Jesus jaio eta 2.016 urtera azken oliba-uzta tristea Palestinako Beit Jalan

  • Herodesen garaian erromatarrek olibondoak ekarriz geroztik, hogei mendez urteko sasoi alaiena izan ohi da Palestinako herri askotan urri-azarokoa, oliben uztaroa. Aurtengoa biziki tristea suertatu da Betleem ondoko Beit Jalan: Israelgo armadak herriko soro oparoenak okupaturik bere defentsako harresia eraikitzeko, azken oliba bilketa izango dutela sumatzen dute palestinarrek. Ez nazioarteko irudiak eta ez lekuko apez katolikoen eukaristiek, deusek ez ditu gerarazten kolono juduak.

HLCEF Lur Santuko Fundazio Kristau Ekonomikoak bere blogean jarritako argazkian, Israelgo armadako militarrak Cremisan haranean mila urte baino zaharragoko olibondoak erauzten joan den udan. Palestinako agintari eta herritarren protestak gora behera, Betl
HLCEF Lur Santuko Fundazio Kristau Ekonomikoak bere blogean jarritako argazkian, Israelgo armadako militarrak Cremisan haranean mila urte baino zaharragoko olibondoak erauzten joan den udan. Palestinako agintari eta herritarren protestak gora behera, Betleem inguruko haran aberatseko soroak eta komentu kristauak Israelen eremuan geratuko dira, betonezko harresiak pasabidea eragotziko dielarik lurren jabe diren nekazari palestinarrei. “Duela 2.000 urte Jesus olibondoon itzalean eseri zen”, esan die kazetariei batek.

“Palestinarrek negarrez biltzen dute Cremisan ibarreko azken oliba uzta”, idatzi du Sheren Khalelek Aljazeeran.  Israelek apartheid-harresia luzatzeko betirako urrundu nahi ditu Ekialde Hurbileko oliorik mitikoenetakoa ematen duten soroak bere betiko jabe palestinarrengandik.

Kazetariak ikusi duenagatik, urte osoan kasik zaindu gabe egon diren olibondoak kimatu gabe eta aspaldiko itxura itsusienaz daude. 300 hektarea bete arbola, azeitunarik ederrenak eman ohi dituztenak, ezin izan dituzte zaindu beren jabeek, armada juduak ezarritako oztopoak direla medio.

Ricardo Jaweejatek, belaunaldi askoz olibondootatik bizi izan den familiakoak, esan du: “Ez naiz etorri urte osoan zehar, begira kimatu gabeko altsuma horiei, ikus karrikatik ekarrita utzi dituzten zakarrok. Israeldarrek lurrok berenganatu behar zituztela esan zutenetik ahalegindu naiz ez etortzen, arriskutsua da hemendik ibiltzea”.

Aljazeerako kazetaria horren lekuko. Erreportajea egiten ari zela, bidean zeharkatu dute jeep militar judu bat. “Ezin dugu ezer horien kontra. Etorri eta nahi dutena egin edo harrapatu dezakete”, diotso Jaweejatek.

Gauza da Israel eta Palestinaren arteko itunak ezartzen dituen hiru segurtasun eremuetatik, Beit Jala A zonan dagoela, osorik palestinarren kontrolpean. Hori teorian da, ordea. Eremuaren erdian dago Gilo izeneko kolonia judu ilegala, eta hura defenditzeko Israelek basea ezarri du muino batean. Patruilen joan-etorriak eten gabeak dira, osorik Israelek kudeatutako C eremua bailitzan.

Beit Jala kokaturik dago Cremisan haranean, Jerusalemetik Betleemeraino luzatzen den ibar oparoan. Bere baitan hartzen du Cremisan santutegi ospetsua, ardo eta olio ezagunen ekoizlea, gaur apez salestarren jabegoa dena. Betleem inguruotan asko kristauak baitira. Palestina osoan ere 1948an %18 ziren hemen kristauak eta gaur %2 izatera murriztu dira, asko aipatu ez den exodoaren ostean.

Tel Aviveko gobernua palestinarrak Cremisaneko ortuetatik kanporatzeko operazioa hasita, Palestine Monitor webguneak egin dio hilabeteotan jarraipena palestinarren kontrako hamaikagarren zigorrari. Joan den abuztuaren 17an iritsi ziren militarrak beren bulldozerrekin eta hiru astetako lanaren ostean Beit Jalako 58 familiaren bizibidea desegin zuten, fruitu arbolak erauzi eta lurrazala hondeatuz. Ez baserritarrek,  ez kazetari edo abokatuek ikusi ahal izan dituzte egindako kalteak aste luzez

Ehunka urtez arbasoak alorrotan nekazari eduki dituen Issa Elshatleh esan zuen: “Duela 2.000 urte Jesus olibondoon itzalean eseri zen! Gure lurra da, gure etorkizuna, gure historia, gure memoria. Ikusten ditudanean arbolak ebakitzen eta errotik ateratzen, nire atalak erauziko balizkidate bezala egiten didate min. Alde egiteko gogoa sentitzen dut, daukadan guztia horietan dagoelako. Baina ez dakit zer egingo duten gure haurrek”.

