argia.eus
INPRIMATU
Elena Aitzkoa
Xabier Gantzarain @gantzarain 2016ko abenduaren 07a
Uso puztua. 2015. Teknika mistoa. 10x18x13cm

Gaztea izanagatik jada Gure Artea saria jaso duten artistetarik da Elena Aitzkoa Reinoso (Apodaka, 1984ko urtarrilaren 17a). Sariak gehiago ere baditu, baina merezi du akaso hau azpimarratzea. Epaimahaiak saritzeko modukoa ikusi zuen “artearen gainean duen ikuskera bitalista, bulkada poetiko erradikala eta koherentea, zeinaren bidez bere unibertso propioa sortzen baitu, egunerokoa aparteko bihurtuz”. Jolaserako joera du izenburuetan ere. Ez alferrik, idatzi egiten du, argitaratua du poema libururik, bloga du. Idazketa, performancea, marrazkia, pintura, unean-uneko beharraren arabera hautatzen du adieraz moldea, nahiz eta eskultura izan gehiena landu duena orain arte.

Gauza arruntekin eraiki ohi ditu bere eskulturak, eta lanaren egitura erakustea lortzen du, bai eta materialen izaera bera indartzea ere. Bere definizioa hobea da, hala ere: “Oihalekin lan egiten dut, aiztoa eskuan eta bertso bat ahoan. Inguruko objektuak jausi egiten dira. Eskulturak lurretik jaiotzen dira, eta denetarik dute. Puskak dira, opariak, zuloak, gordelekuak, kaikuak, lorategia eta paisaia”. Ez du ordea oihalekin bakarrik lan egiten, bidean aurkitzen duen oro balia dezake lanerako: harriak, hariak, adarrak, paper zatiak, liburuak, matxardak, gomak, zernahi, eta bere eskulturetan txeratzen ditu, igeltsutan ezkutatu, buztinetan sartu, oihaletan bildu. Anabasa dentsoak dira lan batzuk, beste batzuk, argazkiko hau kasu, soilak, sotilak eta dotoreak. Lurretik jaiotzen dira, eta lurrean erakusten ditu normalean.

Ez da geldik egotekoa. 2007an,  Miguel A. Garciarekin batera, Le Larraskito kluba sortu zuen, soinu-esperimentazioan eta ohiz kanpoko musiketan interesatua, eta Zarata Fest antolatzen ere ibili da ordudanik. Urte berean egin zuen bere lehen erakusketa, egin ditu batzuk harrezkero. Carreras Mugica galerian erakutsi du aurten bertan.