"Puta izatea niretzat askatasun sinonimoa da"

  • Politikara jauzia egin duen lehen sexu langilea da Paula Ezkerra (Buenos Aires, 1971). Feminismoaren eta okupa mugimenduaren indarrak ekarri zuen Kataluniara duela hamasei urte eta, orduz geroztik, prostituten estigmen aurkako borrokaren ikurra izan da, Prostitutas Indignadas (Sumindutako Prostitutak) elkartearen bitartez besteak beste.

“Zalantzarik gabe ezjakintasun handia dago prostituzioaren inguruan. Ni harro nago nire ogibideaz, eta emakume askok ezagutu ez duten askatasunaz egiten dut lan”. (Arg.: Jordi Borrás)
“Zalantzarik gabe ezjakintasun handia dago prostituzioaren inguruan. Ni harro nago nire ogibideaz, eta emakume askok ezagutu ez duten askatasunaz egiten dut lan”. (Arg.: Jordi Borrás)

Duela hamabost urte iritsi zinen Argentinatik Kataluniara. Zerk ekarri zintuen?

Mito guztiek diotenaren aurka, ni bikain bizi nintzen Buenos Airesen. 2000. urteko krisi ekonomikoaren aurretik etorri nintzen Bartzelonara, 1999an, eta beraz, ekonomikoki ere ez nuen arazorik han: gaztea nintzen eta diru asko irabazten nuen. Betidanik egon izan naiz mugimendu feministan murgilduta, eta Argentinan nuen lagun katalan baten eraginez, egarria nuen Bartzelonan indar berezia zuen mugimendu okupa ezagutzeko. Hark gomendatuta iritsi nintzen hona.

Garai hartan feminismoak indar nahikorik zuen Argentinan?

Tira, ez. Handituz zihoan orduan. Izan ere, han badira hainbat mobilizazio klase arazoei lotuta daudenak gehienbat, baina ez dago feminismoaren inguruko gogoeta sustatzen duen kontzientzia indartsurik.

Sexu langileen diskriminazioaren aurka borrokatzen duen mugimenduaren ikurra zara. “Puta” hitzak ez al du berezkoa gutxiespen zentzua?

Inolaz ere ez! Puta izatea niretzat askatasunaren sinonimoa da. Nik ere borrokatu nuen estigmen aurka hasieran. Alegia, errudun sentitzen nintzen prostituta izateagatik, aurreiritziek jaten ninduten. Kalean nenbilen eta iruditzen zitzaidan begirada guztiak nigana zetozela. Urte asko behar izan nituen nire ogibidea askatasunez bizitzeko.

Prostituzioak badu alde ilun bat: mafiak. Non dago muga?

Prostituten errealitatearen argazkia aztertzen badugu denetik dago eta, zalantzarik gabe, emakumeak sexu langilea izatea ez erabakitzea da muga. Esklabotza delitua da ogibide guztietan eta XXI. mendean oraindik egotea onartezina da. Hala ere, gizarteak uste badu esklabotza prostituzioan baizik ez dagoela, horrek esan nahi du emakumearen gorputza eta bagina santutzen duen morala nagusi dela gurean.

Feminismoaren adar abolizionistarentzat kontraesana da prostituta eta feminista izatea, “gizonezkoei zuen gorputza saltzeagatik”.

Errespetu osoz onartzen ditut baieztapen horiek. Are gehiago, nik ere izan nuen ikusmolde abolizionista. Argi nuen nire gorputzak ez zuela gizonezkoentzat izan behar, eta prozesu gogorra izan zen. Horregatik sentitzen nintzen errudun. Azken finean, emakumezkoak gutxiesten dituen gizartean bizi gara. Hala ere, urte askoren ondotik konturatu naiz ikusmolde horrek ere prostitutak zigortzen dituela. Ez da erraza izan, presioa iraunkorra baita; ikusmolde abolizionistak elikatzen du guk deuseztatu nahi dugun estigma.

Uste duzu ezjakintasun handiegia dagoela gai honen inguruan?

Zalantzarik gabe. Ni harro nago nire ogibideaz, eta emakume askok ezagutu ez duten askatasunaz egiten dut lan. Idatzi gabeko hitzarmen bat dut nire bezeroekin: ezagutzen ditut, nire arauak argitu eta ondoren dator gainontzeko guztia. Emakumeok ez dugu gure gorputza saltzen, beharra dutenak gizonezkoak dira eta botere osoa, beraz, guk dugu. Beti pentsatu izan dut munduak berdintasuna ezagutzen duen egunean desagertuko dela prostituzioaren inguruko eztabaida. Prozesu hori ulertzeak lagundu dit ikuspuntu abolizionistaz urruntzen. 

Inoiz izan duzu indarkeria arazorik?

Orokorrean gizonezkoekin ez dut arazorik izan. Baina bai, zoritxarrez izan dut. Eta harrituko zaitu baina poliziekin izan da! Herrialde askotan lan egin dut, Argentinan, Brasilen, Italian eta Alemanian, besteak beste, eta indarkeria egoeretan murgilduta egon naizen gutxietan poliziak izan dira tartean.

