80 urte geroago nola egiten dugu bertsotan?

  • “Nere aipamenak izango dira
    beste 80 urtian”.

    Artistaren kontzientziaz jarri zuen bertso sorta ezaguna Txirritak: bere lehen plaza eta orduko kantu-lagunak historiara pasa zitezen. Azken puntu horrek ere egin du bere lana, hil zela 80 urte bete diren honetan berari begira jarri gaitu berriz. Bere sorlekuan, Ereñotzu auzoan (Hernani), herritarren artean aztertu dugu orduko eta gaurko bertsoa bizitzeko modua. Zer bertso eremu lantzen ditugu egun?

Txirritaren garaian eta erabat euskaraz bizi ziren auzoan, bizitzako esparru “denetan” egiten zela bertsotan atera dezakegu ondorioa, iritsi zaizkigu bertso eta pasarteetan oinarrituta: etxean, lanean, tabernan, festetako plazako saioan, bizitzako une garrantzitsuenetan... Etxean gizon zein emakumeak aritzen ziren bertsotan, elkarrekin. Horrela kontatu zuen Antonio Zubiarrainek (Txirritarekin kantuan aritu izandako Paulo Txikiaren anaiak): “Aitona (Joxe Miel Otxotorena) bertsolari ederra zen. Amonak ere (Joakina Etxeberria) bertsotan ederki egiten zuen. Gu zortzi senide ginen, sei anaia eta bi arreba. Gehientsuenok egiten genuen bertsotan, arreba gazteenak ere ederki egiten zuen! Bazkalondoan eta afalondoan jarduten ginen bertsotan; gehiena arto zuritzen!”. Lanean ere gizonak eta emakumeak bertsotan elkarrekin aritzen zirela dakigu. Horren lekuko dira arto-zuriketaren aipamen hau eta baita Txirritak belarretan ari zen Plazida Otañori botatako bertsoa eta honek emandako erantzuna. Tabernara eta festetako plazako saiora gizonek bakarrik zuten sarbidea. Emakumeen aisialdi eremuak zein ziren eta han zer bertso bota zituzten arakatzea falta da. Auzoan ikertzen eta festa berreskuratzen diharduten “atsolorra!” aipatu dute, berehala.

Bertsotan ikasteaz, naturaltasunez

Etxean ikasiko zuten bertsotan askok, garai hartan auzoan hainbat familia baziren bertsotan egiten zutenak: aipatutako zubiarraindarrak, saiburutarrak, ugaldetarrak... Beste askok auzoan ikasiko zuten bertsotan, etxea eta auzoa gaur baino lotuago zeuden garaian. Txirritak sano sano hitz egiten zuen “profesore” funtzioaz, bertsotan egitea jainkozko dohainekin lotu behar izan gabe. Egungo bertso eskoletatik oso hurbil daude bere hitzak: “Joxe Miel Otxotorena zen nire profesorea, eta nik profesore egingo dut orain Paulo Zubiarrainena!” (Joxe Miel Otxotorenaren bilobarena, alegia, mesedea itzultzeko). Antonio Zavalak idatzita utzi zuenez (hemen liburua PDFan), Txirritaren garaian, Txabolategi bertsolariaren jaiotetxean, Domingo Erroizenea etxeko-jauna bizi zen. “Bertsotan zer edo zer aritzen zena omen zen, eta Txirritak, artean zortzi edo bederatzi urteko mutikoak, honela esaten omen zion:
    – Niri bertsotan irakatsi behar didazu, Domingo”.

Etxea, lana, aisia, denak lotuago

Etxea eta lana bereiztea ezinezko da (egun, batez ere, emakumeen kasuan eta Txirritaren garaian, gizon-emakumeentzat). Lanean ere bertsotan aritzen ziren, jarduera eramangarriago egiteko, eta besterentzat lanean ari zirenean, lan baldintzak hobetzeko edo lanari ihes egiteko. Horretan Txirrita artista zela irakatsi digute aurrekoek. Iritsi zaizkigu hargin koadrilla egun bateko lanetik libratu zituen bertsoak, egun luzetan lanera azaldu gabe egon ostean nagusiari kantatu zizkionak...

