Baratzeaz hitz egiten baino, kaka-solasean aritu zara Altza Porruko zure tartean, Asisko…
Beno, hiritarra naiz ni, oso oso iruindarra, eta familian hurbileko inor ez dut sekula baserrian izan. Orain, nire bizitza egin dudanean, lurrarekin lotura badut, baina benetan oso berria da harreman hori. Eta harrigarria egiten zait ikustea nola lurrak dena irensteko ahalmena duen. Lana ematen diogu lurrari etengabe, ustiatu egiten dugu… eta zer itzuli diezaiokegu guk berari? Bada, gure kaka! Ama-lurrari ematen digun guztia estimatzeko nik ahal dudana itzultzen diot.
Goizean goizeko komuneko bisita aukera paregabea da imajinazioa eta sormena pizteko, ezta?
Egiazki. Hasieran, etxe atarian txabiske hori, kakategia, eraiki nuenean, liburu pare bat utzi nituen bertan. Baina gero ohartu nintzen egunerokoan, paisaia aurrean izanda, denbora gaizki inbertitzea zela irakurtzea. Nire eguneroko luxu ttipia da, nire buruarekin egoteko tokia, natura nola aurkezten den ikusteko egokia: eguzkia altxatzen, kurriloak pasoan, xomorro bat pasatzen… Une horiek niretzat izugarrizko terapia dira. Eta askotan burua erdi nirvanan uzten den momentu horietan etortzen dira ideiak, sormena eta egunari hasiera aldarte onez emateko umorea.
Baratzerik izan duzu noizbait? Gauza askotarako balio du baratze batek.
Lehen, Iruñean bizi nintzenean, ez nuen baratzerik, baina orain hemen bai. Ni lanbidez etxaperro bat naiz: etxeko txakurra. Etxaperro esaten zaio Otxagabian eta Iruñerrian etxean lan egiten duenari, eta nik normalki etxean marraztu izan dut. Orain berriz, baratzera ateratzen naiz askotan marraztera. Altza Porruko komiki ia guztia baratzean marraztu dut, eguraldi ona aprobetxatuz. Baratzeak erabilpen anitza dauka, beraz.
Erotikotik ere izan dezake zerbait…
Noski, bistan da! Euskaldunok kaka-solasa eta sexu-solasa oso gutxitan erabili izan ditugu modu zuzenean. Kantu eta testu zaharretan, ordea, metaforen bidez agertu izan dira: Tolosako kopla zahar horietan, adibidez, “utzi bakean porrua eta ez jan sagar errea” ziotenean, ez dut uste dietetikaz ari zirenik (kar, kar)… Nik uste baratzea naturala eta sanoa den aldetik, larrua jotzeko ere leku paregabea dela! Landareek, gainera, ez dute lotsarik, beren erotismoa manera lotsagabean erakusten dute, eta ikaragarri interesatzen zait hori.
Liburuko aurkezpenean zure burua pepino aurpegiarekin marrazteak zer esan nahi du?
Hemen, subliminalki begiratuz gero, segur aski zerbait falikoa aterako litzateke. Bestalde, Marko Armspach marrazkilari eta laguna urteetan egon da nire karikatura egin nahian, eta asko kostatu ondoren lortu zuen: pepinillo luze-luze bat marraztu zidan, eta oso ongi lortu zuen ni irudikatzea. Geroztik, nik uste Markok egindako pepino hartan ikusten dudala nire burua.