Nazioarteko araudi loteslearen bila, urrats txikiz

  • Joan den astean amaitu zuen bigarren lan saioa enpresa transnazionalen giza eskubideekiko erantzukizuna finkatzeko zeregina duen NBEko lantaldeak. Iazkoak bezala, adituei entzun eta informazioa jasotzea beste helbururik ez zuen aurtengoak, datorren urterako nazioarteko hitzarmen lotesle baten zirriborroa prestatze aldera. Biltzarrean aditu modura parte hartu duen Juan Hernandez Zubizarreta EHUko irakasleak azaldu digu NBErengandik zer espero daitekeen, eta herri mugimenduak zer eskatzen duen.

2013ko apirilean 1.127 pertsona hil ziren Dakhako (Bangladesh) eraikin hau behera jausi zenean. Hainbat transnazionalentzat arropa egiten zuten lau fabrika zeuden bertan, eta inork ez zuen neurririk hartu eraikinean arrakalak agertu zirenean. (Arg.: The J
2013ko apirilean 1.127 pertsona hil ziren Dakhako (Bangladesh) eraikin hau behera jausi zenean. Hainbat transnazionalentzat arropa egiten zuten lau fabrika zeuden bertan, eta inork ez zuen neurririk hartu eraikinean arrakalak agertu zirenean. (Arg.: The Japan Times)

2014ko ekainean, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen Kontseiluak –47 estatuk osatua–, Ekuador eta Hegoafrikaren proposamen bat aintzat hartuz, ezusteko erabakia hartu zuen: giza eskubideen alorrean enpresa transnazionalek duten erantzukizuna arautzeko Gobernuen Arteko Lantalde bat eratzea. Zehazki, nazioarteko itun lotesle bat proposatzea da lantalde horren eginkizuna.

Ohi bezala, Genevan (Suitza) egin zuen bilera Kontseiluak. Bitartean, kanpoko aldean, gizarte zibileko ehunka kidek Herrien Epaitegi Iraunkorrean parte hartu zuten, estatuetako ordezkarien erabakian eragin nahian. Urrats txikia izanagatik, pozez hartu zuten albistea, ordura arte nagusi zen joera hautsi baitzen. “Transnazionalei buruz hitz egiteko garaian”, azaldu zuen orduko hartan Juan Hernandez Zubizarreta nazioarteko zuzenbide irakasle eta Herrien Epaitegiko kideak, “NBEren logika arau bigunen logika izan da, enpresa-etikaren barruko erantzukizun korporatiboaren logika, norberaren borondatearen araberakoa”. Hitz lauz esanda, zigorrik ekar lezakeen arau loteslerik ez, eskerrik asko.

Giza Eskubideen Kontseiluak onartutakoaren arabera, lantalde berriak adituei entzun eta gaiari buruzko informazioa biltzeko erabili behar ditu lehen saio biak, alegia, 2015ekoa eta 2016koa. Etapa hori joan den astean egindako bileran amaitu zen, eta hurrengo pausoa, 2017an, nazioarteko hitzarmen baten zirriborroa aurkeztea eta eztabaidatzea izango da.

Ezin igarri noizko adostu litekeen itunaren behin betiko testua, NBE oso biorritmo geldoko erakundea baita, eta azkenean indarrean sartuko den ere ez dago ziurtasun osoz esaterik, besteak beste erresistentzia handiak daudelako NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan bertan. Estatu aberatsenek (AEB, Japonia, Europar Batasuneko guztiak…) Gobernuen Arteko Lantaldea sortzearen aurka bozkatu zuten. Txina eta Errusia izan ziren aldeko botoa eman zuten potentzia bakarrak, “seguruenik geoestrategia arrazoiengatik”, Hernandez Zubizarretaren iritziz.

Inpunitate sistematikoaren aurka

“Ez dakigu lantaldeak aurkeztuko duen zirriborroak noraino egingo duen bat gure eskariekin”, azaldu digu EHUko irakasleak. Batetik, herri mugimenduko ordezkari joan da Hernandez Genevara, Dismantle Corporate Power (Korporazioen Boterea Eraitsi) nazioarteko kanpainaren kide gisa. Baina aurten ofizialki ere parte hartu du Kontseiluko bileran, gonbidatutako adituetako bat izan baita.

Ohikoa denez, gizarte zibileko elkarteek euren aldarrikapenak eraman dituzte Genevara, Giza Eskubideen Kontseilua bilduta egon den bitartean. (Arg.: Dismantle Corporate Power)

“Gaur egun, eta horixe esanez hasi nuen nire agerraldia, transnazionalen inpunitatea sistematikoa da”, dio. “Botere izugarria dute, botere politikoa, ekonomikoa, mediatikoa eta juridikoa. Azken horri dagokionez, arrazoia da desoreka handia dagoela transnazionalen eskubideen eta betebeharren artean. Lehenbizikoak babesten dituen zuzenbidea gogorra da, eta betearazi egiten da. Aldiz, haien betebeharrak giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak arautzen ditu, eta zuzenbide hori ahula da”.

Adibide bat: Lanaren Nazioarteko Erakundeak umeen lanaren aurkako hitzarmena izan arren, estatu batek onar dezake adin batetik gorako haurrek lan egitea, eta bertan ari den transnazionala horretaz balia daiteke estatu horretako legedia urratzen ez duen bitartean, nazioarteko zuzenbideak ez baitio eragozten.

“Nazioarteko zuzenbideari hortz-haginak falta zaizkio”

Dismantle Corporate Power kanpainak eskatu du, hain zuzen ere, NBEk proposatu behar duen itunak transnazionalak behartzea, une oro eta dauden herrialdean daudela, nazioarteko zuzenbidea errespetatzera, tokian tokikoa ez ezik. “Horrez gain, uste dugu, eta hau oso garrantzitsua da guretzat, hori guztia betearaziko duen auzitegi bat sortu behar dela”, dio Juan Hernandez Zubizarretak; “izan ere, aditu askok esaten duten bezala, nazioarteko zuzenbideari hortz-haginak falta zaizkio, ez du hozka egiten. Oso hitzarmen onak eduki ditzakezu, baina betearaziko duen organorik ez badago ez du askorik balio”. Edozein kasutan, mota horretako nazioarteko auzitegi bat sortzea oso helburu zailtzat du irakasleak, “ez baita batere erraza izango estatuek halako zerbait onartzea”.

Hainbat elkartek eskatu dute transnazionalek egiten dituzten giza eskubideen urraketak epaitzeko nazioarteko auzitegi bat sortzea, baina ez da erraza izango estatuek hori onartzea

Ezaugarri horiek dituen auzitegirik sortzen ez den bitartean, zuzenbidean estraterritorialitate esaten zaiona erabil liteke transnazionalek giza eskubideei egindako urraketak salatu eta epaitzeko; Dismantle Corporate Power kanpainaren beste eskarietako bat da hori. “Estraterritorialitateak lekarke edonork salatu ahal izatea transnazional bat, ez eskubide urraketa gertatu den herrialdean bakarrik, baizik eta transnazional horrek egoitza nagusia duen tokian”, azaldu du Hernandez Zubizarretak.

2013ko apirilean Bangladesheko hiriburuan, Dakhan, 1.000 pertsona baino gehiagoren heriotza eragin zuen eraikinaren erorketa ekarri du gogora irakasleak. Eraikinaren egoera tamalgarriak eragin zuen ezbeharra; arrakala handiak agertu arren, langileek bertan jarraitu zuten, hainbat transnazionalentzat arropa egiten. “Enpresa horietako bat El Corte Inglés espainiarra da; bada, estraterritorialitatearen neurria ezarriko balitz aukera legoke, gaur ez bezala, Bangladesheko gertakariak direla-eta El Corte Inglésen aurka salaketa jartzeko Madrilgo epaitegi batean”.     

Erantzukizuna nori dagokion finkatzea, erronka handienetakoa

Adibidetzat enpresa hori ipintzea ez da  kasualitatea. Izan ere, El Corte Inglések ez du modu zuzenean lan egiten Bangladeshen, bertako enpresak azpikontratatuz baizik. “Baldintzak berak ezartzen ditu ordea; transnazionalek erabil ditzaketen bitarteko juridiko ugarietako bat da: tokian tokiko enpresak kontratatzea. Azkenean, zer erantzukizun zibil, penal… izan du El Corte Inglések Bangladeshen? Bat ere ez”. Sortu behar den itunak hori saihesteko arma izan beharko litzatekeela uste du Hernandezek: “Ekoizpen-kate osoan ezarri behar da erantzukizuna”.

Transnazionala zer den definitzea izango da, hain justu, Giza Eskubideen Kontseiluko lantaldearen zereginik zailenetako bat. Eta estatu aberatsenen nahiaren aurka egin beharko du. Gizarte mugimenduan dagoeneko sortu da zalantza: boteredunek erabat urardotzea lortuko balute, merezi luke nazioarteko hitzarmena egitea? Denborak esango du, eta itxura osoz, ez da denbora laburra izango.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Enpresa transnazionalak
2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Iberdrolak 4.803 milioiko irabazi garbia izan zuen 2023an

% 10,7ko igoera izan du aurreko ekitaldiaren aldean; iaz, 4.339 milioiko errekorra lortu zuen. Hala ere, Ignacio Sanchez Galan presidenteak irabazi elektrikoen kargaren aurka egin du.


Repsol, demonioak hemen eta han

Davoseko talaimendi distiratsu eta zuritik hitz egin digu Repsoleko sheriffaren ahotsak, denok entenditzeko moduan: “We have to broaden our mind”. Alegia, mentalitatea zabaldu behar dugula, ezin dugula pentsatu erregai fosilik gabe bizi gaitezkeenik. Ze uste zenuten... [+]


Repsol, demonioak hemen eta han

Davoseko talaimendi distiratsu eta zuritik hitz egin digu Repsoleko sheriffaren ahotsak, denok entenditzeko moduan: “We have to broaden our mind”. Alegia, mentalitatea zabaldu behar dugula, ezin dugula pentsatu erregai fosilik gabe bizi gaitezkeenik. Ze uste zenuten... [+]


Eguneraketa berriak daude