GHK

Erraustegia egin nahi duen GHK SAU-k kiebra egin du

  • Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) partzuergoko batzarkideak diren Tolosaldeako eta Urola Erdiko Mankomunitateetako ordezkariek (EH Bildu koaliziokoak) txosten tekniko eta finantziero bat zabaldu dute erraustegi proiektua finantzatzeko asmoa izan dezaketen banketxeen artean. GHK SAU-ren egoera ekonomikoa azaltzen da bertan. GHK SAU da GHK partzuergoak 2008an sortu zuen enpresa, eta berak du erraustegia egiteko eskubidea. Txostenaren arabera, GHK SAU-k kiebra jo du eta ARGIAk hitz egin du txostenaren egilearekin.

Eta gertatzen bada GHK SAU-k ezin duela erraustegia egin, kiebra jota dagoelako? Erraustegi lanen lizitazioa egin gabe dagoen honetan, oraindik kontratua sinatu ez duten enpresei finantzazioa eman behar dieten bankuek galdera hori izan dezakete buruan. Izan ere, Tolosaldeako eta Urola Erdiko Mankomunitateek bankuetara bidali duten txosten finantzariak azaltzen du, erraustegia egiteko ardura duen GHK SAU kiebra egoeran egon daitekeela. Laburrean esanda, GHK SAU-k dituen ondasunak eta eskubideak gutxiago direla bere kontabilitatean adierazten dituenak baino, eta aldiz, dituen zorrak eta betebeharrak handiagoak direla kontabilitatean islatzen dituenak baino.

GHK SAU porrot ekonomikoaren ondorioz disolbatuko balitz, horrek ekarriko luke zorraren eztabaida lehertzea: GHK SAU enpresak bankuei zor dizkien swapen kargu nor egingo litzateke, GHK partzuergoa? Horrela izan dadin lotu zituzten gauzak bai bankuek eta baita GHK-k ere, konpromiso kontratuen bidez. Baina ez dago garbi konpromiso kontratu hauen baliagarritasuna, eta ezta ere ea swapak ordaintzen jarraitu beharko litzatekeen, nork ordaindu beharko lituzkeen eta zein kopurutan. Galdera horiek denak epaitegitan argituko lirateke.

Bestalde, GHK SAU porrot ekonomikoaren ondorioz disolbatuko balitz, erraustegia egiteko lizitazioaren pleguak berriz atera beharko lirateke, oraingo pleguetan GHK SAU agertzen baita kudeatzaile. Pleguak berriz atera behar izateak esan nahi du eraikuntza lanak hilabeteetan atzeratzea.

Jarraian dituzu zehatz GHK SAU-ren gorabehera ekonomikoak eta artikuluaren amaieran GHK SAU ixteko aukerak eta ekarriko lituzkeen ondorioak.


GHK SAU-ren Ondare Garbia eta Kapitala

Elkarte Anonimoen Espainiako Legeak agintzen du Ondare Garbi positiboa behar duela sozietate batek; Ondare Garbi negatiboa duen sozietatea disoluzio egoeran jarriko litzatekeela. Eta Ondare Garbia zer da?

Ondare Garbia = Aktiboa minus Pasiboa da. Aktiboa dira ondasunak eta eskubideak. Pasiboa dira hirugarrenekiko zorrak eta betebeharrak.

GHK SAUko administrazio kontseiluak martxoaren 30eko batzarrean onartu zuen Ondare Garbiko Egoera Aldaketa dokumentuan (ikus goiko irudia) bere Ondare Garbia kalkulatzen du 678.026 eurotan. Hori da duen marjina, disoluzio egoerara ez joateko. Eta bere kapitala –bere jabeak, alegia, GHK kontsortzioak, jarritako dirua, GHK SAU martxan jartzerako– milioi bat eurokoa da. Bankuetara zabaldu den txostenaren arabera, hau berez, jada, egoera arriskutsu bat da. Sozietateen Legeak esaten baitu kapitalaren erdia baino gutxiago denean Ondare Garbia, jada arazotan zaudela (kapitala murriztu beharrean). Izan ere, kapitala da hartzekodunek daukaten bermea: Kiebra joz gero, “ardura mugatua” dute enpresek, eta muga kapitala da.

Tolosaldeako eta Urola Erdiko Mankomunitateek bankuetara zabaldu duten txostenak dio, ordea, pasiboa dena baino txikiago eta aktiboa gainbaloratuta daudela GHK SAU-k batzarrean onartutako dokumentu horretan. Eta beraz, egoera errealean Ondare Garbi negatiboa duela. Ikus ditzagun, banaka, puztutako eta txikitutako kontzeptuak.