Bartzelonako Udalak martxan jarri ditu hainbat neurri, zuen aldarrikapenei erantzuteko. Adibidez, gutxieneko baldintzak dituzten espazioak dituzue eskura orain.

Guretzat aurrerapauso itzela da. Erakundeek oinarrizko eskubideak asetzeko aukera ematen digutenean urrutiago gelditzen dira isilpean jardun beharra eta mafiak. Horregatik aldarrikatzen dugu araudi, mafiek indarra hartzen dutelako erakundeek gure eskubideen alde borrokatzen ez dutenean.

Kaleko borrokaz gain, erakundeetan ere parte hartu duzu, CUPeko zinegotzia izan zaren heinean. Noiz erabaki zenuen politikan sartzea?

Betidanik sinetsi dut erakunde politikan, sistemaren barrutik gauzak aldatu daitezkeela uste dut eta. Argentinan, adibidez, gaztetxoa nintzela parte hartu nuen aktibista gisa bertako diktadura militarra salatzeko hainbat ekimenetan. CUPen proiektu politikoarekin bat egiten dudanez, onartu egin nuen. Emakumeon etorkizunaren alde asko dago egiteko eta etorkizunaren parte izan nahi dut.

Zinegotzi kargua utzi zenuen baina oraindik ere elkarlana duzu Bartzelonako Udalarekin. Zertan ari zara?

Putas y alianzas elkartean Bartzelonako Udaleko feminismo sailerako txosten bat prestatzen ari gara. Horretaz aparte CUPeko oraingo zinegotziarekin kontaktua dut, eta nire alorreko aholkulari lanetan ari naiz. Kontua da zinegotzi ardura niretzat gehiegizkoa zela, erosoago sentitzen naiz egitura honetan lan egiten. Hala ere, beti egongo naiz aukera berrietarako prest.

Estigmetatik at!

“Buenos Aires hiriko klase ertaineko familia batean hazi eta hezi nintzen, Belgrano auzoan. Feminista eta prostituta naiz eta sexu langileen bazterketaren kontrako borrokan murgilduta nago oroimena dudanetik. Txikitatik argi izan nuen ez nuela izan nahi nire ama bezalako emakume otzana: ez nuen nahi gizon batek ni mantentzea. Horregatik borrokatu nuen Argentinako Maiatza Plazako manifestazioetan, zoragarria izan zen. Anarkista samarra izan naiz. Tira, gaur egun ez hainbeste. Gaztetatik izan naiz puta, berezkoa dudalako sentsualitatea. Horrekin jokatzen dut eta nire lanak ere garatu nau zentzu horretan”.


ASTEKARIA
2016ko abenduaren 11
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prostituzioa
Carolina Clemente, sexu langilea
"Puta estigma emakume guztiok kontrolatzeko dispositibo bat da"

Ogibidea eta izatea bereizi ezin bizi da Carolina Clemente (Bartzelona, 1985). Sexu langilea da, eta duela hiru urte Donostiara etorri zen lanera eta bizitzera: «Euskaldunok duzuen indarra gustatzen zait, antolatzeko eta protestarako. Nire estigma borrokatzeko inspirazio... [+]


Bi pertsona atxilotu dituzte Gasteizen emakumeak prostituitzera behartzea leporatuta

Haien ia biktima guztiak egoera irregularrean dauden atzerritarrak dira, bizirauteko euren borondatearen kontra prostituitu behar izan direnak.


2023-09-07 | Irutxuloko Hitza
Venezuelako zazpi emakume Donostiako pisuetan prostituitzeaz akusatutako talde bat epaituko dute

Irailaren 14tik aurrera, bost gizon eta bi emakume epaituko dituzte, talde espainiar-venezuelar bateko ustezko kideak, ustez egunean 24 orduz, astean zazpi egunetan, Donostiako pisuetan “edozein motatako sexu zerbitzuak” ematera behartzen zituzten Venezuelako zazpi... [+]


Sexu langileen hitzak erdigunean

Puta zikinak liburua sexu langileen baldintza materialez, burutazioez, antolakuntzaz eta problemez mintzo da. Nerea Fillatek eta Hedoi Etxartek, Katakrak argitaletxeko editoreek, Iruñean aurkeztu dute liburua.


2023-03-14 | Euskal Irratiak
Sexu langileen lekukotasunak biltzen dituen liburu baten kontra oldartu da CAPP kolektibo feminista Baionan

Katakrak argitaletxearen Puta zikinak liburuaren kontra oldartu da CAPP Collectif Abolition Porno Prostitution kolektibo feminista Baionan, Elkar liburudendan. Juno Mac eta Molly Smith idatzi liburuaren azalak urratu eta "Prostituzioa: bezeroak, bortxatzaile... [+]


Eguneraketa berriak daude