Etxerik gabekoen borroka Sao Paulon: okupazioa

  • Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten Era o Hotel Cambridge (Cambridge Hotela zen) filma, etxerik gabeko 700 lagunek okupatu zuten hogei solairuko hotel abandonatuari buruzkoa. Etxe okupatuetan 4.000 familiatik gora bizi dira Sao Paulon eta hango herri mugimenduen borroka esparru indartsuenetako bat da.

Behinola Cambridge hotela zen eraikina okupatu zuten etxerik gabeko 700 lagunek Sao Paulon, FLM mugimenduak antolatuta.
Behinola Cambridge hotela zen eraikina okupatu zuten etxerik gabeko 700 lagunek Sao Paulon, FLM mugimenduak antolatuta.

“Zorte handia da dokumentalaren eta fikzioaren arteko film hau Donostiako Zinemaldian aurkeztea, baina zorte handiagoa da nire alboan emakume hau izatea: Carmen Silva Ferreira. Ez badakizue zein den, Brasilgo etxebizitzaren aldeko borrokaren benetako liderretako bat da, oso errespetatua”, dio zuzendariak protagonista nagusia aurkeztean.

“Ikusiko duzuen filma Brasilgo errealitatearen isla da, milaka lagun bizi dira kalean, fabelak hazten doaz hirien kanpoaldean, eta aldi berean milaka etxe eta eraikin huts daude abandonatuta hiriaren erdialdean –goxo eta tinko hitz egiten du Silvak–. Sistema oso injustua da ordea, Sao Paulon bertan adibidez, gobernuak etxe hauek babesten baititu, bertara sartzen den jendea berriz ere kalean utziz legearen izenean. Etxebizitza hauek abandonatu eta zergetan estatuari dirutza zor dioten jabeen morroi lana egiten du estatuak; ez du zentzurik”.

Carmen Silva lehen planoan, filmeko une batean.

1980ko hamarkadatik etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduak kalean lanean aritu diren arren, arazoaren larria ikusita, mugimendua bateratu eta 2003ko gau batean, 2.800 pertsonak lau eraikin okupatu zituzten Sao Paulo erdialdean, mahai gainean kolpea joz. 20 urtetik gora hutsik zeramatzaten apartamentu eta gela hutsetan beren etxebizitzak antolatu zituzten masiboki. Sao Paulon esparru horretan lanean ari ziren mugimenduek ekintza zuzenaren bidez etxerik gabeko langileei eta gizarte bazterketan erortzear ziren herritarrei ikusgarritasuna ematea helburutzat hartu zuten. Hiriaren erdigunean eraikinak okupatzen hasi ziren larrialdiko etxebizitza plan bat eskatuz. 2004an formalizatu zen mugimendua, hainbat eragileren koordinazio gune gisa eta FLM izena jarri zioten: Frente de Luta por Moradia (Etxebizitzaren Aldeko Borroka Frontea). Beren webgunean informazio asko daukate. Egun, esparru hau lantzen duten mugimendu gehiago ere badaude.

Etxerik gabeko herritarrak antolatzen

Quem não luta está morto” oihuka amaitu duten asanblada dokumentatu dute Era o Hotel Cambridge filmean. Eraikin osoko biztanleak batu dira, lehen solairuan, Carmen Silvak esateko duena entzutera.

“Gaur okupazioaren festa egingo dugu. Denok hartuko dugu parte, eta gure artean berriak zaretenok, derrigor etorri behar duzue. 48 ordu iraungo ditu eta beste hiru bloketako lagunak ere bidean dira”. Gauez Sao Paulon barrena ziztu bizian doazen hainbat autobus ikus daitezke segidan. Erdialdeko eraikin huts baten aurrean geratu, borrarekin hormigoiz zigilatutako atea berehala hautsi eta minutu gutxian ehunka lagun barrura sartu dira. Ikuslea arnasik gabe uzteko modukoa da irudiok transmititzen duten tentsioa. “Aurrera, sartu, azkar, zure etxea da!” eta “etxebizitza eskubidea da, aurrera!” gisako animoak ematen dizkie Silvak banan-banan autobusetatik korrika jaisten ari diren eta Amerikako metropolirik handienean etxerik gabe bizi diren adin guztietako paulistanoei. Behin denak eraikin abandonatuan sartutakoan, autobusek alde egin, atea nola hala bueltan itxi eta minutu gutxian polizia militarra etorri da, bozgorailuetatik ateratzeko esanez. Ezetz erantzungo diete barruan dauden ehunka lagunek. FLMko banderak zintzilikatuko dituzte leihoetan. Beste eraikin bat okupatuta. Beste borroka fronte bat irekita.

BBCk 2015eko martxoan Bizitza Sao Paulon etxerik gabeko pertsonek okupatutako hoteletan izeneko erreportajean jasotzen dutenez, Polizia Militarraren arabera, 2013 hasieratik 2014 amaierara, 681 eraikin edo lursail okupatu zituzten. 2015ean 4.000 familia inguru bizi ziren Sao Pauloko erdigunean herri mugimenduek okupatu eta koordinatutako eraikinetan.

Fenomeno politiko hau aztertzen duen Belgikako Lovainako Unibertsitate Federaleko Jeroen Stevens urbanistak honela azaltzen du funtzionamendua: “Agenda komuna daukate okupazioentzat. Gizartean askok ez zeukaten pertsonen betebehar eta eskubideen inguruko kontzientzia eragiteko egiten dute lan”.

Mugimendu hauek hiriko erdigunean bizitzeko egin dute hautua, eta beraz, eszenatoki publikoan parte hartzeari buruzko eztabaida hedatu dute, Janaina Aliano Bloch soziologoak Sao Pauloko erdiguneko etxebizitzaren aldeko borroka lan mamitsuan idatzi duenez. “Beren aldarrikapenak ez dira bakarrik espazioaren segregazioaren aurkakoak, esklusio sozial eta politikoaren kontrakoak ere badira. Eztabaida politikotik kanpo uzten dituzten herri mugimendu hauek beren lekua aldarrikatzen dute”, dio Janaína A. Bloch-ek.

Beste 23 familiarekin batera bizi den Jehova meatzariarekin mintzatu dira BBCn. Ordura arte okupazioak “barrabasen gauza” gisa ikusten zituela dio, hauetako batera bizitzera joan behar izan zuen arte. Gutxiengo soldatarekin alokairua ere ordaintzeko gai ez diren milaka herritar prekarioren patua da: Kalean lo egin, hiriaren kanpoaldera fabela batera miserian bizitzera joan edo etxe bat okupatu.

2007ko maiatzean, Amnistia Internazionalak Sao Paulo erdialdean okupatuta zegoen beste eraikin bat bisitatu zuen. Hau FLMko parte den MSTC mugimenduak kudeatzen zuen eta ordezkaritza ia osoa emakumeek osatzen zuten. AI-k azaldu zuen mugimenduarekin bat egiten zuten familia ia guztiak emakume baten esku zeudela, gehienak bazterkeria sozialetik gertu. AI-k mahai gainean jarri zuen MSTCko emakumeei oso ongi etorri zitzaiela mugimendu bateko parte izan eta askok lehen aldiz, aktibismo politikoan eta lidergoan esperientzia izatea. Brasilgo mugak gainditzea lortu zuen kanpaina indartsu baten ostean, Udalak eraikineko biztanle guztiei hirian etxebizitzak hitzemateko balio izan zien.

Lurra urre eta espekulatzaileak pozik

MTSTko buruzagietako bat den Ghilherme Boulos elkarrizketatu dute 2015eko abenduan Ctxt gunean. Bere hitzetan, “etxegabeen borroka asko hazi da krisi ekonomikoaren aurretik sakondu zen krisi urbanoagatik. 2004an higiezinen enpresei emandako kredituak 5.000 milioi erreal ziren, 2014an 102.000 milioi erreal izatera iritsi ziren, hau da, %2.000ko igoera. Horrekin batera, etxebizitzen prezioa zortzi urtean %212 igo da Sao Paulon, %260 Rio de Janeiron. Horrek jendearen kanporatzea dakar. Hirian gentrifikazioa oso indartsua da, eta Munduko Futbol Txapelketak eta Olinpiar Jokoek azkartu egin dute. Jendea erdigunetik oso urrun dagoen guneetara kanporatzen ari dira, eta nahiz eta 3 milioi etxebizitza publiko eraiki, oraindik ere prezioak gora doaz. Brasil etxegabeak sortzeko makina bat da”.