Bankuek eskatzen diotena baino 32,3 milioi euro gutxiago kontatzen du GHK SAU-k bere zorra

Gogoratzen 2011n GHKren lehendakari Carlos Ormazabalek La Caixa eta Banestorekin erraustegiaren lehen finantziaziorako sinatutako swapa? La Caixak sinatu aurretik egin zion testak ondorioztatu zuen “ez zuela ezagutzarik ez esperientziarik, produktu finantziero honek ekarriko zituen arriskuak ebaluatzeko”. Astebetera errepikatu zioten testerako bai, beharrezko ezagutza eta esperientzia pilatuak zituen, nonbait, eta berak sinatu zituen swap kontratuak.

Swapa kontabilitatean pasiboa da, elkartearen betekizuna da. Bankuek swap horrengatik eskatzen duten diru kopuruan (67,8 milioi euro) kontabilizatuz gero zorra, GHK SAU-k jada Ondare Garbi negatiboa izango zuen. Zer egin zuen 2014an, EH Bilduren esku zegoen GHK SAUk? Deribatu finantzieroetan Espainiako aditu nagusietako bat den Prosper Lamothe (Ekonomia Finantzieroan katedraduna) kontratatu zuen. Lamothek, 2011ko kontabilitate arau berrituak aplikatuz, swapen pasiboa balio errealetan estimatu zuen. Horrek jada eragin zien auditoreei marka bat jartzea: “Kontuz, zu ari zara esaten zure pasiboa dela 15 milioi euro gutxiago bankuek eskatzen dutena baino”.

2015ean ez dute Lamothe adituaren laguntzarik izan. Oraingoan GHK SAU-k berak egin du kalkulua eta bankuek eskatzen dietena baino 32,3 milioi euro gutxiagoan kalkulatu du zorra, auditoreek egindako txostenean ikus daitekeenez. Auditoreek “salbuespenekin” onartu dute pasiboa era horretan murriztu izana –salbuespenak esan nahi du auditoria ez dela bustitzen balorazio horretan baina jakinaren gainean jartzen duela elementu hori hor dagoela–.

Baina eman dezagun baietz, GHK-ko administratzaileek arrazoi dutela, eta pasiboaz eurek egiten duten balorazioa zuzena dela. Azter dezagun aktiboa: ongi kalkulatuta dago?

Aktiboan, aldiz, aurreikusi gabeko TMB proiektua ere kontatuta dago

Urteko diru kontuetan dago aktiboaren informazioa (ikus beheko argazkia). 2014an eta 2015ean kontabilizatu dituzte aktibo gisa Tratamendu Mekaniko Biologikorako (TMB) plantaren ikerketa eta ingeniaritza lanak, 1,8 milioi euroan. Kontabilitateak dio aktiboan sar daitezkeela, etorkizunean sarrerak sortuko dituen eskubide eta ondasunak. Baina eskubide edo ondasun horrek ez badu etorkizunean sarrerarik ekarriko, hori aktibotik kendu eta galeretara eraman behar da. TMBa aktiboan sartu dute, eta ez dute egitea aurreikusia, oraingoz. Ondare Garbiaren 678.026 eurori 1,8 milioi euro kenduta, -1.121.974 euroko Ondare Garbi negatiboa luke GHK SAUk. Eta kapital soziala milioi bat eurokoa denez, kiebra egoeran legoke.

Baina bankuetara bidalitako txostenak, aktibo bihurtutako beste 8,3 milioi euro ere zalantzan jartzen ditu. Aurreko legealdian, EH Bilduk erraustegia ez egitea erabaki zuenean, GHK-ren urteko kontuetan aktiboan zeuden erraustegiaren ingeniaritza lan guztiak, 8,3 milioi euro, galeretara joan ziren. Orain GHK SAU-k, galeretara eraman zen ingeniaritza lan hori guztia berriro aktibora pasa du, erraustegi proiektua berriz martxan dagoenez. Horraino logikoa da dena. Baina bankuetara bidalitako txostenak zalantzan jartzen du aurreko erraustegi proiekturako egin ziren lan guztiak %100ean baliagarriak izango direnik oraingo erraustegi proiektua egiteko; jakina baita proiektua aldatu egin dela, dimentsio txikiagoak izango dituela...