Bederatzi urte eman dituzte Israelgo gobernuarekin auzitan sartuta Beit Jalako baserritarrek, segurtasun aitzakian Zisjordaniako herri palestinarrak juduen bizilekuetatik, eta bide batez lurrik emankorrenetatik, bereizteko eraikitzen duten hesi erraldoiak ez zitzan zeharkatu Cremisan haraneko baratzeak. Apirilean Auzitegi Gorenak arrazoia eman zien arren, gobernuak helegitea aurkeztu eta uztailean Gorenak militarrei baimena eman zien berei zerizkien lekutik urratzeko harresia.

Segurtasun aitzakian lur-lapurreta

Jonathan Cook Nazarethen bizi den kazetari ingelesak idatzia duenez, urri eta azaroko dozen erdi astez Palestinako ibar eta muinoak azeitunak biltzera etorritako familiaz betetzen dira, gazte eta zahar olibondoen oinetan beren arbasoen oso antzeko bizimodua eginez. Zisjordaniak dauzkan 10 milioi inguru olibondoen inguruan familia eta komunitateko elkartasun bat ospatzen da, mila urteotan kasik aldatu ez den komunio bat naturarekin eta bere oparotasunarekin. Israelen okupazioaz geroztik “uzta bilakatu da palestinarren azken erresistentzia gisako zerbait: gizabanakoak uko egiten dio alde egiteari, taldeak uko egiten dio garbiketa etnikoari”.

Aldi berean, garrantzia ekonomiko itzela ere badu, 100.000 familiaren eguneroko bizimodua baitago arbola horiei loturik. Olioak pisu handia du Palestinaren Barne Produktu Gordinaren %13 osatzen duen nekazaritzan.

Baina 1967an Zisjordania, Jerusalemen ekialdea eta Gaza bereganatu ostean, Israelek ekin zion palestinarren baratze eta olibadiak konfiskatu, estatuaren lur bihurtu, erauzi, batzuk nazio parke bilakatu eta horietan kolono juduen herri berriak eraikitzeari. Errotik atera eta erretako milaka olibondoak izan daitezke garbiketa etnikoaren ikur.

Beit Jalak ekoizten ditu Palestinako azeituna onenak, diote harro bertakoek, “limoi lurrina duen olioa” ematen omen dutenak. “Olioa ikusiko duzu egunero hemengo otordu guztietan, gosari, bazkari eta afari. Horregatik sekulako eragina dauka Beit Jalako jendeen bizimoduetan”, esan du herriko parrokoa den Aktham Hijazim apaiz katolikoak. Israeldarren planen kontra borrokatu dira hasieratik apaiz eta moja kristauak, Internetez erraz aurki daitezke horien argazkiak meza ematen edo otoitzean bulldozer eta patruila armatuen aurrean protesta baketsuan olibadietan.

Uztaileko epaian Israelgo Gorenak ebatzi zuen arren apartheidaren harresia pittin bat aldentzea komentu eta elizetatik, Aktham apaizak segitzen du protestak babesten: “Bakoitzak bere aldetik jota ez dugu deus irabaziko, ez santutegiek eta ez jendeak, zeren eta haiek lurra berdin urratzen segitzen baitute. Gure garaipenak ez du ezer balio ez baditugu jendea eta lurra babesten”.

Israelek ez du atzera egingo, bere lurraldea palestinarren bizkar zabaltzeko estrategia zorrotz kalkulatuta dago eta. Beit Jalako kasuan, harresiak lurrik oparoenak beren jabe legitimoei kendu eta hesiaz bestalde utziko ditu hasieran ilegalak eta denborak aurrera jo ahala behin betiko bihurtzen diren Gilo bezalako kolonien esku.

Beit Jalako olio kooperatiban ere triste daude, aurtengo uzta txarra izaten ari baldin bada ondorengo urteetarako ezin dutelako askoz hobea espero. Azeitunak bertako errotan galkatzeko zain dauden nekazarien ilaran aurten gutxi dira Cremisan ibarretik etorriak. Ricardo Jaweejat etsipenez mintzatu zaio kazetariari: noizbait bere familia Cremisan ibarrera itzuliko den itxaropena eduki nahiko luke, baina aitortzen du sekula ez duela ikusi lapurtutako lurrak berriro jabe palestinarrei itzultzen.


ASTEKARIA
2016ko azaroaren 27a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
2024-03-18 | ARGIA
Laguntza humanitarioaren bila joandako 400 pertsonatik gora hil ditu Israelek

31.000 hildakotik gora eragin ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024-03-18 | ARGIA
Gazako genozidiora "ez ohitzeko" eskatu dute milaka herritarrek Donostian

250 kulturgiletik gorak egin zuten deialdia “Kulturatik genozidioari stop” manifestaziorako. Milaka lagunek Alderdi Eder eta Haizearen Orrazia arteko ibilbidea bete dute martxoaren 17an. Hainbat esku-hartze artistiko izan dira tartean. Inpakturik handiena, ibilbidean... [+]


Eguneraketa berriak daude