"Ez ditut errespetatzen gezurretan aritzen diren hedabideak"

  • Ignacio Escolar (Burgos, Espainia, 1975) oso gazte hasi zen kazetaritzan, hainbat hedabide handitan kolaboratuz. Público egunkariaren sortzaileetakoa izan zen, baita lehenbiziko zuzendaria ere, 2007tik 2009ra. Público-rekin harremana eten eta gero, eldiario.es egunkari digitala sortu zuen 2012an, eta hura zuzentzen du harrezkeroztik. Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean elkartu gara harekin, jendetza baten aurrean kazetaritzaren argi eta ilunez eskainitako hitzaldiaren ostean.

“Ez dut sinesten kausa baten alde ari den kazetari miltantean. Kazetari baten konpromiso nagusia ez da kausa batekin izan behar, egiarekin baizik”. (Arg.: Dani Blanco)
“Ez dut sinesten kausa baten alde ari den kazetari miltantean. Kazetari baten konpromiso nagusia ez da kausa batekin izan behar, egiarekin baizik”. (Arg.: Dani Blanco)

“Kazetaritza konprometitua krisi garaietan” izeneko hitzaldia eman berri duzu. Konpromisoa definitu dezagun, lehenik.

Kazetaritza konprometitua esamoldea neurri batean erredundantea dela uste dut, kazetaritzak berez behar duelako konprometitua. Beraz, definitu dezadan kazetaritza: horretarako, bat egingo dut Marty Baron, Washington Post-eko zuzendariarekin. Hark esaten du kazetaritza botereari kontuak eskatzea dela, eta nik ere hala pentsatzen dut. Kontra-boterea izatea da kazetaritzaren zeregina, boteredunak kontrolatzea gizartearen zerbitzurako, abusurik egin ez dadin lagunduz. Ez dut sinesten kazetari militantean, kausa baten alde ari den kazetarian, kazetari baten konpromiso nagusia ez delako kausa batekin, egiarekin baizik.  

Zure erantzunak beste definizio batzuk eskatzera narama. Lehenbizikoa: boterea.

Botereak bi aurpegi ditu batez ere: politikoa eta ekonomikoa. Erraz aurkitzen da, argi dago non dagoen. Boteredunak dira legeak aldatzeko gaitasuna dutenak, Justizian eragin dezaketenak, epaileak eurak…

Hitzaldian esan duzu hedabideak ere boterea direla, eta horregatik eldiario.es-ek beste medioez informatzen duela.

Jakina. Gure irizpideetako bat da ez dugula betetzen lanbide honen arau zahar bat: “txakurrak ez txakurrik jaten”. Kazetaritzaz eta hedabideez informatzen dugu boterea direlako. Eta batez ere, gertatzen diren gauzetako asko ezin direlako ulertu hedabideek nola funtzionatzen duten ulertu gabe. PSOEn oraindik orain izandako krisia ez dago guztiz ulertzerik Rubalcaba El País-eko eta Felipe González Prisa taldeko kontseilariak direla jakin ezean.

Egia bilatzea aipatu duzu. Horra hirugarren definizioa, eta zailena: egia. Kazetaritzari eta objektibotasunari buruzko eztabaida zaharra dago muinean.

Arazoa da objektibotasunaren aitzakiarekin abusu handiak ezkutatzen direla. Beti erabiltzen dudan adibidea hau da: manifestazio batera bazoaz eta esaten baduzu “antolatzaileen esanetan 50.000 lagun bildu badira eta poliziaren esanetan 3.000” objektibotasunaren ohiko irizpideen arabera jokatzen ari zara: ez duzu bakar baten alde egin, iturri guztien bertsioa eman duzu, e.a. Baina badituzu bi begi eta metro-soka bat. Neurketa egin dezakezu, eta metro koadro batean zenbat jende sar daitekeen jakiteko ez da ingeniaria izan behar. Hori zintzo jokatzea da. Objektibotasuna ez da bi aldeen bertsioa ematea, egia esatea baizik; batzuetan egia hori ezagutzea ez dago gure esku, baina beste batzuetan bai, beste batzuetan egiaztatu egin daiteke, metodo zientifiko bat erabiliz: kazetaritza. Badago teknika bat horretarako.

“Espainiako prentsan negozio eredua amildu egin da, eta berarekin eraman du independentzia”

Haatik, hedabideetan esaten diren gauza asko ez dira teknikoki egiaztagarriak, eta bai, ordea, aurretiazko posizio baten ondoriozkoak.

