Aurreko aste osoan zehar frantziar agintariek Calaisko kanpalekua eraitsi dute. Plastikozko txabola eta dendez osaturiko herrixka horretan bizi ziren 6.500 etorkin, Erresuma Batura igarotzeko zain, horietako asko asilo egoera eskatuta gainera.
Calaisen milaka lagunek baldintza jasangaitzetan irauten zuten, hotza, hezetasuna, apenas hamar komun mugikor eta iturri gutxi batzuekin higienerako oinarrizko beharrei erantzuteko. Leku horri Jungla deitzen zioten, “legerik, babesik eta giza eskubideen gutxieneko aitortzarik gabeko espazio bat” zelako. Badirudi Frantziari lotsa ematen diola egoera horrek eta bere aurpegia garbitu nahian nabil, arazoa konpondu beharrean.
Europako bihotzaren erdian dagoen jungla ez dute migratzaile politiko eta ekonomikoek sortu ordea. Europa “elegante” eta “demokratikoak” sortu du, babeserako eskubideari muzin egin eta etorkinen kontrako politikak ezarriz. Han eta hemen harresiak altxatu ditu, bazterkeria soziala sustatu du eta krisi humanitarioaren aurrean hartutako konpromiso apur eta zekenak bete gabe utzi ditu. Krisi horrek dozenaka milaka migratzaile mugiarazi ditu europar kontinentera, beste milaka “paradisu” edo El Dorado partikular honetara iristeko bidean hil diren bitartean.
Kapitalismoaren aurpegia horixe da, horretarako baititu kudeatzaile onenak eserita Europako Parlamentuko eta gobernuetako besaulkietan. Jungla hori ezabatzeko, lehenik onartu beharko genuke Europak berak sortu duela, eta erantzukizuna duela horretan; ondoren, hartutako konpromisoak bete; eta migrazio fluxuak jatorrian saihesteko politika sozio-ekonomiko globalei ekin: herrialde horietan inbertitu behar da, beren baliabide naturalak esplotatu ordez.