argia.eus
INPRIMATU
Salaketa faltsuak
June Fernández 2016ko azaroaren 10

Bere senarraren jipoi baten ondoren, poliziarengana jo zuen Elisak. Txosten ugari zituen: psikologoek eta gizarte langileek baieztatzen zuten genero indarkeriaren biktima zela, urteetan zehar tratu txarrak pairatu izan zituela eta bere alabari indarkeria horren lekuko izateak kalte egin ziola.

Justizian konfiantza handia zeukan, baina epaiketaren eguna heldu zenean, ezusteko batez topo egin zuen: bere senarrak ere Elisaren kontrako salaketa jarria zuen. Elisak jipoi horretatik defendatzerakoan atzamarrekin senarra markatu zuen eta gizonak hori erabili zuen bera ere erasotua izan zela esateko. Epaileak bien kontrako urruntze agindua ezarri zuen, bien arteko liskar isolatua izan balitz bezala. Are gehiago, Elisak tratu txarren biktimaren profila ez zuela betetzen esan zuen epaileak, ingeniaria izateagatik.

Lantzean behin, indarkeria matxistaren inguruko eztabaidan salaketa faltsuen zurrumurruak indarra hartzen du: emakumeek Genero Indarkeriaren Kontrako Legea etengabe erabili ei dute, bikotekide edo bikotekide ohien kontrako mendekua hartzeko edota dibortzioaren guda irabazteko: etxea, kotxea... Datu ofizialak bitarte erantzuten dute feministek: salaketa faltsuak %0,014 baino ez dira. Baina badago beste salaketa faltsu mota bat, askoz ere hedatuagoa eta ezkutuagoa. 

Emaztearen kontrako salaketa faltsua jartzea ez zen Elisaren senarraren bat-bateko ateraldia izan. Seguruenik, bere abokatuak defentsa estrategia hori gomendatu zion. Zigorrak saihesteko bide maltzur nahiko berria da salaketa gurutzatuen estrategia. Amnistia Internazionala erakundeak eta Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak kezka hori adierazi dute azken urteotan

Emaztearen kontrako salaketa faltsua jartzea ez zen Elisaren senarraren bat-bateko ateraldia izan. Seguruenik, bere abokatuak defentsa estrategia hori gomendatu zion. Zigorrak saihesteko bide maltzur nahiko berria da salaketa gurutzatuen estrategia. Amnistia Internazionala erakundeak eta Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak kezka hori adierazi dute azken urteotan. 2011. urtean 509 emakume kondenatuak izan ziren genero indarkeria salatu ondoren. Gehienetan emakumeek salaketa kentzen dute, aurrekari penalekin bukatu ahal dutenaren beldurrez.

Estrategia horrek arrakasta du epaitegietako gabeziekin topo egiten duelako. Emakume gehienek ez dute kasua ondo prestatzeko aukerarik. Epaiketa azkarretan apenas bost minutu dituzte ofiziozko abokatuarekin hitz egiteko. Bost minututan ezin da hamar urtetako indarkeria matxista azaldu, ezta estrategia egokia adostu. Erasotzaileen artean, ordea, ohikoagoa da abokatu bat ordaintzeko aukera izatea.

Pasa den urtean, salaketen %43,2 artxibatu egin ziren Espainiako Estatuan, froga falta egotzita. Baina frogak ez dira bilatzen. Epaile askok bakarrik azkenengo liskarrari buruz jakin nahi dute. Ez dute ganoraz aztertzen, ea urteetan zehar indarkeria egoera egon ote den, ez dituzte txosten psikologikoak eskatzen, ez dute indarkeria ekonomikoa edota sexu indarkeria kontuan hartzen, ezta kontrol edo umiliazio aztarnak bilatzen. Salaketa gurutzatuak daudenean, epaileari erraza zaio muturreko erabaki erosoa hartzea: bien salaketak artxibatu edo biak zigortu.
    Emakume batek urteetan bikote esparruko indarkeria matxista salatzearen pausoa ematen duenean, kasua artxibatzen bada edo bera ere salatua eta zigortua izaten bada, justizian zeukan konfiantza galduko du, eta gizona garaile sentituko da. Hori bai dela egoera erreala eta kezkagarria.

Pikarako laugarren urtekarian argitaratu dudan erreportaje baten ideia nagusiak laburbildu dizkizuet. Erreportaje hori prestatu nuenetik, salaketa faltsuei buruz norbaitek galdetzen didanean, hau guztia kontatzen diot.