Bertso espektakulua urtean 11 aldiz

Herriko festetan gozatzen zuten entzuleek balkoitik balkoirako bertso ikuskizunarekin. Baina hainbat lekutan, egun osoan eta baita bizpahiru egunetan ere aritzen ziren bertsolariak. Kotxerik ezaren ezaugarriak, behin haraino joanda, bidaiari probetxu ateratzen ziotela denek. Florian Oiarbidek hala jaso zuen aurrekoengandik: “Txirritak urtean 11 plaza egiten omen zituen, zeukan famarekin!”. Artikuluan aipatutako Paulo Zubiarrainek idatzita utzi zituen egin zituen saioak. Gaztetan hasi eta 64 urtera arte plazaz plaza asko ibilita, 111 saio egin zituen, denera. Egun gehien dabiltzan pare bat bertsolarik urtean egiten dituzte 100 saio, eta urtean 70-80 saio egiten dituztenak dozena bat izango dira. Txirritaren garaian bertsolari handiek etxean, lanean, tabernan, ia egunero kantatzea normala, eta egungo bertsolari handiek ia egunero plazako saio bat eginda gainerako eremuetarako aseta egotea, ulertzekoa. Plazako eremua eta eskolakoa zorroztu ditugu 80 urteotan, eta etxekoa, lanekoa, aisialdikoa kamustu.

Bizimodu aldaketak isildu du bertsoa

Ereñozu auzoak bertsozaleenetako bat izaten jarraitzen du, kanpotik doanarentzat. Bertsotan ikasi eta egiteko bertso eskolara joatea beharrezkoa ez den eremu bat, etxeko transmisioa eta auzokoa lantzea oso posible dena. Ez dute beren errealitatearen pertzepzio bera bertakoek. “Etxean elkarrekin kontu kontari zenbat egoten gara, bada?”. “Kotxean goazenean, irratia edo musika jarrita”. “Sagardotegira ere orduari begira eta joateko presaz etortzen zaigu orain jendea”. Bertsotan egiteko, elkarrekin luze egon behar dela, beste tempo bat behar dela atera da ondorioa. Hitzari denbora eta leku gutxiago ematen diogula gaurko bizimoduan, eta berarekin batera, bertsoari. Bertsolaritza sustatu nahi duenak lantzeko gai politak dira bizitzako esparruak, aurrez aurreko harremanak, denborak, hitzaren eremuak...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txirrita
2020-09-13 | Kepa Matxain
'Bertso Gudua' revisited
Txirrita eta Basarri, Aitzolen begiradapean

1935eko San Sebastian egunez jokatu zen Lehen Bertso Gudua, egungo Bertsolari Txapelketen aurrekari nagusia. Puntako hogei bertsolari lehiatu ziren, Donostiako Kursaal Zaharreko Poxpolin aretoa leporaino beteta zegoela. Baina lehia hutsetik harago, egun hura historiara igaro da... [+]


2018-09-02 | Estitxu Eizagirre
Bertsoz "iraintzeagatik" Txirrita kondenatu zutenekoa

Legasako alkate ohiari buruz 1913an enkarguz jarritako bertsoengatik kondenatu zuten bertsolaria 1916an Iruñeko auzitegian. Mikel Taberna idazleak Bertsolari aldizkariaren 110. zenbakian argitaratu duen ikerketa lanean kontatu du guztia xeheki, eta penaz adierazi du... [+]


2018-08-21 | Estitxu Eizagirre
Txirritaren "delituzko" 14 bertsoek zer zioten bada?

Mikel Taberna idazleak eta Beñat Hach Embarek Bertsolari aldizkariko zuzendariak abuztuaren 20an aurkeztu zuten berria: Txirrita Iruñeko auzitegiak kondenatu zuela bertsoz Legasako alkate ohi Eusebio Babaze “iraintzea” egotzita. Iruñeko Lurralde... [+]


Aitzol, Txirrita, Lotsati... orain jabetza publikoa dira

1936an hil ziren Hego Euskal Herriko idazleen obra guztiak jabetza publikora pasa dira urtea aldatzearekin batera, Espainiako Estatuko jabetza intelektualaren legeak egilea hil eta 80 urteko epea ezartzen baitu eduki horiek edonork nahieran erabili ahal izateko.


Eguneraketa berriak daude