Frantziako armadak Israeli kopiatu nahi lioke herritarren mobilizazioa

  • 2015etik Hexagonoan ugaritu diren atentatu islamisten beroan, Israelgo estatuaren segurtasun eredua kopiatzeaz ari dira politikariak, kazetariak eta baita juez izarrak ere. Askok ohartarazi duten arren Israel eta Palestina giza eskubideen Guantanamo kamuflatu bat direla gaur, Israelen zer kopiatua asko aurkitu dute frantses agintariek. Bat, erreserbista zibilen mobilizazioa sustatzea militarren lana errazteko.

AP agentziak banatutako argazkian, israeldar kolono ultraortodoxo armatua militarrekin elkarlanean Zisjordaniako errepide batean, 2014ko udazkenean. Israelek segurtasun teknologia aspalditik esportatzen du mundu osora eta orain, Ekialde Hurbileko gatazken
AP agentziak banatutako argazkian, israeldar kolono ultraortodoxo armatua militarrekin elkarlanean Zisjordaniako errepide batean, 2014ko udazkenean. Israelek segurtasun teknologia aspalditik esportatzen du mundu osora eta orain, Ekialde Hurbileko gatazken astinduak Europako hiriburuetaraino iritsi direnean, lider europarrek kopiatzeko gauza asko aurkitzen dizkiote haien segurtasun estrategia osoari. Ahazturik estrategia antolatu dela nazioarteko lege humanitarioak sistematikoki zanpatzearen kontura.

Frantzian eztabaidagai da gaur herritar zibilen eta armadaren parte hartzea borroka antiterroristan. Esan nahi baita, 2015az geroztik ugaritu diren atentatuek hauspoturik, militar edo polizia ez direnek nola esku hartu horiei dagozkien betekizunetan, eta bestetik nola integratu gero eta gehiago barne segurtasun aferetan armada.

Le Monde Diplomatiqueren webean daukan Defense en ligne (Defentsa lerroan) blogean Philippe Leymariek aipatu ditu Parisko legebiltzarraren enkarguz aurkeztu diren bi proposamen. Bata da Jean-Marie Bockel eta Gisele Jourda senatariek landutako “Garde Nationale”: erreserba militar sendo eta territorializatua krisiei aurre egin ahal izateko. Bestea Olivier Audibert Troin eta Christophe Leonard diputatuek aurkeztua: Armada nazioaren eremu barruan erabiltzeaz.

Troin eta Leonard diputatuek funtsean aztertu dituzte militarrak estatu barruan erabiltzeko Belgikak, Britainia Handiak eta Israelek dauzkaten ereduak. Aldaketa handietan sartuta gaude, titulu honek erakusten duenez: Paradigma aldaketa 2015ean: Armadaren esku hartze iraunkor eta masiboa eremu nazionalean, mehatxuaren iraupenak eta intentsitateak justifikaturik.

Israelen hautaketak ez luke inor eskandalizatu behar, diputatuen ustez: afera soilik omen da “aztertzea demokrazia bat nola egokitu zaion epe luzeko mehatxu terrorista bati, alde batera utzirik batzuek borroka armatuari ekitearen kausa eta motiboez egin ditzakegun irakurketa politikoak”. Arima bihozberak lasaiturik, hona Israel.

Terroristak beren ehizakiak diren hirietatik ahalik eta urrunen gelditzea da Israelen lehentasuna. Horretarako, armadako militarrek zaintzen dituzte fronterak eta informazio zerbitzuek etxe barrua. Israelgo mugen inpermeabilizatze mailak ezagunak dira, sarbide nagusia den Ben Gourion aireportuaren kontrol neurri txit zorrotzak, Palestina autonomo mutilatutik babesteko harresi fisikoa, eta abar luzea.

Israel barnean, hiru informazio zerbitzu nagusi: Aman armadaren atala;  atzerrian espioitza egiten duen Mossad (Frantzian gaur DGSE litzatekeena); eta barruko kontraespioitzarako Shin Beth (Frantzian lehen DST zena, gaur DGSI).

Ofizialki Shabak deitzen den Shin Bethek berak bakarrik dauzka 7.000 agente. Proportzioan, Frantziak edukiko lituzke 55.600… gaur dauzkan 4.400en tokian. Atal nagusietan banatua –operazio bereziak, kontraintsurrekzioa, ziber-gerra, gehi eskualdekako adarrak–, bakoitzak autonomoki dihardu informazioa bildu, analizatu eta operazioak burutzen.

Hiri bakoitzeko azpi-atala ere arras autonomoa da kontraespioitza lanetan. Shin Bethek familia bakoitza eta herritar bakoitza kontrolatzen du zona “bero” deituetan. Agente asko daude eremuotan luzaz infiltraturik, inmersio ereduan. Zerbitzuen koordinazioa pool edo batzorde moduan burutzen dute, baina azken hitza beti daukate Armadaren ordezkariek.

Israelgo armada berez mugen zaintzan dago berezitua, kanpoko etsaiei begira. Baina, ordainetan, barruko polizia oso dago militarizatua eta gainera arma asko daude herritarren artean banatuak, beti militarren kontrolpean.

Eredu antiterroristaren beste bi zangoak dira, batetik Magav izeneko poliziak 18.000 agenterekin, gehi 1.500 erreserbista, eta armada, Tsahal ospetsua, zeinaren eginkizun nagusia diren mugen zaintza eta Israelek okupatutako Golan eta Zisjordaniaren kontrola. Zisjordaniaren sailkapen militarrean, C zonaldea Israelgo armadaren kontrolpean dago osorik, A eremua da Palestinako Aginte Nazionalari dagokiona –bere menpeko baldintza guztiekin– eta B eremua elkarlanean kontrolatzen dute ofizialki.

Gazte prekarioen bila

Hautetsi frantsesei biziki interesatu zaie militar israeldarrek erreserbistentzako garatuta daukaten egituraketa sendoa.Edozein segurtasun krisiren aurrean  Tsahalek prest dauzka erreserbistaz osatutako hogei dibisio, ehunka mila gizon eta emakume.

Izpiritu militarrak lurrindu du Israelgo gizarte osoa. Eskoletatik hezten dituzte israeldarrak segurtasun ereduan, umetan hasita. Eta arma asko daude herritarren eskuetan. Horrela konpentsatzen dute, ulertu dute frantsesek, kaleetan uniformezko poliziek daukaten ikusgarritasun ahula. Populazioaren %3k dauka arma baimena, Frantziako biztanlegoari egokituz bi milioi liratekeenak. Datu ofizialen arabera, gaur egun arrisku terroristen %25 haiek geldiarazten omen dituztenez, estatuaren asmoa da aurrerantzean arma horiek geolokalizatu eta koordinatzea edozein alertatan.

Troin eta Leonard diputatuen lanaren paraleloan, Parisko Senatuan Jean-Pierre Raffarin lehen ministro ohia buru duen Defentsa batzordeak landu du erreserba zibila hobetzeaz txosten zabala, Jean-Marie Bockel eta Gisele Jourda senatariek koordinaturik. Datozen urteotan zibilen artean militarrek lana nola egingo duten pistak ematen ditu.

Frantziak baditu armadaren bi erreserba, Gobernuak arrisku graduaren arabera mobilizatu ditzakeenak. Gainera badira Estatuaren funtzionarioz osatutako erreserba zibilak, senatarien ustez, gaurko beharren aurrean ondo koordinatu gabe daudenak. Armadaren estatu gorenak, diote, estuagotik koordinatu behar ditu erreserbista zibilak, militarren izpirituz blaitu, Frantziaren defentsa gai nagusien jakitun egin. Eredua izan omen daiteke ziber-defentsan –Internet eta eremu digitalaren zaintzan– ari diren erreserbistekin militarrak burutzen ari diren lanketa.

Operazio militarretarako deitua izan daitekeen erreserba zibilak bere errekrutatze iturriak dibertsifikatu behar ditu, bereziki gazteen artean. Senatariek oroitarazten dute Defentsako kodeak baimentzen duela 17 urtetik gorako edozein gazte engaiatzea: “Gazteei deitzeak ahalbideratu behar du armada-nazioa lotura sendotzea, ondoren, kohesio nazionalaren sendotzeko oinarrietako bat delarik. 15-20 urteko adin tartea da helburuotako tresnarik baliotsuenetakoa eta horietan zentratu behar da lehentasunez. Bestetik, lurralde nazionalaren defentsari dagozkion behar operazionalak daude, eta gaur armadek ‘beso’ horiek behar dituzte beren funtzio estrategikoa betetzeko”.

Lan bila dabiltzanak omen dira erreserbisten beste sehaska bat. Armadarekin elkarlanean asko ikasi dezakete, esperientzia irabazi. “Pôle Emploi [enplegu bulego] eta militarren arteko elkarlanak fruituak emango ditu erreserbetan”. Aldikako lanak egiten dituzten prekarioak militarrei hurbiltzeko, Defentsak eta Adecco ETTak elkarlana abiatu dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gerra
Nola obedituko diot eroari

1997. Aguraingo Intsumiso Eguna. Antimilitarismoak milaka lagun biltzen zituen bere ekimenetan, artxibotik berreskuratu dugun argazki honetan ikusten den moduan. Aurten 30 urte beteko dira Intsumiso Eguna ospatzen hasi zirela.


Gerra danbor hotsak Europako Batasunean

Urtebete pasa da Mendebaldeari Ukrainako gerra okertu zitzaionetik. Xakean esaten da jokalari bat zugzwang posizioan dagoela egin dezakeen edozein mugimenduk kaltetuko badu. Mugimendurik egin beharko ez balu berdinketa lortuko luke, baina bere txanda bada, bereak egin... [+]


Israelgo Armada hornitzen duten petrolio konpainiak, gerra krimenen konplize?

Israelek 2023ko urrian Gazako sarraskia hasi zuenetik, petrolioa jasotzen aritu da itsasoz munduko txoko askotatik, petrolio enpresa handienek hornituta. Petrolio horren zati bat armada hornitzeko erabiltzen da palestinarren kontrako erasoekin segi dezan.


Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Eguneraketa berriak daude