Jakoba Errekondo Saltsamendi

"Etengabeko festa izan da liburuaren sortze prozesua"

Garazi Zabaleta @tirikitrann
2016ko abenduaren 18a
Argazkia: Dani Blanco

Altza Porrun ikusi zaitugu Jakobian eraikineko jabe, intxaurrondo bihurtzen den superheroi moduan… Ez al zaituzte gehitxo xaxatu marrazkilariek?


Ezetz esango nuke. Nik dagoeneko lagun ditut komikilari horiek, eta badakizu zer pasatzen den lagunekin… Liburu honekin gertatu dena da, edozein gauza gertatu zitekeela! Eta ideia horrekin sortu zen, gainera. Nik estutasun batean jarri nahi nituen marrazkilariak: beraiek eraiki behar zituzten gauza asko, ez zitzaien dena egina emango. Estutasun hori oso sortzaile bihurtzen da, eta beraz, edozein gauza espero zitekeen!


Nolabait konpentsatzeko, euskaldunon Mesias ere izendatu zaituzte…


[Barreak] Idoia Torregarai herrikidea dut, elkar oso ongi ezagutzen dugu, eta beno… definizio ganberro bat da, baina egia esan, liburuan oso ongi kabitzen da. Gero beste gauza bat da ados gauden edo ez…


Zaila izan da komikigileak zuzentzea? Askotan deitzen al zizuten baratzearen gaineko dudak argitzeko?


Denetik egon da. Batzuek zalantza gehiago izan dituzte eta laguntza-elkarlana gehiago bultzatu dute, baina beste batzuek beren kasa hartu dute lana, bere bidea eginez. Gai mordoa daude landu zitezkeenak: landareen mundua orokorrean, baratzezaintza, kultura, hizkuntza, baserriaren mundua, kontsumitzaileen mundua, lurrarekin dugun harremana… Bakoitzak aukeratu zuen non sentitzen zen eroso.


Dibertigarria ere izango zen barazki-marrazki festa, ezta?


Bai, zalantzarik gabe! Oso xelebrea zen bakoitzak nondik jotzen zuen ikustea. Beraiek ez zekiten besteak zer ari ziren egiten, eta ez dute jakin liburua etxean jaso duten arte. Horrek ere bazuen bere saltsa! Nik, egia esan, asko gozatu dut liburuaren sortze prozesuan, ez bakarrik produktu bukatuarekin. Sortzea bera etengabeko festa izan da.


Informazio-liburua lehenik, komiki-liburua orain… Zer izango da hurrengoa, poesia liburu bat? Edo agian pantaila handira egin nahiko duzu salto…


Beno, baratzea mundu askotarako ataria da. Beraz, zergatik ez ba? Literatura eta baratzea, edo artea eta baratzea, edo bertsoak eta baratzea… edo auskalo! Sormenarekin lotutako mundu horientzako guztientzako baratzea eta lurra ideien etengabeko iturria dira. Beraz, edozein gauza etor liteke!

Kanal hauetan artxibatua: Altza Porru  |  Baratzea

Altza Porru kanaletik interesatuko zaizu...
2017-01-25 | ARGIA
Jakoba Errekondok eta Mattin Martiarenak 'Altza Porru' aurkeztuko dute ostegunean Donostian

Jakoba Errekondok eta Mattin marrazkilariak Altza Porru komiki liburua aurkeztuko dute ostegunean, hilak 26, Ategorrietako (Donostia) Iturritxo jatetxean, 19:00etan.


2017-01-03 | ARGIA
'Altza Porru' komiki liburua aurkeztuko da asteazkenean Hernanin, Ainara Azpiazuren 'Arian Arian' erakusketaren barruan

Baratzea gaitzat hartuta Jakoba Errekondok eta zortzi marrazkilarik egindako Altza Porru komiki liburua aurkeztu da urtarrilaren 4an Hernaniko Biteri Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera. Ainara Azpiazu Axpi hernaniar irudigilearen Arian Arian erakusketaren barruan egingo da ekitaldia. Azpiazu da Altza Porru-n parte hartu duen marrazkilarietako bat, hain zuzen; libururako egindako irudiak erakusketan agertu nahi izan dituen lanen artean daude.


2016-12-11 | Garazi Zabaleta
"Txikitatik daukat barrazkiak egiteko ohitura"

Barazkiak supermerkatuan erosketak egiten, tabernan urtikalimotxoak edaten, Su Ta Sagar entzuten… Ez al da gehiegizkoa?


Gehiegizkoa guk daramagun bizimodu hau iruditzen zait, halako abiaduran. Itxuraz, komikian barazkiek mundu kaotikoa adierazten dute, baina seguraski guk hautatu dugun bizitza dago hor, gure mundu kaotikoaren isla da.


Baratzearen inguruan bi mundu paralelo marraztu dituzu, elkar eragiten: batetik kanpokoa, baratzezainarena, eta bestetik barrukoa, barazkiena... [+]


2016-12-04 | Garazi Zabaleta
"Bertsotan egiteak eta marrazteak duten antzekotasun bakarra, sortzen didaten erretzeko gogoa da"

Altza Porrun parte hartu duzun arren, komiki-kontakizun osorik ez duzu egin gainontzeko marrazkilariek ez bezala. Zentsuratu egin al zaitu Jakobak?

Banekien jakin Jakobak ni zentsuratzeko asmoa zeukala eta horregatik, neure buruari inportantzia emanez, erabaki nuen aukera hori ez ematea. Eta bai, egia da ez dudala gainontzeko marrazkilariek legez komiki-kontakizun osorik egin Jakobarekin berbatuta dudalako hurrengo albuma neuk idatzi eta marraztuko dudala oso osorik. Edozelan ere, hori ez... [+]


2016-11-27 | Garazi Zabaleta
"Izan al dugu inoiz porruak ereiten dakien lehendakaririk?"

Baratzegintzak eta politikak bat egin dute zure komikian. Lotura surrealista xamarra.

Jakobari entzun nion behin baratzeaz ulertzen ez duena ez dela euskaldun kultua. Zer pentsatua eman zidan horrek. Halako batean Urkulluren mitin baten zati bat bota zuten ETBn, eta bere eskuetan fijatu nintzen. Ikusten zen esku haiek gehiago probatu zutela ogi masaren leuna eta gozoa eta ez baratzearen lakarra eta zikina. Aitzur gutxi hartutakoak zirela, alegia. Eta nirekiko pentsatu nuen: “Honek ez... [+]


2016-11-27 | Estitxu Eizagirre
ARGIAren mahaian dugu hitzordua

Durangoko Azokara bazatoz, ARGIAren mahaian opari berezi bat duzu zain: Mozal Legeak ARGIAri jarri zion isunari erantzunez aurten atera dugun azala, poster bihurtuta. Horrelako erasoei aurre egiteko ARGIAren indarra jendea da. Horregatik, ARGIA-jende gehiago egitea eta bakoitzak ahal duen ekarpena egitea izango da aurten helburu nagusia. ARGIAren mahaian eskuratu ditzakezun liburu eta egutegien artean, aurten ere ez da saltsarik eta umorerik faltako. Pasa mahaitik eta esan ARGIAkoa zarela... [+]


2016-11-20 | Garazi Zabaleta
"Jakobita nintzen Jakobitak ezagutu aurretik"

Baratzegintzaz dakizun guztia zortzi orrialdetan sartu duzu Altza Porrun. Asko-asko ere ez zenekien orduan, ezta?


Bada, ez. Gutxi dakit eta gainera dakidan apurra segituan ahazten dut. Gogoratzen naiz amari galdetu niola baratxuriak nola erein behar ziren eta berak erantzun. Handik bi egunetara baratzetik deitu nion, baratxuriak eskuan, ea pikua behera zen edo aldrebes. Desastre!


Zerk elkartzen ditu Faltzes, Aranzadi, Lezo, Abaurregaina, Twitter, Etxauri eta Txantrea?


Hori da... [+]


2016-11-13 | Garazi Zabaleta
"Paradisua eman diot Altza Porruri"

Permakultura, baratze ekologiko, biodinamika eta zero zabor filosofiadun unibertsoa marraztu duzu. Jakobitentzako paradisua da!

Bai, hala da! Naturak berez, guk esku-hartzen ez dugunean, daukan perfekziorako joera irudikatu nahi nuen, horrek liluratzen nau. Gaur egun atzetik gabiltza beti, hanka-sartzeei buelta emateko sistemak asmatzen. Edo asmatu nahian behintzat. Horren guztiaren beharrik ez den momentua irudikatu nahi izan nuen. Ez dakit paradisuko mundu horretatik gatozen, baina joan,... [+]


2016-11-06 | Garazi Zabaleta
"Baratzean marraztu dut ia komiki osoa"

Baratzeaz hitz egiten baino, kaka-solasean aritu zara Altza Porruko zure tartean, Asisko…

Beno, hiritarra naiz ni, oso oso iruindarra, eta familian hurbileko inor ez dut sekula baserrian izan. Orain, nire bizitza egin dudanean, lurrarekin lotura badut, baina benetan oso berria da harreman hori. Eta harrigarria egiten zait ikustea nola lurrak dena irensteko ahalmena duen. Lana ematen diogu lurrari etengabe, ustiatu egiten dugu… eta zer itzuli diezaiokegu guk berari? Bada, gure... [+]


2016-10-30 | Garazi Zabaleta
"Marrazkilariok ere baratzikolak gara"

Zer-nolako esperientzia izan da Altza Porrukoa? Bizi Baratzea liburua askotan kontsultatu behar izan duzu marrazten hasi aurretik?

Esperientzia ederra! Nik baratzean, egia esan, esperientzia zero. Edo are gehiago, zero negatibo! Baina asko ikasi dut. Baratzeak erakutsi dit lurra landu behar dela lanean hasi baino lehen, eta guk ere gauza bera egin beharra dugu: ingurua pixka bat prestatu marrazten hasi baino lehen. Eta gero, pazientzia! Itxoiten jakin behar… Guk marrazki edo komiki... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude