Kardinalak giltzapean

  • Estatu Pontifikalak, 1241eko abuztuaren 22a. Gregorio IX.a aita santua hil zen, eliza katolikoaren eta Erromatar-Germaniar Inperio Sainduko enperadore Frederiko II.aren arteko gatazka betean. Garai hartan Kardinalen Kolegioa osatzen zuten hamabi kardinaletatik bi gatibu zeuzkan enperadoreak. Gainerakoak zatituta zeuden, iritzi eta interes desberdinak medio. Nola lortu enperadorearen eragin zuzena saihestea eta kardinalek luze gabe aita santu berria aukeratzea?

Gregorio IX.a aita santua (miniaturako lehen bi binetetan gorriz jantzita) hil zenean, haren ordezkoa bilatzeko giltzapean sartu zituzten kardinal hautesleak, historiako lehen konklabean.
Gregorio IX.a aita santua (miniaturako lehen bi binetetan gorriz jantzita) hil zenean, haren ordezkoa bilatzeko giltzapean sartu zituzten kardinal hautesleak, historiako lehen konklabean.

Matteo Rosso Orsini senatariak egoerari kirtenetik heldu zion: hamar kardinalak Erromako eraikin zahar batean, erortzear zegoen Septizonio jauregian, giltzapean (cum clavis) sartzeko agindua eman zuen. Guardiak jarri zizkien, hautesleek alde egingo ez zutela ziurtatzeko. Elizako goi karguen zerbitzariei ere ez zien sartzen utzi, eta janari urritasunari Erromako udako bero itogarria erantsi zitzaion.

Bi hilabete eman zituzten baldintza estu haietan, baina ez denek. Robert Somercotes ingelesak, enperadorearen aldekoa bera, hilabete inguru besterik ez zuen egin giltzapean, irailaren 26an hil baitzen, itxuraz goseak eta beroak jota: bere aldeko kardinalek Somercotes pozoituta hil zutela salatu zuten. Baina ez litzateke harritzekoa higiene eta osasun baldintzen ondorioz gertatu izana. Beste bederatziei ez zieten haren elizkizunetara joateko irteten utzi, medikuei ere ez zieten egonaldi osoan sartzeko aukerarik eman, gorozkiak pilatuz joan ziren... Romano Bonaventura kardinala sede vacante aldia amaitu eta hilabete batzuetara hilko zen, eta heriotza itxialdi gogorrari egotziko zioten. Goffredo da Castiglione Sabinako apezpikuak are gutxiago iraun zuen bizirik.

Azkenean, Castiglione aukeratu zuten aita santu. Zelestino IV.a izena hartu zuen eta handik hamazazpi egunera hil zen, azaroaren 10ean, kontsakraziorako ere astirik gabe. Erabaki gutxi hartu ahal izan zituen, horien artean Matteo Rosso Orsini eskumikatzea.

Badirudi, luzeago bizi izan balitz, Castiglionek ere enperadorearen aldeko joerari helduko ziola. Hala ere, hori ez zitzaien axola beste kardinalei.  “Ahula, ezjakina eta fanatikoa” omen zen, baina hori ere ez zen traba izan haren alde bozkatzeko. Sabinako apezpikua zaharra zen, osasun arazoak zituen, itxialdiak errematea eman zekiokeen eta, hain zuzen, horrek guztiak egin zuen bereziki papabile. Behin-behineko aita santua nahi zuten, konpromisozkoa, bide laburra egingo zuena, baina gabeziaz betetako jauregi zahar hartako ateak irekiko zizkiena.

Bigarren konklabea lehena bezalakoa izango zen beldur, kardinalek Erromatik ihes egin zuten eta ez ziren 1243ra arte itzuli. Bi urte pontifizerik gabe egon eta gero Inozentzio IV.a izendatu zuten eliza katolikoko buru.

Horrenbestez, lehen konklabea ez zen eraginkorra izan, baina handik aurrera kardinalak giltzapean sartuko zituzten aita santua aukeratzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Gilen Konkistatzailearen oinordeko aberatsak

Hastings (Ingalaterra), 1066. Gilen I.a Normandiako dukearen gudarosteak Harold II.a erregearen tropak mendean hartu zituen, eta tronua eskuratu zuen. Gilen I.a Konkistatzailea 1087 urtera bitartean izan zen errege.

Normandiarren konkistaren ondorengo erregealdi horretan,... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Erorien monumentua eraistearen aurkako pintaketa faxistak egin dituzte Iruñeko Alde Zaharrean

Joseba Asiron alkatearen aurkako irainak margotu dituzte EH Bilduren egoitza batean.


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Eguneraketa berriak daude