Bigarren Mundu Gerraren ondoren Frantzian eraiki zen diskurtsoaren arabera, herrialdea Erresistentziak askatu zuen, frantziar ia guztien babes heroikoari esker. Berriki, Oxfordeko Unibertsitateko Robert Gildea historialariak, Fighters in the shadows liburuan, bertsio horren pitzaduretan sakondu du. Haren esanetan, erresistentzia ez zen hain frantziarra izan, atzerritarrek pisu handia izan zuten mugimenduan eta historialariak nahiago du "Frantziako erresistentziaz" hitz egin. Gainera, ez omen ziren De Gaullek berak esan bezain gaullistak; komunistek rol erabakigarria jokatu zuten. Azkenik, emakumeek izan zuten garrantzia ere aitortu nahi izan du Gildeak.