Harry Harris almiranteak, Asia eta Itsas Bareko komandante militarra denak, New York Timesek bere lan eremuaz galdeturik erantzun zion: “Nire erantzukizuna iristen da Bollywoodetik hasita Hollywooderaino, hartz polarretatik pinguinoetaraino”. Labur bezain argi.

Filmak bildu ditu gerra egiturei aurre egiten dieten herritarren mugimenduak ere. Zehazki bi. Okinawa uharte japoniarrak 35 base militar dauzka. 1995ean soldadu yankiek 12 urteko neskato bat bortxatu ostean oldartuz geroztik, baseen kontrako mugimendua indartuz joan da eta gaur uharteko  gobernadore den Takeshi Onaga base militarren kontra nabarmentzen da.

Hego Korearen Jeju uhartean, Seulgo gobernuak AEBei eskainitako base militarra zabaldu nahi du Gangjeong arrantzale herrixka deseginik. Egunero herritarrek eta atzerritik iritsitako askok basearen ataria blokatzen dute Mun Jeong-hyeon apaiz katoliko zaharrak meza ematen duela: “Lau aldiz kantatzen dut basean, eguraldiaren axolarik gabe. Ingurumena eta herritarren bizia bera suntsitu nahi dituzte eta guk eman behar dugu lekukotasuna”.

Kanal hauetan artxibatua: Gerra  |  Arma nuklearrak  |  Txina

Gerra kanaletik interesatuko zaizu...
2018-01-12 | ARGIA
Gerraren kontrako kanta batek musikari euskaldun, kataluniar, galiziar eta espainiarrak elkartu ditu

“Gerrari deu ere ez!” proiektu musikala aste honetan sareratu dute. Julene Maia musikari bilbotarraren eta Josep M. Porté kataluniarraren egitasmoak gerraren aurkako kontzientzia piztea du helburu.


Bilboko Portua armak esportatzeko zamaontzi baten sarrera ezkutatzen ari dela salatu dute

Getxoko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldearen esanetan, sarreren aurreikuspenetan ez da ageri Bahri Tabuk ontzi saudi arabiarraren iritsiera. Ontzigileak ere ezabatu egin du bere agendatik Bilboko geldialdia.


2017-11-29 | ARGIA
Bosniako kriminal kroaziar batek bere buruaz beste egin du Hagako epaitegian pozoia edanez

Herzeg-Bosnia kroaziar errepublikan 1992tik gizateariaren aurkako krimenak egin izana egozten zion auzitegiak. Epaileak 20 urterako kartzela zigorra berretsi orduko edan du pozoia eta minutu gutxira hil da Slobodan Praljak.


2017-11-26 | André Vltchek
Gerra medikuntza berria XXI. mende gatazkatsurako

André Vltchek (1962) kazetari eta dokumentalgilea mundua korritua da gatazka armatuen berri emanez. Leningradon sortua (San Petersburgo, Errusia), iparramerikarra nazionalitatez, ezaguna da hedabide handi bezala txikietan argitaratu kronikengatik, halaber liburuengatik, azken biak Inperioaren gezurrak erakutsiz eta Aurora, fikziozkoa. Euskal Herrian Txalapartak argitaratu zion Noam Chomskyrekin egindako Mendebaldeko terrorismoa. Dokumental saila ere egina du, Ruanda eta Kongoko gerraz... [+]


Bilboko jolas-parkea gudu-zelai bihurtua, iaz 15.500 ume gatazka armatuen biktima izan zirela salatzeko

15.500 haur hil, mutilatu edo soldadu egitera behartu zituzten iaz, gatazka armatuetan. Gerretara armak saltzen dituzten herrialdeak salatu eta salerosketa hori amaitu dezatela eskatzeko, Bilboko jolas-parke bat gudu-zelaia bailitzan irudikatu dute.


Makiak sasi artean ezkutatuta

Jatorrian, Korsikako italieraz, macchia hitzak “sasiz estalitako zelaia edo basoa” esan nahi du. Ondoren, maki hitza ekosistema mediterraneo jakin bat izendatzeko erabiltzen hasi ziren, nagusiki Frantziako hego-ekialdean topa daitekeena eta zuhaixka eta zuhaitz termofilo ugarikoa.


Trump eta Kimek nola ekarri gaituzten gerra nuklearraren atariraino

Ez zaie jaramonik egin behar Ipar Koreako diktadura barregarri uzten duten irudiei: herrialde txikiaren eta munduko potentzia nagusiaren arteko tirabirak 2017ko udan mundua eraman dute krisi atomiko larri baten ateetaraino. 1962an Kubako misilen krisian AEBek eta Sobietar Batasunak gerra atomikoa ia piztu zutenetik ez omen da hain egora arriskutsua bizi izan. Udazkena iristear, ez da ikusten nola baretu Ekialde urruneko sute arriskutsua.


2017-09-01 | Estitxu Eizagirre
Arma industriarik gabeko Euskal Herriaren alde, Gerraren Aurkako Emakumeen elkarretaratzea gaur Gasteizen

Gerraren Aurkako Emakumeak taldeak hilabeteko lehen eta hirugarren ostiralean elkarretaratzea burutzen du 19:30etan, Postas eta Dato kaleen kantoian. 2016ko azaroan hasi zuten ekimen hau "gerraren aurka, produkzio militarrik gabeko EH baten alde eta beste herri batzuen ondasunak espoliatzearen aurka".


2017-08-24 | ARGIA
"Saudiarren diplomazia erlijioso militarizatuak mundua mehatxatzen du"

Pierre Conesa (1948) Frantziako Defentsa ministerioko goi-funtzionario erretretaduna elkarrizketatu du Afrique-Asie hilabetekariak uztail-abuztuko zenbakian, Bartzelonako gertakizunak baino lehen. Pasarte txiki bat euskaratu dugu, non Afganistango gerratik gaur arte luzatu den gatazkaren gakoez ari den. Conesaren azken liburua da Docteur Saoud et Mister Djihad : la diplomatie religieuse de l'Arabie saoudite.


2017-08-23 | Xabier Letona
Paris eta Belgikako konexioak

Gérarda Collomb Frantziako barne ministroak jakinarazitako datuen arabera, Cambrilseko hamabi laguneko taldeko lau kide izan ziren Parisen atentatuaren aurreko astean, Cambrilseko erasoan erabilitako Audi3a autoarekin.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude