argia.eus
INPRIMATU
Putreak
Itxaro Borda 2016ko azaroaren 10

Greziako deboila ekonomikoak ez ditu gehiago egunkarien lehen orrialde katastrofistak emokatzen, baina artean herriko ontasunen arpilaketak isilean jarraitzen du, ustiaketak, biluzteak: Ulises, menturaz, ez da Itakara itzuliko. Penelope bakarrik geratuko da.

Diru-laguntza berri bat erdietsiko du Greziak eta trukean, troikaren esku geratuko dira, alegia hurrengo mende bukaeraraino, bertako aberastasun publikoak eta zerbitzuak. Sosa ukan eta Taiped agentzia buru, berehala hasiko den pribatizatze oldea kudeatzeko sortua izan da Superfund entitatea. Horren baitan aurkitzen dira goi-mailako hiru funtzionario frantses egitura sozial ohiaren hilikiak moko zorrotzez klikatzeko prest.

Suezek aspaldian begiztatua du Atenas eta Tesalonikako ur sarea, EDF ere lehen lerroan dabil elektrikaren alorrean, Vinci autobideen sailean, Posta halaber (hobe luke hemen dituen langileen egoera mentalaz arduratzea) eta Alstom burdinbideak bereganatzeko. Besteak beste. Ardita bada egiteko, ausarki, eta putreak gose dira.

Calaisko jungle delakoa hustu zuten, herrialde osoak pobretzen dabiltza, pobreak beraien gabekeriaz hobendun aurkezten dizkigutela: uste dut Autza kaskoko saiak bihoztunagoak direla.

Eta hori ez da seinale ona.