argia.eus
INPRIMATU
Oxigeno-poltsak
Edu Zelaieta Anta 2016ko azaroaren 03a

Azkenaldian ikusi gabeko beste aita batek esan dizu jatorri atzerriko ikasleek moteltzen dutela gelaren erritmoa. Horregatik erabaki dute guraso batzuek euren seme-alabak beste ikastetxe batzuetan matrikulatzea. Aurten, ikasle horiek Gasteizko beste eskola batzuetan ari dira ikasten, eta, bertan ia “immigrante”rik ez dagoenez, askoz eduki gehiago lantzen ari omen dira. Konfiantzan adierazi omen dizunez, beste guraso askok ere gauza bera pentsatzen dute, baina ez dira publikoki ezer esatera ausartzen.

Ikasteko erritmoa moteltzea da, beraz, arazoa. Dibertsitateak dakarren aberastasuna aitortzea politikoki zuzena izan daiteke, eta polita, ordu batzuetako ospakizunetarako. Izan ere, ikasle batzuen erritmoa moteltzea ez da desiragarria, ez behintzat ikasle horiek geure seme-alabak direnean. Are gutxiago, Jaurlaritzak tipologia bertsuko ikasleak multzokatzeko aukera ematen duenean.

Inor gutxik zalantzan jarriko du eskolak bizitzarako prestatu behar duela. Ezta “immigrante”rik gabeko oxigeno-poltsak bilatzen dituzten gurasoek ere. Alabaina, euren seme-alabentzako funtsezko kontu bat utzi dute bazterrean: bizitzarako prestatzeak elkarbizitzarako prestatzea ere badakarrela.