"Ez dabiltza edozein estatu murrizten, estatu soziala dute xehatzen"

  • Finantza-merkatuen indarra handituz joan da, egitura publikoen erabakietan eta herritarron bizietan eragiteko boterea lortu arte. Edozein baldintzatan finantzak salbatzeko jarrera dute estatuek. Berdin dio zorraren handitzea badakar. “Kapitalismoaren salbatzeko neurrien eraberritzea sekulakoa da, horien amaiera ez dugu agian sekula ezagutuko”, dio Audrey Laurin-Lamothek. Attac-ek argitaratu La dette du Quebec, vérités et mensonges (Quebecen zorra, egiak eta gezurrak) liburuan parte hartu du.

Gaur egungo egoera sozioekonomikoak 20ko hamarkadakoarekin eite handia duela dio Laurin-Lamothek. Garai hartan bezala, ezjakitez eta etsipenez, jendea faxismoari lotzen ari dela ikusteak kezka eragiten dio. (Arg.: Audrey Laurin-Lamothek utzia)
Gaur egungo egoera sozioekonomikoak 20ko hamarkadakoarekin eite handia duela dio Laurin-Lamothek. Garai hartan bezala, ezjakitez eta etsipenez, jendea faxismoari lotzen ari dela ikusteak kezka eragiten dio. (Arg.: Audrey Laurin-Lamothek utzia)

Estatuaren zorra aipatzen digute austeritatearen beharra azaltzeko orduan. 

Zorraren estakurua erabiltzen hasi ziren 70eko hamarkadan, estatuan neoliberalismoaren bihurgunea hartzen hasi zirenean. Azpi-kontratatzeak, pribatizazioak, malgutasuna... Noizean behin izen berri bat hartzen duten politiken multzoan sartzen da austeritatea. 2008ko krisiaz geroztik gero eta gehiago aipatzen digute zorra, gero eta austeritate handiagoa justifikatzeko.

Ezin dugu gastu publikoei soilik lotu estatuaren zorra.

Bi elementu hartu behar dira kontuan. Batetik, diru sartze batzuk bazterrera utzi dituzte: zerga saihestea eta ihesa erraztu dituzte, zerga tasak apaldu dituzte... Enpresei zuzendu diru-laguntzak ere badira. Zerga tasa zinez apalak eta diru-laguntza alimalekoak ditugu Quebecen, sektore batzuentzat kasik zerga paradisu gara. Bestetik, diru sartzeen xahutzeari ere so egin behar zaio. Hautu politiko batzuk dira eta jendarte-egituraren goian kausiturikoek dituzte erabakitzen. Ez dabiltza edozein estatu murrizten, estatu soziala dute xehatzen.

Milaka milioi eman zizkieten bankuei.

Hautu politiko bat zen. Banku sistemikoak badirela jakin behar da. Hamar bat inguru dira, gehienik 30 bat, baina lurreratuz gero, sistema finantzario guztia lirateke lurreratuko. Konfiantzan oinarritzen da sistema finantzarioa eta konfiantza hautsiz gero, domino andana bat da erortzen. Hondamendi hori saihesteko zuten hautu hura egin. Baina banku horien boterea ahultzeko neurririk ez zuten finkatu. Gaur egun, herritarren etorkizuna erabakitzen du finantza-merkatuak.

Nolaz onartzen dute botere uzte hori?

Estatuen aberastasuna ez da bakarrik garapen industrialari lotua, finantza-merkatutik ere jasotzen dute. Etengabean emendatuz doa kapitalaren etekina; aldiz, lanarena geldi-geldirik dago. Isileko akordioa dago elite politikoen eta eragile finantzarioen artean.

Finantzarizazioak are basago bilakatu al du kapitalismoa?

Arriskutsua zen kapitalismo industriala ere, eta ekologikoki jasangaitza zen. Bere aldakortasunagatik da arriskutsua finantza-kapitalismoa. Arriskua sistemikoa da, munduaren beste puntan gertatzen denaren menpeko gara. Gainera, neoliberalismoagatik krisi ekonomiko bati aurre egiteko behar genukeen sare soziala eskas dugu.

Aberastu daiteke zorra finantza merkatura eramanez.

