argia.eus
INPRIMATU
Ezpeldoiren kasua
  • Amaia Ezpeldoi nola hilko dugun barrundatzen dugun artean, ea ezpelak (Buxus sempervirens) nola salbatu asmatzen dugun. Txinatik Alemaniara ekarri eta handik Europa osora hedatu dugun harrak (Cydalima perspectalis) mendietako eta etxeetako ezpel guztiak garbituko dituen itxura guztia du, izurrite petral alaena! Gauez baino ibiltzen ez den sits zurizta da, eta umetan har berde-beltz handi samarra, 3-4 zentimetrokoa, erraz ikusteko modukoa.

Jakoba Errekondo 2016ko azaroaren 08a
Txinatik Alemaniara eta handik Europa osora hedatu da 
Cydalima perspectalis harra, ezpela garbitzen ari den izurritea. (Arg.: Böhringer Friedrich-CC By SA)
Txinatik Alemaniara eta handik Europa osora hedatu da Cydalima perspectalis harra, ezpela garbitzen ari den izurritea. (Arg.: Böhringer Friedrich-CC By SA)

Landarearen zati guri guztiak jaten ditu harrak, eta gizen-gizen egin denean, armiarma-sare tankerako batean bildu eta krisalida sortzen du, gero sits bihurtzeko. Negua igarotzeko, 0,5-1 zentimetroko har ttikiek bi ezpel hosto sendo josten dituzte hariz. Udaberriarekin hazi, eta lehen sits belaunaldia ekarriko dute. Bi edo hiru belaunaldi izango dira urtean, urte eta toki epeletan baita lau ere. Txikizioaren emana edo, gure lagunaren amak esaten duen bezala, txikizio desdetxa!

Ezpela kulturaren paisaiaren oinarri den lurraldeetan txikizio hori izugarria da. Paisaia antzematen dugunean landare bat ez ikustea gauza bat da, baina landare hori kultura baten oinarrietako bat bada triskantzari odola dario. Ezpelik ezean, nola egingo dituzte Ezkurran tomateetarako makilak? Aita Oizkoa duen lagun batek hala zioen lehengo astean, kontu honen berri eman nionean: “Ordun, kisulabek berpizten hasi nahi ta ere, nekez beteko ttiu ezpelez...”.

Gure ezpelaren kulturaren paisaiaren odol jario hori eteteko harra akabatu behar: Bacilus thuringiensis-ekin tratamendua eginez, ur soilez bustitzeak ere garbitzen omen du... Geuk hasi beharko dugu, txoriek ez baitituzte har horiek jaten. Ezpelak badu pozoi tankerako bat, eta, agidanean, ezpela besterik jan ez duen harra ez dute mokoratu nahi. Amaia Ezpeldoi hil beharrean lanean jarri beharko dugu kasu honetan ere...