Brasilen lurra urre bihurtu zen bere hitzetan, eta alokairua, berriz, ordaindu ezinezko zerbait. Okupazioak ez dira soilik Sao Paulon izan, herrialdeko beste hainbat hiritan ere praktika zabaltzen doa. “Nire ustez, etxebizitzaren espekulazioaren leherketarekin zuzenean lotutako fenomenoa da”, dio Boulosek.

Cambridge hotelera itzulita, 2014ko irailaren 16an, azkenean eraikina hustu egin zuten 250  polizia militarrek, sei hilabetez bertan bizi ostean 700 lagun kale gorrian utziz berriro. Istilu handiak izan ziren hirian etxebizitza defendatzera joandakoen eta polizia militarraren artean. Egunkariek kroniketan jaso zuten autobus bati su eman ziotela manifestari batzuek eta poliziak gomazko balak, gas negar eragilea eta soinu granadak bota zituela.

Donostiako Zinemaldian, Carmen Silva ekintzaile eta protagonisteta nagusietakoak filmaren ostean txalo zaparrada jasota aldarria argitu die bertaratutakoei. Ez dute ezer dohainik nahi. Beren etxea ordaindu nahi dute, bidezko prezioan.

“Hedabideek ixilarazi arren, hemen arazoa kapitalismoa da. Lekuan leku forma aldatzen du eta Brasilen oso basatia da”, aldarrikatu du Silvak. Dokumentala mundu mailan proiektatuz presio egiten jarraituko dute, baita kalean etxerik gabeak antolatzen ere. Izan ere, etxebizitza eskubidea praktikan jarriz aldarrikatzen dute. Dioten moduan, borrokarik egiten ez duena hilda dago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Okupazioa
2024-01-23 | Gedar
Zestoako Gaztetxearekin elkartasunez, Eliza seinalatzen jarraitzen dute

Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.


2024-01-19 | Gedar
Euskal Herrian izan den apostasia kolektiborik handiena ari dira egiten Zestoako Gaztetxearen alde

Gipuzkoan, 700 apostasia eskaera baino gehiago lortu dituzte Zestoako Gazte Asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak. Bihar protesta bat egingo dute Donostiako Artzain Ona katedralean, aurrera baitoa Gaztetxearen kontrako prozedura: hilaren 24an... [+]


2023-12-18 | Garazi Zabaleta
Otxantegi Herri Lurrak
Lurra negozioa egiteko ala elikadura eta bizitza duinerako?

Lurrak espekulaziorako eta dirua egiteko helburu bakarrarekin darabiltzaten jabeak badira Euskal Herriko hamaika txokotan; horren adibide nagusi izan dira azken urteotan Arbonako, Senpereko eta Kanboko esperientziak. Baina Hego Euskal Herrian ere badira antzeko kasuak; Uribe... [+]


Donostialdeko okupazio bulegoak hamargarren urteurrena ospatuko du

Donostialdeko okupazio bulegoak hamar urte beteko dituela eta, urteurren festa antolatu du astebururako. Ostiralean mahai ingurua egingo dute Parte Zaharreko Birunda gune autogestionatu berrian, Etxebizitzaren defentsan, antolakuntza esperientziak ezagutzeko. Bertan izango dira... [+]


Errekaleorren 10. urteurreneko ekintzetan jasandako polizia jazarpena salatu dute

Errekaleor Bizirik auzoaren hamargarren urteurrena ari da ospatzen. Adierazi dutenez, 24 orduan lau identifikazio eta hiru isun jasan dituzte. Isunak mozal legea aplikatuta jarri dizkiete.


Eguneraketa berriak daude