90eko hamarkadaz geroztik, zorrak burtsarako titulu bilakarazten ahal dituzte Kanadako bankuek.  Estatuen eta familien zorpetzea akuilatu zuen erabakiak. Arazoa da, etekina egiteko bide bilakatu delako. Maileguen bidez dirua banatzen dute ekonomiaren hazkundea ahalbidetzeko. Ikasleentzat mailegua, autoa erosteko mailegua, delako denda batek eskainitakoa... Maileguak geroz eta pertsonalizatuagoak dira.

Burtsako salerosteak zergapetzea soluzioa dea?

Aterabide multzo baten barne den soluzio bat izan beharko luke. Zerga sistemaren erreforma, finantza aktibitateen kontrola, Eskandinavian bezala lan denboraren txikitzea, zerga paradisuen aurkako borroka, trantsizio ekologikoaren aldeko politikak... Anitz bada egiteko. Baina salerosteen zergatzeak ez du paradigma berri batzuen hartzea ondorioztatuko.

Noizko kapitalismoaren bukaera?

Ez dut oraindik ikusten. Tokian tokiko elkartasunarekin errimatuz doan ekonomia bat dago, baina ezin dugu finantza-ekonomiaz erabat ihes egin. 2008an inork ez zuen pentsatzen estatuek bankuei dirua banatuko zietela! Kapitalismoaren salbatzeko neurrien eraberritzea sekulakoa da, haien amaiera ez dugu agian sekula ezagutuko. Halarik ere, ez dut uste krisi erraldoi bat itxoin behar dugunik kapitalismoaren ondorengoa irudikatzeko. Egunero post-kapitalismoa gauzatzen dabiltza batzuk, adibidez trantsizio ekologikoaz edota lanaren alienazioaz gogoetatuz. 20ko hamarkadarekin eite handia duen egoera batean gara: soldaten arteko desberdintasun handiak, xenofobiaren igoera...

Ez du itxura onik.

Faxismoaz geroz eta hurbilago den egoera batean gara. Haren mezua pasaraztea ez du lortzen ezkerrak. Erran behar da sistema mediatikoak ez duela laguntzen, komunikabideen gehiengo zabala egitura pribatuen esku delako. 1922an Mussolini sostengatzeko Erroman egindako martxan zirenek ez zekiten zer nahi zuten. Faxismoan den masifikazio efektua beldurgarria da, mugimendu baten parte izan zaitezke egiten zabiltzanaz kontzientzia edota gogoeta zehatzik ukan gabe. Faxismoan ezjakina aktibismo politikoz eraldaturik da eta hori da izugarria. Mussolini boterera iritsi aitzin hor ziren faxismoaren osagaiak, Weimarko Errepublikan aldiz ez zen antolaturiko herritarren mugimendurik, Hitler boterera heldu eta jarri zituzten baliabide instituzionalak.

Kapitalismoaren egitura ulertu

“Desberdintasun ekonomiko eta sozialekiko sentibera izan naiz betidanik. Ekonomia kapitalistaren egiturak eta hainbat politika legitimatzeko egin diskurtsoak ulertu nahi nituelako lotu nintzen soziologia ekonomikoari. Arazo ekologiko, ekonomiko zein sozialak ulertzeko finantzaren esfera ulertu behar da”.


ASTEKARIA
2016ko abenduaren 18a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia krisia
Austeritatearen itzulera
Arau fiskal berriei baietza eman diete Bruselan eta murrizketa sozialei atea ireki

Europar Batasuna pandemia aurreko zerga arau zorrotzetara bueltatzeko bidean da, Europako Parlamentuak estatu kideek duten defizita eta zorpetzea mugatzeko neurri fiskal berriak onartu ostean. Ecofinek 2023 urte amaieran erabakitakoari jarraiki, austeritate eta murrizketa... [+]


Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2024ko europa neoliberalak, Schäubleren politika austerizida du ipar

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Bizitzaren garestitzeak etenik ez: argindarra, gasa, udal zergak eta autobideak, garestiago

Hego Euskal Herrian, egun indarrean dagoen neurri mesedegarri batek soilik jarraituko du aplikatzen, gutxienez ekainera arte: oinarrizko elikagaiei BEZik ez ordaintzea.


Eguneraketa berriak daude