Gordintasun dosia

  • Gasteizko Gaztetxean, azaroaren 11n. Muinoko Hotsak egitasmoaren barruan antolatutako kontzertu honetan luxutik oso gertu ibili ginen, bertaratutakook espero genuena, edo agian gehiago, jaso genuen-eta: gordintasun dosi dotore bat.

Argazkia: Dos por dos

2016ko abenduaren 18an

Oraingoan ere Gasteizko Gaztetxean. Hasteko Los Nitxos gasteiztarrak eta segidan Inoren Ero Ni. Soinu gordinen zale garenontzat ezinbesteko zita. Batzuek hala besteek denbora zeramaten Gasteizen aritu gabe, eta aurreko egunetan nabari zitekeen hori, zain geunden.
    Los Nitxos taldekoek hartu zuten taula lehenbizi. Psikodelia kutsuak dituztela esango nuke, garajea ere nabari da, eta eurek diotenez post punka egiten dute. Dena, gordin. Hortik aurrera, dituzten eragin guztiak definitzea baino, hobe zuzenean ikusten badituzue, edo euren bi lanetako bat entzun. Denak, dotoreak. Eta gaztetxeko kontzertua ere dotorea izan zen. Batez ere Carnalito azken laneko kantuak jo zituzten eta hurrengo baterako gogoz utzi gintuzten. Izango da aukerarik aurrerago ere.
    IENNEI aurkeztera zetozen Inoren Ero Ni-koak, euren estudioko bosgarren lana. Aurreko hiru lanen ostean, trilogia amaitu izangatik-edo taldearen beste ziklo bat iragartzen zigun disko berriak. Ziklo berriaren beste seinale bat ziren Guantxe baterian zela sortutako kantuak, nahiz eta urte batzuk badaramatzan Mikel Txopeitiak utzitako lekuan –barka, baina luzea da Pintzaren itzala–.
    Bost diskoetako kantuak jo zituzten, zaletuon gozamenerako. IENNEIko kantu guztiak, inprobisatutako kantuak izan ezik, eta beste lanetatik, bada, Tanger, Bi Ziba Ero, disonantzia... Kantu zerrenda, tatxarik gabea. Hasi IENNEI zabaltzen duen Pantera Emearekin, eta lehen laneko Iparralderarekin amaitu arte.
    Bueno, izan gaitezen zintzoak: kontzertua ez zuten kantu batekin hasi, zentzu hertsian hartuz gero. Okene Abrego, taulagainean eserita, paper bat eskuan, irakurtzen hasi zen, hil berria zen Leonard Cohenena ematen zuen jantziarekin. Ikaragarria da Abrego jaunaren maisutasuna jendaurrean, badu magnetismoa, dotore mugitzen da, iaioa da taulan atzera mugitzen, elegante uzten die bere taldekideei protagonismoa hartzen bera atzera joanda. Gutxitan ikusten diren frontman horietakoa da Okene jauna.
    Beste taldekideak ere ez dira atzera gelditzen, ordea. Lehenago aipatutako Guantxek berak eman dio bere soinua taldeari, eta kantu berrietan bereziki nabari da hori, normala den moduan. Mariano berriz, taldearen zutabea da, sendoa, ildoa markatzen duena. Eta azkenik, Borja Iglesias: Inoren Ero Ni-ren soinuaren zati handiena, nire ustez. Gordina da Iglesiasen soinua, soila bere jotzeko modua, handikeriarik gabe, eta disonantzia zalea. Jo gabe egoten dakien gitarrajole gutxi horietakoa da, eta benetan eskertzen direla halakoak.


ASTEKARIA
2016ko abenduaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude