Xilabako finalaren goiza zen, euritsua baina bihotza zohardi, bagenekielako arratsaldeak lau oren zoragarri iragateko aitzakia eskainiko zigula, ez baita maiz gertatzen euskaltzaleen komunio zenbait gertatzea. Euskaldunentzat esklusiboki antolatu ekitaldiaren parada zen, behingoz.
Gaurko egunean dena behar delako elebidun. Bi hizkuntzatan. Batean erran oro, metodikoki, itzuliz. Bai herri mugimenduetan euskararako pausua ematen denean, bai egitura publikoetan hizkuntz politika minimoa eramaten denean eta zerbait euskaraz sortzen. Patologikoa dirudi, patetikoa da. Komunzki araua da afixak, programak, berripaperak, hitzartze publikoak, oro elebitasun orekatuan garatzea eta metodikoki itzultzea integralki. Aldika euskara txarrean berdin, gutxi inporta baitu, euskaraz irakurtzea militantzia hutsa baita. Hitz bakoitzari ematen zaio ekibalentea. Horrela erdaldunak ez du deus huts eginen. Hau da, edozein ekitaldi edo ekimeni buruzko informazioa, nahiz azken hau zuzendua izan euskaldunei bereziki, helduko zaio berari ere. Ez dut uste informazio doblez blai egotea gustuko zaionik nehori, baina gustagarria da euskaldunei erraten zaiena jakitea. Aldiz, segur da ez zaiola erdaldunari neholako frustraziorik sortuko. Ez arrazoi, ez interesik piztuko euskalduntzeko. Gainera euskaldunak, alfertua balitz, jo lezake frantsesera. Eta zoritxarrez hala da. Elkarbizitza ez baita ardura pazifiko eta berdintasunean garatua.
Guk (euskalgintzak) ere elebitasuna defenditzen dugu, aldarrikatzen, pausuka, poliki, existitzeko aukera ematen digulako eta hortik gara gintezkeela sinesten baitugu, gardentasunaren izenean, errazago onartuak izateko, erabileran zerbait aitzinatzeko. Urraska goazkeela, sekulan bizi al gara? Hatsa hartzen? Ala hatsantzen?
Ondorioa da metodikoki bi hizkuntzatan jarri afixa, berripaper eta diskurtsoak ikusteak ez diola erdaldunari neholako frustraziorik eragiten euskara ez jakiteaz; ez du deus, ia, galtzen eta jarrai dezake trankilki betiko diskurtso traumatikoarekin “amatxi le parlait” AEK-ko bidea sekulan hartu gabe. Harago, aberrazioak ere gerta daitezke: bertsoen itzultzea, dena azpi titulatzea. Niregatik hor da koska, gutxitan da zerbait bonusa hiztunontzat eta galera ez dakienarentzat horrela denean; hau da jokamolde eta politika bat, guregana gutxi hurbilarazten duena, frantsesari kalterik egin gabe euskara defendatu nahi duena, euskara zinez baloratu gabe, frantsesaren alde egiten duena.
Aldi oro, sumintzen gara honaino, Hegoaldeko inor menturatzen denean hizkuntzarena auzitan ezartzera. Larunbat goiz hartan guhaurrena zain genuen: Sud Ouest egunkarian egunero idazten du Le piéton famatuak. Nork xuxen? Ez dakigu. Anonimoa da eta ausardia handirako zirrikitua. Xilabaren goizean, pietuna penaturik zen justuki finalerako afixa euskara hutsean izateaz eta hortik erdaldunak ez gonbidatuak ospakizunera, trinko baina tinko, sektarismoa leporatuz. Bat-batean frustraturik beraz eta ondorioz dena pozoi.
Txikikeriak gehiago salatzen du. Ez baita sorpresa, iragar zitekeen. 2011 inkesta soziolinguistikoak agerian utzi zuen euskararen kontrako iritzien emendatzea: deskonplexatzea faltako zitzaien. Auskalo nolakoak jakingabe garen. Dena da bilakaera berean: tarteka nago aitzinatzen garela, gibelka. Pietuna, gaizo puskila, ausartu zen baztertuari baztertzaile deitzera, ozenki; etorriko dira gehiago, ardi larrua erantzirik. Asteburuko pozaz gain, errabia ernatuz.