Ez hain aspaldi Berria-n agertu da, argazki gaurkotu batekin, Jose Goitia herritarrak gidatu Joseba Sarrionandiaren elkarrizketa, zinez interesgarria, bereziki erakunde armatuak duela hogei urte bere ekina utzi beharko zuela eta denentzat hobe zatekeela zioen unea. Orduan ez zuen deus erran, alabaina, etsaien diskurtsoa errepikatu eta gaztigu bikoitza pairatu nahi ez zuelako. Ulertzekoa dena: heroismoak mugak baditu.
Mintzatu izan balitz, alta, ziur aski erraietan nabarituko zuen beldurraz harago, Frantzia eta Espainia baino, euskal herritar arruntak sosegatuko eta lagunduko zituen: berunezko garai haien minean euskaltasunaz dudatzeraino lerratu ziren euskaldun-ETAdun identifikazioa batzuetan zaila zelako garraiatzeko.
Guretzat, inperfektuok, lotsatiok, etsaiarekiko harreman intzestu-egilean higatuok, piztiaren ideologiarekiko zilborraren moztea esperientzia eraldatzailea suertatu zen eta mintzatu izan balitz, agian, bide horretan elkartuko ginen, idazteaz gain, Euskal Herri ez-endogamiko baten alde pataskatzen, mozkor zenbait hartzen eta Zea Mays entzunez arraiki dantzatzen.
Baina egia, damuek ez dute balio: ez zen ezer gertatu.