Hala da iritziaren kasuan, eta nik gainera uste dut iritzia datuetan oinarritu behar dela. Edozein kasutan, informazioaren kasuan ezin da hala jokatu. Informazioari dagokionez, gakoa ez da objektibotasuna, fokua baizik. Horretarako ez dago irizpide teknikorik: zer den garrantzitsua eta zer ez den erabakitzea da kontua. Hori da ildo editoriala: lupa zeri begira jarriko duzun erabakitzea. Gero, gerta daiteke begiratzen ari zaren hori desitxuratu eta zuzenean gezurra esatea. Nik defendatu egiten ditut etxegabetuez baino burtsaz hitz egitea garrantzitsuagoa dela zintzoki erabaki duten hedabideak; irizpide editorial bat da, argia, gardena… Baina ez ditut errespetatzen gezurretan aritzen diren hedabideak, eta batzuek egin egiten dute. Ez beti, ez albiste guztietan, baina bai maiz.

Panorama hori ikusita eldiario.es sortzea ezinbestekoa izan zela esango didazu orain.

Eldiario.es sortu genuen uste genuelako gure lana erabateko independentzia bermearekin egiteko modu bakarra izango zela. Konturatu nintzenean egunkari batean agintzen duena ez dela zuzendaria, ugazaba baizik, eldiario.es sortu behar zela erabaki nuen. Eta erabaki nuen egunkari berri horren jabeak kazetariak izango ginela. Azken urteetan lortutakoak (irabaziak ditugu, hamabi pertsonako erredakziotik 72kora igaro gara…) frogatzen du asmatu egin genuela.

Hedabide independentea zaretela aldarrikatu duzu. Nola neurtzen da independentzia?

Lau irizpideren arabera: hedabideak dirua irabazten duen ala ez, zorrak dituen ala ez, jabea nor den, eta soldatak ordaintzeko dirua nondik ateratzen duen. Lau parametro horiek aztertuta ohartzen zara Espainian prentsak dituen arazoez. Jabetzari dagokionez, ia hedabide guztiak banketxeen esku daude oraintxe. Zorpetuta daude, eta iragarle handiekiko eta alderdi politikoek kontrolatzen dituzten erakunde publikoekiko menpekotasun handia dute. Azkenik, ez dute errentagarritasunik, galerak dituzte. Eta egunkari batek galerak baditu, nork ordaintzen du? Irakurleek? Edo irakurleak beste bide batzuetatik gastuak berdintzeko tresna bihurtzen dira? Gu independenteak gara erredakzioaren jabeak garelako, dirua irabazten dugulako, batez ere irakurleez bizi garelako eta ez dugulako zorrik. Tira, horrek ez digu ziurtatzen independente izatea, hori guztia edukita ere aurreiritzien arabera jokatu eta hanka sar daiteke-eta, baina behintzat erratzeko tartetxo bat badugu.

“Libre izateko gutxieneko baldintza batzuk bete behar dira, eta hori, lanbide honetan, kazetarien soldatak ordaindu ahal izatea da”

Aldiro zuen diru-kontuen eta barne-prozesuen, kontratazioen... berri ematea erabaki duzue, neurri batean behintzat. Behin ondo azalduta oso naturala da. “Nolatan ez dute denek egiten?” galdera sortzen da berehala.

Uste dut hedabide askok ez dutela egiten euren kontuak ez direlako erakusteko modukoak. Guk esan dezakegu erredakzioko soldaten erlazioa 1-3koa dela, bekadunei ordaindu egiten diegula eta egun erdiz dihardutela tutore batekin… Irudikatu hori erredakzio askotan; soldata handienaren eta txikienaren arteko erlazioa 1-100ekoa da, jabea ez dakit zein banku da, bekadunen lan baldintzak direnak dira… Hala dabiltza Espainiako erredakzio askotan, nola izango dira gardenak? Guk erabaki dugu irakurleek gugan konfiantza izateko modu bakarra nolakoak garen azaltzea dela. Eta hori oso garrantzitsua da. Konfiantzarik ez badute, ezin diezu eskatu berez doakoa den hedabide baten truke ordaintzea, eta horixe da gure kasua. 

Etorkizunean paperezko prentsak gaur binilozko diskoek dutenaren antzeko rola jokatuko duela esan duzu.

