AEB

Ekonomia da, ergela

  • AEBetako hauteskunde biharamunean, Harvard unibertsitatean ospatutako mahai inguru batean David Laibson irakasleak esplikatu zuen ekonomiak garrantzia handia izan duela Donald Trumpek jaso duen babesa ulertzeko. Edison Research for the National Election Pool-ek hauteskunde egunean hautestontzietatik pasatako 24.537 pertsonari egin zien galdeketa. Inkestatuek lau aukeren artean identifikatu behar zuten hauteskundeetako gairik garrantzitsuena: %52ak ekonomia hautatu zuen gako nagusi gisa, %18ak terrorismoa, %13ak kanpo politika eta %13ak etorkinak.

Egoera ekonomikoa bikaina zela esan zutenen artean %16ak Trump bozkatu zuen eta egoera ona zela esan zutenen artean %19ak. Berriz, egoera balekoa (ez ona ez txarra) dela uste zutenen %55ak babestu zuen Trump, eta egoera txarra zela esan zutenen %79k egin zuen hautagai errepublikarraren alde. Honek arrakasta izan du bereziki ikasketa unibertsitariorik gabeko zurien artean (%67), izan ere, horiek baitira erlatiboki atzera pausu gehien ikusi dituztenak beren egoera sozioekonomikoan. Amets amerikarraren baitan dagoen ideia da familiako hurrengo belaunaldiak hobeto biziko direla, baina hori aspaldi hautsi da ikasketa unibertsitariorik gabeko zurien artean.

Unibertsitateko ikasketak ez dituzten pertsonak azpi-ordezkatuta daude AEBetako botere esparru askotan, besteak beste, ekonomian, politikan, kulturan, hedabideetan eta alderdi politikoetako eliteetan. Horregatik, beren ardura eta kezkek ez dute protagonismo handiegirik izaten agenda politikoan. AEBetan 50 urtez ari dira desberdintasun sozialak handitzen eta azkeneko 30 urtetan erritmoa asko bizkortu da. Laibsonek hori azaltzeko ikasketa mailaren araberako soldaten garapenari erreparatu zion: ikasketa unibertsitarioak dituztenen soldatek hazkunde handia izan dute azkeneko hamarkadetan eta aldea handitu baino ez da egin ikasketa unibertsitarioak ez dituztenen aldean.

Hauteskunde eguneko galdeketak familiaren egoera ekonomikoaz ere galdetu zuen. Egun egoera hobea dutenen %24ak soilik babestu du Trump, egoera antzekoa dutenen artean %46ak eta aldiz, egoera okerragoa bizi dutenen %78ak botoa eman du errepublikarraren alde. Etorkizuneko familiaren espektatiba ekonomikoari dagokionez, aurreikuspen txarrak zituztenen artean, %63k bakarrik hautatu zuen Trump.

Datu hauek argi utzi dute Bill Clintonek Bush aitari irabazi zionean bolo -bolo zebilen lelo ez ofizial hura egia izan dela beste behin: ekonomia da, ergela. Trumpek boto-emaile kontserbadorea fidelizatzeko mezuak bidali ditu, besteak beste, abortuaren aurka, zergak jaistearen alde edo armen gaineko kontrolaren aurka. Baina benetan berritzailea izan dena da globalizazio neoliberalaren galtzaile nagusiak identifikatu eta horien ardurak lehen lerroan jartzea: etorkinak,  industriako lanpostuak, merkatu askeko akordioak, kriminalitatea, eskuragarri den osasungintza bat, amets amerikarra (klaseen
arteko mugikortasuna), harrotasun nazionala, botere finantzarioen diktadura, establishmenta etab.

Trumpek erabili duen estrategia beraz, eraginkorra izan da. Hauteskundeak irabazi ditu, nahiz eta hedabideak, botere faktikoak eta bere alderdiko parte bat aurka izan. Eskuin populistak egiten duen legez, Trumpek hautsi egin du Coca Cola eta Pepsi artean hautatzeko hauteskundeekin. Mendebaldean inposatu den muturreko zentro progrearen ideologia onargarri bakarrarekin hautsi du. Baina dena esan behar bada, demokratek asko lagundu dute. Izan ere, globalizazio neoliberala, establishmenta eta ustelkeria pertsonifikatzen ditu Hillary Clinton eta nekez irudika daiteke bera baino hautagai okerragorik.

Demokraten gaixotasuna Mendebaldeko ezker hegemonikoan instalatuta dagoenaren seinale gisa, Europar parlamentuko talde ezkertiar guztiek babestu dute Hillary Clinton, ikuspegi kritiko gutxirekin. Propaganda tsunami bat egon da hautagai demokrataren alde, momentu batzuetan XXI. Mendeko Emma Goldman baten aurrean ginela zirudien. Errealitatea ordea, oso bestelakoa da. Clintonen alde egitea zen Wall Streeten interesak defendatzen dituen hautagaiaren aldeko kanpaina egitea. Clintonen aldeko kanpaina egitea zen inperialismo gerrazale sutsuenaren alde egitea. Baina, antza Clintonen hildakoak, suntsitu dituen herrialdeak edo babestu dituen estatu kolpeak ez dira arrazoi nahikoa izan ezkerrek babesa ukatzeko.

Hillary Clinton ondo lotzen da egokitasun politikoaren diskurtso eta irudiarekin. Astakeriak esaten ez dituen artean, berdin du zer egiten duen, itxuraren gizartean bizi gara. Baina itxura inportantea bada klase ertain eta altuarentzat, langile klasearentzat eta batez ere, pobretzen ari direnentzat ez da hain garrantzitsua izaten. Horregatik, Mendebaldeko ezkerrak agenda ekonomikoa eta langile klasearen interesen defentsa serio hartu ezean, horiek eskuin populistaren esku geratuko dira, beren gainerako neurri atzerakoi guztiekin batera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AEB
2024-04-15 | Axier Lopez
Iranen erasoa Israelen aurka
Gerra gehiago, hipokrisia handiagoa


GNL: Louisianako zingiretan jokoan dira munduko klima eta osasuna

Energia krisiak eta Ukrainako gerrak hauspotuta, Gas Natural Likidotua (GNL) bihurtu da munduko lehengai estrategiko eta preziatuenetakoa. AEBetako hegoaldean gasa modu horretan biltegiratu eta esportatzeko planta erraldoiak egin asmo ditu industriak, baina Joe Bidenen gobernuak... [+]


Yale: prestigioa esklaboen truke

Killingworth (Connecticut, AEB), 1701. Collegiate School goi mailako ikasketa zentroa fundatu zuten. 1716an eskola berria New Havenera aldatu zuten eta handik bi urtera, 1718an, Yale izena hartu zuen gaur egun AEBetako eta munduko unibertsitate prestigiodunetakoa denak.

Urte... [+]


Ia denak du prezioa

Filadelfia (AEB), 1838ko uztailaren 11. John Wanamaker jaio zen, gerora marketinaren alorrean eragin handia izango zuen enpresaria. Koinatuarekin batera hasi zen merkataritza eremuan lanean, 22 urte zituela. Biek denda bat ireki zuten orduan; eta negozioa pixkanaka hazten joan... [+]


Israelgo Armada hornitzen duten petrolio konpainiak, gerra krimenen konplize?

Israelek 2023ko urrian Gazako sarraskia hasi zuenetik, petrolioa jasotzen aritu da itsasoz munduko txoko askotatik, petrolio enpresa handienek hornituta. Petrolio horren zati bat armada hornitzeko erabiltzen da palestinarren kontrako erasoekin segi dezan.


Eguneraketa berriak daude