ARGIAren mahaian dugu hitzordua

  • Durangoko Azokara bazatoz, ARGIAren mahaian opari berezi bat duzu zain: Mozal Legeak ARGIAri jarri zion isunari erantzunez aurten atera dugun azala, poster bihurtuta. Horrelako erasoei aurre egiteko ARGIAren indarra jendea da. Horregatik, ARGIA-jende gehiago egitea eta bakoitzak ahal duen ekarpena egitea izango da aurten helburu nagusia. ARGIAren mahaian eskuratu ditzakezun liburu eta egutegien artean, aurten ere ez da saltsarik eta umorerik faltako. Pasa mahaitik eta esan ARGIAkoa zarela. Posterra emateko aitzakian, elkar ezagutzeko desiatzen gaude.

2016ko Durangoko Azokako ARGIAren txokoa ateak ireki aurretik.
Mozal Legeak ARGIAri jarri zion isunari erantzunez aurten atera dugun azala, poster bihurtuta.

Azken bi urteetako Durangoko azoketan asko eta asko dira gu bezala ARGIAra gehitu direnak, eta aurten “harpidetza” eredu berritua eramango dugunez (hurrengo asteko alean sakon azalduko dugu zertan datzan), are gehiago lortzea dugu esperantza eta premia. Misio horretan parte hartu nahi dugunok, badugu hutsik egin ezin duen plan sekretu bat: Mundu hau hobetzeko egin dezakegun gauzarik onenetako bat ARGIAkoa egitea dela konbentzituko ditugu guztiak, 7 argudiorekin.

Gero eta ARGIA jende gehiago gara eta gero eta erreferentzialtasun handiagoa du ARGIAk egiten duen kazetaritzak, baina hori ez dugu emaitza ekonomikotan islatzea lortu, oraindik. Durangoko Azokako salmentak ere laguntzen du komunikazio proiektua. Ea ARGIA jendearen gustuko argitalpenak egiten asmatu dugun (hemen dituzue aurkeztuta, banan bana).

Altza Porru

Euskal Herriko 8 komikilaririk onenetakoek istorio eta umorez ematen digute Jakoba Errekondoren jakintza. Baratzean hamaika gai aurkituko ditugu jorratzeko: euskara, sexua, krimena, politika...
Liburua egileek sinatuta eramateko aukera dugu Durangon, ARGIAren mahaian ariko baitira komikilariak.

Ezaugarriak: 101 orri, koloretan.
Komikilari hauen iruditegia: Antton Olariaga, Joseba Larratxe, Zaldieroa, Unai Iturriaga, Asisko, "Mattin" Martiarena, Ainara Azpiazu "Axpi" eta Unai Gaztelumendi.
Prezioa: ARGIAkoontza 18 euro, gainerakoentzat 19,5 euro.

 

Egutegia

Zenbat etxetan hasten dugu eguna ARGIAren egutegiari orria kendu eta aurre eta atzeak irakurriz? 2017ko honek adimena lantzeko amua jarriko digu egunero buruketa eta galderekin, eta memoria berrituko, efemerideekin.

Ezaugarriak:
Formato txikia (7x11,5 zentimetro), mahaian edo horman jartzeko egokia. 365 orri.
Prezioa: 9 euro.

 

Egutegia zintzilikatzeko ohola

Egutegiarentzat neurrira egindako arte lana, horman zintzilikatzeko prestatua dagoena. Etxea apaintzeko edo oparitzeko, elegante. Ohola erosita, aurtengo egutegia doan eramango duzu.

Ezaugarriak: Haritzez egina eta eskuz landua. 19x31 zentrimetrokoak.
Prezioa: 50 euro (eta egutegia opari).

 

Ilargiaren egutegia

Nekazaritzako gaiei lotua. Argazki deigarriz moldatua eta aurten Pello Zabalaren testuekin osatua. Hilabetero ilargiaren posizioaren berri ematen du eta egutegi biodinamikoaren arabera, eguneroko joera. Hileko lan nagusiak laburbilduta azaltzen ditu.

Ezaugarriak: Orri bakoitzak hilabete osoa bistaratzen du. 33x24 zentimetrokoa.
Prezioa: 5 euro.

 

Bizi Baratzea

Iazko urtean euskaraz gehien saldutako liburuaren IV. argitalpenean goaz. ARGIAko mahaian eskuratu ahalko duzu, Jakoba Errekondo egileak sinatuta.

Ezaugarriak: 173 orri, koloretan. Argazki eder eta diseinu berezia.
Prezioa: ARGIAkoontzat 19,5 euro eta gainerakoentzat 23 euro.

AGENDA

Zain gaituzu sarrera nagusitik sartuta, eskuinetara (ez zaizu ARGIAkoon mahaia oharkabean pasako):
Bertan egongo gara, egunero, ARGIAko langileak, kazetariak, Jakoba Errekondo, komikilariak...

ARGIA “harpidetza” eredu berrituaren aurkezpena:
Abenduaren 3an, larunbata, 16:00etan aurkezpenen Areto Nagusian.

Altza Porru komiki liburuaren aurkezpena:
Abenduaren 3an, larunbata, 16:30ean aurkezpenen Areto Nagusian. Jakoba Errekondo, Antton Olariaga, Asisko, “mattin” Martiarena, Ainara Azpiazu “Axpi”, Joseba Larratxe, Unai Iturriaga, Unai Gaztelumendi eta Zaldieroa.

Ilargiaren egutegiaren aurkezpena:
Abenduaren 5ean, astelehena, 17:00etan, aurkezpenen Areto Nagusian. Jakoba Errekondo eta Pello Zabala.


Eguneraketa berriak daude