EHU

Nekane Balluerka EHUko errektore hautatu dute %12ko parte-hartzearekin

  • Nekane Balluerka EHUn errektore kargua hartuko duen lehen emakumea izango da, azaroaren 24an hauteskundeak irabazi ondoren. Parte-hartze baxua (%12) eta ikasle protestak izan dira protagonista bozketa egunean.


2016ko azaroaren 25an - 10:20

Hautagai bakarra izanik botoen heren bat behar zuen garaile ateratzeko eta boto haztatuaren %66,3 lortu du, duela lau urte Iñaki Goirizelaiaren hautagaitzak baino hamar puntu gehiago. Ikasleen artean, ordea, boto zurien igoerarekin, Goirizelaiak baino lau puntu gutxiago lortu ditu egun Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen errektoreorde denak.

Bozkatzera deituak zeuden ia 48.000 lagunetik 6.000 baino gutxiagok eman dute botoa, hau da, %12,3ak. Halere, duela lau urtekoarekin alderatuz parte-hartzeak gora egin du –bi puntu–, hamaika puntu jaitsi den administrazio eta zerbitzuetako langileen artean izan ezik.

EHUren Leioako campusean ikasle protestak egon ziren eta Ertzaintzak gazteen aurka kargatu zuen. Aurretik Guardia Zibilak Gasteiztik Leioara bidean zihoazen lau autobus gelditu zituen gazteak identifikatzeko.

Emaitzak jakin ondorengo hitzaldian Balluerkak unibertsitate publikoan “konfiantza” izateko eskatu zien ikasle, irakasle eta langileei, gizarteak aurrera egiteko ezinbestekoa delako.

Errektoretza hauteskundeen funtzionamendua

Bozkatzera deiturik zeuden lagun guztien botoak ez du berdin balio, EHUk haztatze sistema baten bidez funtzionatzen baitu.

Ikasleek hautesle erroldaren %84,6 osatzen duten arren, euren esku botoen %22,08 dago. Beste muturrean lotura iraunkorra duten irakasle eta ikertzaile doktoreak daude, erroldaren %4,6 dira, baina botoen %56,25 dago hauen eskuetan. Lotura iraunkorra duten irakasle eta ikertzaile ez doktoreak %0,7 dira eta botoen %7,5 dute. Gainerako irakasle eta ikertzaileak %6,2 direnean botoen %2,09 dute eta administrazio eta zerbitzuetako langileak erroldaren %3,9 direnean botoen %12,08 dute. Ikasle kontseiluak desoreka hau salatu zuen bozketen aurretik.

Parte hartzea                                          

- 40.352 ikasletik 2.032k eman dute botoa (1.074k Balluerkaren alde eta 873k zuri)

- Lotura iraunkorra duten 2.198 irakasle eta ikertzaile doktoreetatik 1.643k eman dute botoa (1150 alde eta 471 zuri)

- Lotura iraunkorra duten 311 irakasle eta ikertzaile ez doktoreetatik 205ek eman dute botoa (138 alde eta 67 zuri)

- Gainerako irakasle eta ikertzaileak 2.965 dira eta 852k eman dute botoa (602 alde eta 230 zuri)

- Administrazio eta zerbitzuetako 1.879 langileetatik 1.134k eman dute botoa (714 alde eta 411 zuri)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHU
Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


EHUk Zibersegurtasun Katedra sortu du Israelgo unibertsitate bat erreferentzia hartuta

Proiektuaren memorian, nazioarteko erakunde laguntzaileak daude, eta horien artean Tel Aviveko unibertsitatea nabarmentzen da "erreferentzia" gisa. El Saltok lortu duen dokumentazioaren arabera, gobernu sionistak Gazan genozidioa hasi eta egun gutxira onartu zen... [+]


Kazetaritza Matxistaren Behatokia sortu dute, hedabideen eduki matxistak aztertzeko

Euskal Herriko Unibertsitateko Bitartez ikerketa taldeak eta Pikara Magazine agerkariko kideek sortu dute.


Eguneraketa berriak daude