argia.eus
INPRIMATU
Marie Curieren lanbidearen ajeak
  • Paris, 1898. Uztailean, Marie eta Pierre Curie senar-emazteek artikulu bat argitaratu zuten ordura arte ezezaguna zen elementu baten berri emanez. Polonio izena jarri zioten, Marieren jaioterria gogoan. Urtea amaitu baino lehen, bikoteak beste elementu kimiko berri bat aurkeztu zuen: radioa.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2016ko abenduaren 05
Marie Curie 1925ean,  Parisko Unibertsitateko laborategian lanean, errezeta ez jangarriak prestatzen.
Marie Curie 1925ean, Parisko Unibertsitateko laborategian lanean, errezeta ez jangarriak prestatzen.

Mariek prozesuaren fase bakoitzaren emaitzak jasotzen zituen zehatz-mehatz  laborategiko koadernoetan. Etxean ere bazituen koadernoak bertako gorabeherak zehaztasun zientifikoz, modu obsesiboan, biltzeko. Esaterako, Pierren alkandora egiteko erabilitako oihalaren prezioa dakigu koadernoei esker. Irène alaba zen Marieren etxeko aztergai kuttunetakoa. Alabaren buruko diametroa aldiro neurtzen zuen kurrikak erabiliz, eta emaitza txukun idatzi. Polonioa aurkeztu zuten hilabete hartan bertan, Irènek “gogli gogli go” esan zuen eta 1899ko urtarrilean hamabost hortz-hagin zituen.

Sukaldea ere laborategia zen Nobel saridun bikoitzarentzat. 1898an bertan, andere-mahatsen jelea prestatu ondoren, errezeta/esperimentu hau idatzi zuen: “Lau kilo fruta hartu nituen, eta beste lau kilo azukre kristaldu. Dena hamar minutuz irakin ondoren, nahastea galbahe fin batetik pasatu nuen. Kalitate handiko hamalau flasko jele lortu nituen, ez zen gardena geratu eta primeran mamitu zen”.

Marie Curiere ez zitzaion bururatu bere aurkikuntzekin errezetak egitea, baina beste batzuei bai. Urtetan, osagai erradioaktiboak erabili zituzten hortzetako pasta edota laxanteak ekoizteko.  Hil aurreko urteetan Marie Curiek haserrea adierazi zuen produktu horiek behar adinako arretaz erabiltzen ez zirelako. Harentzat berandu zen arretaz jokatzen hasteko. Marie Curieren dokumentu gehienak, errezetak barne, oso erradiaktiboak dira oraindik eta berunez forratutako kaxetan daude gordeta.