Epe luzean bai. Izan ere, hedabide digital batek papereko egunkari batek egiten duen gauza bera egin dezake, baina hobeto eta merkeago. Gastuak askoz txikiagoak dira, eta informazioa uneoro eguneratu dezakezu, ez egunean behin bakarrik. Telebistak azkenean ez zuen hil irratiko izarra, telebista eta irratia osagarriak baitira, ez bata bestearen ordezkatzaile. Ezin da telebista ikusi autoa gidatzen den bitartean, edo dutxan. Eta irratian eta telebistan ezin duzu atzera jo albiste jakin bat bilatzeko, egunkarietan bezala. Aldiz, papereko egunkari batekin egin daitekeen guztia digital batekin ere egin daiteke. Paperari geratzen zaion atributu bereizgarri bakarra sentimentala da: papera ukitzea eta tabernan garagardo batekin batera irakurtzea gustuko dugu. Baina ez du ezer berezirik funtzionalitateari dagokionez, horregatik izango da ordezkatua.

“Konturatu nintzenean egunkari batean ez duela zuzendariak agintzen, jabeak baizik, eldiario.es sortzea erabaki nuen”

Informazioa etengabe eta uneoro berritzen den honetan, azkartasuna lehen baino are garrantzitsuago bihurtu da. Zehaztasunaren kalterako? Eta bestalde, sakontasuna ere eskatzen zaie hedabideei. Hor izango du azken gotorlekua paperak?

Bai, batzuetan arazo bihurtzen da azkartasuna, baina oro har abantaila dela uste dut. Sakontasunari dagokionez, uste dut azkenean paperezko egunkari asko astekari bihurtuko direla, horrek emango baitu sakontzeko aukera. Izan ere, asteburuetan saltzen da paperezko medio gehien, eta logikoa da. Aste barruan ordaindu ezin daitekeen bizio garestia da papera. Garestia denboraren ikuspegitik.

Zuek zentro-ezkerrean kokatzen duzue zuen burua. Kazetaritza, lehen definitu duzun bezala, kontra-boterea izan behar bada, posible da eskuineko kazetaritza?

Noski. El Confidencial, adibidez, egunkari kontserbadorea da, kazetarien jabetzapekoa, enpresa handiei zartakoak emateko gai dena eta sarri hala egiten duena gainera. Zintzotasunez egiten dute lan, ez dut uste kazetaritza txarra egiten dutenik. Gakoa independentzia ekonomikoa da. Arazoa da nola izan daitekeen independentea dirua galtzen duen egunkari bat. Norbaitek ordaindu beharko du, ezta? Hori da gaur egungo espainiar prentsaren bekatua: negozio eredua amildu egin da, eta berarekin eraman du independentzia. Libre izateko gutxieneko baldintza batzuk bete behar dituzu, eta hori, lanbide honetan, kazetarien soldatak ordaindu ahal izatea da. Kazetaritzaren bidez ezin badituzu ordaindu, propagandaren bidez egin beharko duzu.

Orain dela hilabete batzuk “Castellanako paperak” argitaratu zenituzten beste hedabide batzuekin batera. Espainiako Estatuko zenbait pertsona aberats eta enpresaren irregulartasun fiskalak agerian geratzen ziren dokumentu horietan. Hitzaldian esan berri duzunez, halako informazioek ez dute izaten Messiren adierazpen batek adinako sona. Atsekabea sortzen dizu horrek?

Pertsonalki bai. Eta atsekabea sortzen du beste medio batzuek informazio hori ez zabaltzeak ere. Baina irakurleek asko eskertzen dute. Hori neurtzeko oso modu erraza daukagu: aurreko egunean zenbat bazkide lortu dugun begiratzea. Eta halako informazio garrantzitsuak argitaratzen ditugun egunetan bazkide asko lortzen dira, jendeak ondo baloratzen du botere handia duen norbaiti buruz era horretako informazioa argitaratzea. 

Kazetariok gizartea hobetzeko gaitasuna dugu, horrelako informazioen bidez?

Uste dut baietz. Gu harro egon gaitezke gauza batzuez. Zer eragin izan du Espainian black txartelen aferak, esaterako? Bada, guk egin genuen hori. Hainbat iturritatik entzuten ari gara ustelkeria apaldu egin dela salaketari beldur handiagoa dagoelako. Hedabideok eragina dugu, noski. Horretarako gaude.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


2024-02-28 | ARGIA
Hedabideetako langileek elkarretaratzeak egin dituzte, Gonzalezen askatasuna eskatzeko

Euskal Herriko komunikabide eta kazetari ugarik, tartean ARGIAk, Pablo Gonzalezen egoera salatu eta haren askatasuna eskatu dute.


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


Eguneraketa berriak daude