argia.eus
INPRIMATU
Irakurleak galdezka
2016ko azaroaren 02a

Kaixo Jakoba. 2015ean intxaurrak jarri nituen loreontzi batean, hondarrarekin, eta orain zuhaitz txikia dago, hosto eta guzti, polita. Noiz atera behar da loreontzitik lurrean jartzeko? Eta nola sartu behar da lurrean, hondar da guzti?

Ramon Etxeberria Ihartza (Hernani)

Kaixo Ramon. Intxaurrondoak (Juglans regia) hostajea galduko du neguan. Soiltzen den sasoi hori baliatu behar da toki berrian jartzeko. Egokiena abendua da. Zuloa prestatu eta izotzik egiteko arriskurik ez dagoen egunetan landatu. Izotza harrotutako lurrean sustraietaraino sartuko litzateke… Nahi baduzu hondar eta guzti jarri. Lurrean orain dagoen maila berean sartu, ez sakonago ez harroago.

Landatzeko tokia ondo aukeratu. Intxaurrondoari lur harroa eta busti ahala azkar lehortzen dena gustatzen zaio. Lur buztintsu eta motelak ez ditu maite. Bestetik,  hazten denean inguruan izango dituen bizilagunak non dauden ere kontuan izan; tarte puska bat eman. Intxaurrondoa handi egiten da, handi-handia.