Nik euskaraz egingo dizut

  • Ixiar Pagoaga Hernanin bizi da, Saioa Larruskain Lasarte-Orian. Lehenengoak Hernanin Euskara Ari Du egitasmoan hartu du parte eta bigarrenak Baietz 40 egun euskaraz erronkan. Egitasmoen izenak izen, biak gisa berean ibili dira astebetez: paparrean txapa jarri dute herrikideei adierazteko euskaraz egin nahi dutela eta egingo dutela. Sekula baino gehiago egin dute euskaraz eta sorpresa politak hartu dituzte.

Ixiar Pagoagaren ustez oso garrantzitsua da jendeari ondo begiratzea, ulertzen ez badu mantso errepikatzea eta euskaraz erantzuteko gai ez bada gaztelaniaz erantzuten uztea. Argazkia Dani Blanco.
Ixiar Pagoagaren ustez oso garrantzitsua da jendeari ondo begiratzea, ulertzen ez badu mantso errepikatzea eta euskaraz erantzuteko gai ez bada gaztelaniaz erantzuten uztea. Argazkia Dani Blanco.

Ixiar Pagoaga, “Denek esan didate euskaraz gehiagotan egiteko, eta nik baietz”

Zein bizipen utzi dizkizu astebeteko tarteak?

Atzo [urriaren 26an] egun oso polita eduki nuen. Ospakizun bat neukan eta 40 urtetik gorako hiru bikoterekin egon nintzen. Esan nien: “Badakit ikasten ari zaretela. Egingo dugu saiakera bat, lehenengo ordubetea gutxienez dena euskaraz? Pazientziarekin egingo dizuet, eta zuek erantzun ahal duzuen bezala”. Ze esperientzia ona! Ez zen dendara joan eta erostea, bizitzako gaiak ateratzen ziren eta gainera atzerritarrak ziren batzuk, etorri berriak. Eta esan nuen, ostras!, askoz gehiago daukagu egitea. Eskertu egin zidaten, eta esan zidaten horrela egingo balu jende guztiak haien euskara maila hobea izango litzatekeela.

Hain polita ez den gertaerarik izan al duzu?

Denda batean gauza desatsegin bat ikusi nuen. 5 urteko umetxoak erdaraz egin zion bere amatxori eta dendariak “euskaraz!” esan zion era txarrean. Ez nintzen ausartu ezer esaten, baina amorrua eman zidan. Ez zitzaidan egokia iruditu. Goxo esanez gero denak balio du, baina agindu moduan, eta ume bati... ezta bere amari edo aitari ere.

Orokorrean esperientzia ona, beraz.

Sorpresa ona izan da. Mantso eta lasai joanda, eta jendeari ondo begiratuta, askoz ere gehiago saiatzen dira.

Zer esan nahi du “ondo begiratuta” ?

Bere aurrean jarri, eta keinuren bat egiten badizute ulertuko ez balute bezala, zuk esan: “Berriz esango dizut”. Ez da esan behar, “euskaraz!”, baizik eta “aupa, goazen!”. Eta ondo begiratu, zeren beraiek egitea nahi dugu.

Euskaraz hasi eta gaztelaniara pasa beharra ere izango zenuen.

Lau ginen berriketan eta batek euskara gutxi daki. Ordubetera edo ikusi nion, ai, aurpegi bat... eta esan nion: “Mutil aldatuko dugu?” eta berak “Bai, mesedez”. Momentu horiek ere politak dira. Eurek ere ikusten dute ni lasaiago ari naizela euskaraz. Denak euskaraz ari ginen eta bera batetik bestera begira, ikusten genuen gauzak galtzen zituela, eta momentu batean pentsatu genuen, “gehiegi da honentzat”.

Horrelako probak ere balekoak dira?

Kristoren ahalegina da berarentzat ere, eta ikasten du. Den-dena euskaraz egiten baduzu, taldetik kentzen duzu. Adibide horretan bost hilabete geunden elkar ikusi gabe. Ospakizun baterako elkartu ginen, ezin nuen erabat kanpora atera. Gai da xinpleena jarraitzeko, baina momentu batean galdu egiten da. Neurtu behar dugula uste dut.