Egiteko asmorik ez dagoen TMBaren ingenieritza lanak (1,8 milioi euro) eta erraustegi proiektu zaharrarenak (8,3 milioi euro) batuta, 10 milioi euro aktibo bihurtu dituzte GHK-ko bazkideek, jakinik ez direla errealak.

2016an zor handiagoa

Orain arte azaldutakoarekin, aktiboan kontabilizatutako 10 milioi euro zalantzazkoak dira eta pasiboan kontabilizatutako beste 32,3 milioi euro zalantzan jarri dituzte baita auditoreek ere. 42 milioi euroko zorra izateko arriskua du GHK SAU-k, beraz, 2015ean.

Zulo horri gehitu behar zaio 2016an GHK SAU-ren aktiboa 46 milioitan murriztu egingo dela. Zergatik? GHK SAU-k erraustegia egiteko duen eskubidea (aktibo ukiezina), obra lizitatutakoan kontratatutako enpresena izatera pasako delako. Obra lizitatzeko pleguetan aktibo hau 46.465.730 milioitan baloratzen da. Beraz, 2016an GHK SAU-ri bere Ondare Garbia 46 milioitan murriztuko zaio.

Txosten finantziero honen eragina erraustegiaren obren lizitazioan

Urola Erdiko Mankomunitateak eta Tolosaldekoak txosten honen bidez jakinaren gainean jarri ditu bankuak. Beraiek direlako hartzekodunak eta beraiek izan daitezkeelako hurrengo proiektuetako finantziazio iturriak. Lizitazioko pleguetan iragartzen da lehiaketa irabazten duen enpresak bankuekin beste swap bat sinatuko duela. Pleguen arabera, 240 milioi euroko beste mailegu bat finantzatu beharko dute bankuek. Oraindik ez da erraustegia egiteko kontraturik sinatu eta beraz, bankuei helarazitako informazio honek izan dezake eragina obren lizitazioan.

Txostena bankuetan mugitzen aritu den taldeak jakin duenez, bankuak finantzaketa osoaren abala ari zaizkie eskatzen erraustegia egin nahi duten enpresei. Alegia, edozein gauza gertatzen dela ere diru hori %100ean itzuliko diola eraikuntza enpresak. Hori finantzaketan aurrez ikusi gabea da.

GHK SAU desegiteko beste motibo bat: Arrazionalizazio Legea

2013an Espainian Montoro ministroak ateratako Arrazionalizazio Legea aplikatuz gero, azken hiru urtetako emaitzak negatibo izatea ere itxiera arrazoi bat da. Lege hori 2013ko abenduaren 1ean atera zen eta bazuen salbuespen bat, elkarte merkantila izan edo ez, eta administrazio izaera zutenei aplikatzen zioten aipatutako legea. 2013an legea atera zenean, GHK elkarte merkantil gisa zegoen erregistratuta eta beraz, ez zitzaion lege hori aplikatzen. Baina 2015eko abuztuan, Espainiako ministerioak Europako irizpide berriak aplikatuz, GHK SAUri administrazio izaera eman dio eta beraz, lege honen arabera itxiera arrazoi dira azken hiru urteetako emaitza negatiboak (ikus urteko kontuen koadroa). GHK-ko bazkideek aukera dute batzarrean sozietatea ixtea eskatzeko, beraz.

GHK SAU ixten bada zer?

GHK SAU milioi bakarreko kapitala duen sozietate anonimo bat izanik, zaila da sinistea bankuek 2011ko mailegu eta swapk handiak sinatuko zituztenik, horiekin batera kontsortzioa lotzen zuen “konpromiso kontratua” sinatu ez balitz. Sozietateak kiebra eginez gero beren dirua bermatuko duena lotu nahi izan zuten, maileguekin batera beste kontratu bat ere sinatuta. Kontratu horretan bankuek estu hartu nahi izan zuten administrazio publikoa, beren dirua arriskuan ez jartzeko. Gure iturriaren arabera, “hain estu hartu zuten, kontratu horretako hainbat baldintza estuek kontratu hori nuloa bilakatzeko arrisku nabarmena dagoela”.

Hau honela, administrazioek (Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek) zor horri aurre egin beharko lioketen edo ez, eta bakoitzak jarri beharrekoa zenbatekoa den, eztabaida epaitegietan bukatuko litzateke, ezinbestean.

