I. O. (Iparrorratza) zigiluak argitaratu duen disko berri hau lan bikoitz baten lehen zatia da. “Egiazko jostura lan bat”, egileen hitzetan.
Doinuetan, kanpora egindako bidaiak suma daitezke, 70eko hamarkadako zenbait musika joeraren ukituak: euskalduna (Itoiz), anglosaxoia (King Crimson) edota brasildarra (Caetano Veloso). Folk-pop-rock-progresibo kutsuko kantuak dira. Giroak oro har leunak dira, baina pasarte batzuk indartsuak.
Hitzetan, berriz, barrura egindako bidaiak ageri dira, bidaia intimoak, Tristtan Mourguyren sentimenduak, kezkak, gogoetak: “Ez dut izar bat izan nahi ilunabarra goaitatu sentitzeko alai, goizetik mihia bustitzen dut gezurraz pixkanaka pozointzen nere hezurrak (Gordeka), “Oraina iraganaren hatza, zure hesia dadila altxa lehen aldikotz hartzeko hatsa, lizuna bihurtzeko aratza” Erakartzeko hitzak), “Amets ederrenak haizu, nahiz ta harrapagailu, presta zure paraisu, izan nahi dut kaiku-kaiku” (Berritz azken aldi batez).
Tristtan Mourguyren ahotsa eta gitarra akustikoa dira ardatz nagusiak. Nortasun handiko ahotsa dauka, beroa eta apala. Grabazio saioetan berarekin aritu diren musikariek lan handia egin dute kantuak janzten eta moldaketak egiten, Aymeric Gnimassouren (gitarra elektrikoa, samplerrak eta nahasketak) gidaritzapean: Flo Capelier (pianoa eta ahotsa), Arthur Capelier-Mourguy (biolina, alboka eta harmonika), Xabi Etxeberri (biolina), Cedric Lepine (bateria eta atabalak), Greg Juvin (baxua), Fabien Lapouge (klarinetea) eta Michael Barras (gitarra elektrika eta tronpeta). Eskarmentu handiko musikariak dira, zenbait taldetan aritutakoak: Euski, Begiz Begi, Zezenaren Taldea, Torii, Tikken Jah Fakoly, Bernard Lavilliers, Zapo Zain, Kadjoo, Le Bestiare, Polo Fox, Mahamudra...
Tristtan Mourguy Donibane Lohizunekoa da. 2014an Trobador bere lehen diskoa kaleratu zuen, eta disko hori aurkezteko 80 bat jendaurreko emanaldi egin zituen. Egunotan, Dual (½): Gordeka lan berria aurkezten ari da berarekin aritzen diren musikariekin. Besteak beste, abenduaren 2an Durangon, abenduaren 11n Ziburun, eta urtarrilaren 3an Iruñean ariko dira.