Zer utziko dizu astebete horrek?

Ondaretxo bat, berari begiratu eta esateko, entenditzen duzu? Bai? Bada aurrera. Justu zabiltza? Bada erantzun erdaraz. Baina nik euskaraz egingo dut.

Jendearen jarrera ona izan al da?

Bai, oso ona. Denek esan didate, “gehiagotan hau e!” eta nik, baietz baietz.

Malinkera hitz batzuk ikasi dituzu.

Kuriosoa gertatu zitzaidan ginear ama-alabekin. Umeari euskaraz egiten diot beti. Bere amak malinkeraz egiten dio, eta esan nion umearekin batera ikasi dezakeela euskara. Esan zidan badakiela esaten “egun on”, “kaixo”, “zer moduz”. Esan nion hurrengo saioan nik euskaraz pixka bat gehiago egingo niola eta berak malinkeraz hitzak irakasteko. Haren hizkuntzari balorea eman nahi nion, gureari ematea gustatzen zaigun bezala. Harritu egin zuen nik malinkera ezagutu nahi izateak.

Saioa Larruskain, “Erronkari esker jendea armairutik atera da”

Saioa Larruskain lasarte-oriarra: “Orain arte gaztelaniaz egiten nien batzuei, agian hemendik aurrera euskaraz egingo diet... Ez, ez, horrela izango da, euskaraz egingo diet”. Argazkia: Dani Blanco.

Nola joan da astea?

Oso esperientzia polita izan da. Adibidez, bizilagun batekin topatu naiz eta uste nuen ez zekiela euskaraz. Ikustea nola saiatzen ari den, nola euskaraz hitz egitea nahi duen, niretzat oso polita da. Komertzio edo denda txiki batera joan eta euskaraz egin dut. Lehen ere hala egiten nuen, baina orain txapa dauka paparrean jarrita, eta hori berria da, nahiz eta berak erdaraz erantzun. Lehen euskaraz egin eta gaztelaniaz erantzunez gero agian bigarren aldiz egingo zenion euskaraz, baina berriz gaztelaniaz erantzunez gero gaztelaniara pasako ginatekeen.

“Belarriprest” (berari euskaraz egitea nahi duela esan nahi du) txapak badu eraginkortasuna.

Txibatoa da, badakizu euskaraz nahi duela, mantsoago-edo baina hitz egiten diozu. Dendara zoaz, beti gaztelaniaz egiten duelako gaztelaniaz egin diozun langilearekin topo egiten duzu eta orain txapa darama, “belarriprest” da. Lehen ez zenekien arazoa zein zen, edo euskara maila oso baxua, edo ausardiarik ez zekiena euskaraz esateko, edo euskararekiko jarrera txarra ere izan zitekeen. Orain badakizu zuk berari euskaraz egitea nahi duela, eta berak euskaraz erantzungo dizu edo ez.

Erronka honi esker jendea armairutik atera da. “Belarriprest” [1.916] eta “ahobizi” [958 lagunek adierazi dute “ahobizi” txaparen bidez euskaraz egin nahi dutela] askok eman du izena. Euskaldunberri batzuek “ahobizi”en taldean eman dute izena. Gure txandan neska euskaldunberria zegoen eta “ahobizi” moduan eman du izena bere burua armairutik ateratzeko.

Abenduaren 3tik aurrera, alegia txapa kendutakoan zer?

Pertsonekin dauzkagun hizkuntza ohiturak aldatzea oso zaila da. Bizipen honek ohiturak aldatzea bultzatzea eragingo du. Orain arte gaztelaniaz egiten nien batzuei, agian hemendik aurrera euskaraz egingo diet... Ez, ez, horrela izango da, euskaraz egingo diet.


ASTEKARIA
2016ko azaroaren 13a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
Milaka lagun batuko dira Nafarroaren Egunaren kari Baigorrin igandean

Egitarau aberatsa muntatu du beste behin Basaizea elkarteak: bertsolariak, dantzariak, gaiteroak, txarangak, herri bazkaria, merkatua eta kontzertuak. "Folklorismotik haratago", euskararen zilegitasuna aldarrikatuko dute Baigorritik apirilaren 28an.


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


Eguneraketa berriak daude