Gainera, esleitzeke dauden erraustegiaren lanen pleguetan kudeatzaile ezarrita dagoenez GHK SAU, plegu berri batzuk beharko lirateke, erraustegia egitekotan.

Irabaziak hainbeste lotzearen arriskua

Testuan zehar deskribatutako ziurgabetasun egoera honetan, enpresak aurkeztu daitezen mozkin erakargarria (%10,5ekoa) bermatzen saiatu dira erraustegi proiektu berrian eta horrek ekarri du kostua 1.500 milioi eurotik gorakoa izatea –lizitazio pleguetan agertzen diren eguneratze klausulen arabera, 2.000 milioi eurotik gora joan daiteke–.

Bankuek eta inbertsoreek ziurtasuna maite dute. Horregatik lotu dituzte swap kontratuak eta notaritzan sinatutako konpromisu kontratuak. “Baina gehiegi lotze horrek arriskuak ditu” adierazi digu gure iturriak. Azaldu dugu, 2011n sinatutako “konpromiso kontratua” nuloa izan daitekela. Horrez gain, esleipen fasean dauden pleguek ere legedia urratzen dute, lizitatzaileari ziurtasuna eman nahian ezarri duten ordainketa moduarekin. Europako legediak (2016ko apirilaren 18tik indarrean), emakida edo kontzesio administratibo kontratuak arautzerakoan muga bat ezarri du: kontratuaren irabazleak dirua galtzeko arriskua bere gain hartu behar du. Alegia, ezin direla irabaziak bermatu, merkatuan eskaera gutxitzen bada enpresak gutxiago irabazi behar duela.  5. artikuluan espreski dio egin dituen inbertsioak ez berreskuratzeko arriskua ere bere gain hartu behar duela enpresak. Erraustegi berriaren pleguek ez dute lege honek dioena errespetatzen: gipuzkoarrek bai ala bai ordainduko dituzte –erretzera zabor asko eraman edo batere ez– kostu finkoak, inbertsioa, finantzaketa kostuak eta gainerakoak. Beraz, enpresek ez dute hartzen bere gain merkatu arriskurik (zaborrik ez egotea) legeak agintzen duenaren kontrara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: GHK
2023-08-04 | Ilargi Manzanares
GHK-k onartu du aurrez tratatu gabeko hondakinak errausten aritu dela 42 egunez

“Behin-behinean” egin dutela adierazi dute, “mantentze-lanen" ondorioz. “Ingurumen eskaera guztiak” bete dituztela ere esan dute, eta araurik ez dutela apurtu.


Zisterna-kamioietan atera nahi dute Zubietako erraustegiak kutsatutako ura

Asteartean bete dira hiru urte Zubietako erraustegi azpitik igarotzen den Arkaitzerrekan ehunka arrain hilda agertu zirela. Orain, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak baimena eskatu du ura biltzeko depositu bat eraiki, eta lixibiatuen inguruan "zalantzarik baldin... [+]


2022-12-11 | Zero Zabor
GHK-k 160.000 euroko isuna ezarri dio Ekondakin-i, Arkaitzerrekako isuriagatik

ARGIAk astelehenean aurreratu zuen moduan, GHK partzuergoak isuna ezarri dio Ekondakin enpresari, Arkaitzerrekako isuriari erantzuteko Eusko Jaurlaritzak agindutakoa ez betetzeagatik. Bestela esanda, Zubietako erraustegiaren jabeak, GHK-k, isunez zigortu du erraustegiaren... [+]


2022-11-03 | Zero Zabor
Zurriolako hondartzara birbideratu nahi ditu Zubietako erraustegian lurpeko uretan aurkitu dituzten dioxina eta metal astunak GHK-k

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Zubietako Erraustegiaren azpiko aldetik pasatzen den Arkaitzerrekako ur zikin kutsatu guztia errekatik atera eta saneamendu sistemara eramateko baimena eskatu dio Ura agentziari. Urak eta Eusko Jaurlaritzak hori baimenduko balute,... [+]


2020-12-17 | ARGIA
Zubietako erraustegia industria segurtasun araudiari bizkarra emanda funtzionatzen ari dela salatu du GuraSOSek

GuraSOSek hainbat dokumentu helarazi dizkie zenbait hedabidera, frogatzeko Zubietako erraustegia arauz kanpo ari dela funtzionamenduan. GuraSOSek salaketa jarri du Fiskaltzan, erraustegiaren legeztatze tramitazioan aurkitutako delituengatik.


Eguneraketa berriak daude